Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko Lehen Plan Estrategikoaren irizpide nagusiak aurkeztu zituen joan den apirilean, eta plana egiten parte hartu zuten ikastetxeen eta hezkuntza komunitateko kideen aurrean aurkeztu du gaur. «Gaur, Euskal Eskola Publikoaren etapa berri bat hasiko dugu. Etapa hori urratsez urrats eraikiko da, erabakiz erabaki, ikasgelaz gela. Norabidea argi dago, eta saila zuen ondoan ibiliko da: entzuten, aholkuak ematen eta beharrezko baliabideak ematen», adierazi du Pedrosak.
Bilbon egindako ekitaldi batean aurkeztu du Pedrosak plana, eta proiektuaren printzipioak, helburu estrategikoak eta jarduera ildo nagusiak zehaztu ditu. Are, nabarmendu egin ditu planaren «izaera eraldatzailea, ikuspegi pedagogikoa, sistema publikoa etengabe hobetzeko konpromisoa eta hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa». Ekitaldira bertaratu direnek, gainera, mahai inguru bat ere egin dute, elkarrekin gogoeta egiteko.
Pedrosak adierazi duenez, aurreikuspenen arabera, datozen asteetan informazio saioak eginen dituzte sare publikoko zuzendaritza taldeekin, plana hedatzen laguntzeko, zalantzak argitzeko, proposamenak jasotzeko eta plana ikastetxeetan errotzen laguntzeko. «Badakigu eskola eraldatzeak ezagutza, konpromisoa eta konfiantza behar dituela, eta bide hori elkarrekin egiteko gonbidapena da plan hau», adierazi du.
Hamar ardatz
Planak hamar ardatz estrategikoren inguruan antolatuko du eraldaketa, lau alderdi nagusitan banatuta. Oinarriak zein izanen diren aurreratu dute: ekitatea, berrikuntza pedagogikoa, irakasleen sustapena, hezkuntza lidergoa, etengabeko hobekuntza eta ikasleen ongizatea.
Adierazi dute, gainera, Hezkuntza Lege berria hedatzeko «funtsezko oinarrietako bat» dela plana: «Euskal eskola publikoa indartzeko eta oraingo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko etapa erabakigarri baten
hasiera da».