Eskolaren enborra sustraitzera

Euskal eskola publikoan «gutxienekoen hitzarmena» erdiesteko dokumentua aurkeztu dute BIHE, EHIGE eta Sarean elkarteek. Nabarmendu dute hezkuntza atera egin behar dela eztabaida eta egitasmo politikoetatik.

Sondikako Gorondagane ikastetxeko haurrak. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Bide propioa egin izan du Euskal Eskola Publikoak, eta bide hori jorratzen jarraitu nahi du, autonomiaz, abagune politikoetatik aldenduta, gizarteari begira, kalitatezko zerbitzua eskaintzeko. BIHE institutu publikoetako zuzendarien elkarteak, Sarean Lehen eta Bigarren Hezkuntzako zuzendarien elkarteak, eta EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak asmo horiek uztartu dituzte Euskal eskola publikoa haratago dokumentuan. «Guretzat enborrekoa dena ezarri nahi dugu: gobernuan alderdi bat edo beste egonda ere, eskola publikoak nondik joan behar duen, gure esperientzia pedagogikoan oinarrituta», azaldu du Xabier Mendizabal BIHEko koordinatzaileak. Enborra sustraitzeko bidea abiatu dute: beste eragileen ekarpenak jasotzen ari da idatzia, eta aurki hasiko dira testua gizarteratzen.

«Inkonformismotik» landu dute dokumentua, Mendizabalen hitzetan. «Ez gara administratuak. Ez gaude goikoen erabakien zain, administrazioak zer egin behar dugun ezar dezan zain». Eskarmentutik, beraz, eta aitortzatik, Josu Etxaburu BIHEko lehendakariak aldarrikatu duenez: «Leku guztietan guztientzako hezkuntza bermatzen duen sare bakarra publikoa da. Hor dago, gizarte funtzio kohesionatzailea duelako. Aitortu behar da, harrotasunez baina harrokeria barik, sistema egituratzen duen eskola dela».

Eta egitura horrek enborra behar du, «ezin baitu atzerapausorik eman». Hala, autonomia eskatu dute eragileek, eskola publikoak bere bidea egin dezan. Horren beharra sentitzen dute, Mendizabalek dioenez, gobernu aldaketek eragindako desorekak arintzeko: «Politikariek erabakiak hartu behar dituzte, nola ez, baina argi dago epe laburrerako helburuak dituztela, legegintzaldiari begirakoak. Eskola publikoaren garapenean funtsezkoa dena oztopatzen du horrek».

Hezkuntza sistema publikoaren ereduan aldagai «ukiezinak» ezartzeaz ari dira, beraz. Bestela, agintarien «dantza etengabeak» kalte egiten diolako. «Ezin dugu funtzionatu batak edo besteak hezkuntzarako duen egitasmoaren arabera. Gutxienekoen hitzarmenek ondorio onak ekarri dituzte», adierazi du Etxaburuk.

Gatazka horren adibide da hizkuntza ereduaren inguruan izandako proposamen sorta. «Eztabaida politiko-ideologikoetatik ateratzeko, hizkuntzak irakasteko markoa behar dugu», zehaztu du Mendizabalek. Egungo ereduen sistema gaindituta dagoela berretsi du, eta marko bakar baina malgu baten beharra aldarrikatu du. «Badaude esperientziak gure hezkuntza sisteman, eta horiek kontuan hartu behar dira».

Aldaketa politikoen beste aurpegia da zalantzan jartzen dutela eskolan egindako lana, Etxabururen hitzetan. «Profesionalen desprestigioa dakar». Bizikidetzari buruzko eztabaidan antzeman du: «Bizikidetza ez da berria; urte luzeetan landu dugu, eta jarraituko dugu, edozein gobernuren gainetik, plana egon ala ez».

Areago, bizikidetza eskolen ardatza dela nabarmendu du Sabina Lopez Sarean-eko koordinatzaileak. Ikastetxeetan guraso, arraza eta ideologia askotako haurrak elkartzen baitira: «Aniztasun handia dago, eta hor ikasten dute elkar ezagutzen, lan egiten, errespetatzen eta gatazkak konpontzen. Heziketaren oinarrizko puntua da, eta erabilpen politikoetatik at egon behar du».

Horregatik jarri dute haratago hitza dokumentuaren izenburuan, «hainbat esparrutatik haratago» doalako eredua, «politikariez haratago». Eta irakurketa horretan, urrats bat gehiago egin du Etxaburuk: «Azken urteetan hezkuntzak zama itxura hartu du, kudeatzea egokitu zaionarentzat». Zama, gero eta gehiago eskatzen zaiolako hezkuntzari eta eskola publikoari. Erronka eta muga horiez ere hausnartu dute dokumentuan. Adibidez, hezkuntza eragile nor den definitu dute: «Denok gara, bakoitza bere funtzioekin».

Irakasle, familia eta ikasleez gain eskolatik kanpo ere beste hainbat eragile daudela uste du Lopezek: «Eskolak bakarrik ezin du». Hartara, eskola barruan jorratutakoak kanpoan ere jarraipena izan dezan, inguruarekin eragile izateaz mintzatu da Mendizabal: «Eskola eta ingurua lotzen ari diren esperientziak badaude, adibidez, toki erakundeekin edo elkarteekin elkarlanean dihardutenak».

Hor ere, haratago. Paradigma aldaketa du ahotan Etxaburuk: «Egungo gizarteak ihes egiten du erantzukizunetik, eta bertatik heltzen diren mezuak kontraesankorrak dira: batzuetan, hezkuntzak irla bat ematen du, denen kontra». Beraz, ardurak eragileen artean partekatu beharra gaineratu du, hau da, irakasle, familia, ikasle eta gizartearen artean banatu. «Bestela, behin eta berriro porrotera joan den estrategia erabiltzen jarraituko dugu: gizarte arazo baten aurrean, eskolara bakarrik begiratu».

Eredu «inklusiboa»

Baina zein da euskal eskola publikoarentzat eskatzen duten eredua? Finantzaketaz eta baliabideez dihardute eragileek dokumentuan, baina konpromisoez ere bai: hezkuntza eskubidearen unibertsaltasuna, euskararen sustapena eta eleaniztasuna, ikasleen nortasun pertsonalaren garapena, hezkidetza, aniztasuna, laikotasuna, Euskal Herriaren eraikuntza... Kalitatezko zerbitzua emateko adierazleak eta giltzarriak zerrendatu dituzte.

Mendizabalek azaldu duenez, eredu inklusiboa da eskola publikoarena: «Inklusibitatea eragozpenak dauzkaten ikasleak integratzearekin bakarrik identifikatu da, baina kontzeptua zabalagoa da, ikasle bakoitzaren berezko dohainak eta gaitasunak indartzea ere badakar». Hartara, aukera berdintasunaz gain, bikaintasuna ere badago ereduaren erroetan: «Gaitasun handiko ikasleak ere baditugu, eta horiei erantzun behar zaie». «Ikasle mota guztiak jasotzen ditu sare publikoak; haietako bakoitzarekin lortu nahi dugu bikaintasuna, bizitzan arrakasta izan dezaten», erantsi du Lopezek.

Izan ere, ezagutza gaitasunak bigarren tokian daude egungo hezkuntza sisteman; «ezagutzak denen eskura daude». Hartara, hiru lehentasun ezarri dizkiote eskolari, gizartetik heldutako eskarietan oinarrituta. Batetik, elkar elikatzea, gai sozialak «eskolaren menuaren parte» izatea, Mendizabalen arabera: «Gizarteak proiektatzen dituen erronkak gure egin behar ditugu. Eta egiten ari gara». Bestetik, ikasleen afektibitatea ardatz bihurtzea, «pertsonak izaten ikasten» ari diren neurrian. Eta, azkenik, ekintzailetza sustatzeko trenak eman nahi dizkiete ikasleei; ekintzailetza ekonomia ez ezik, soziala eta kulturala ere bai, Euskal Herriaren eraikuntzari begira.

Eredua bakarra da, baina malgua, tokian tokiko errealitateari egokitua, ikastetxe bakoitzaren izaera kontuan hartzen duena. «Ez daude bi eskola berdin. Hezkuntzak ezin ditu ikastetxe guztiak modu berean arautu, zirkular bidez», azaldu du Etxaburuk. «Dokumentuak markatzen duen bidea errespetatuz gero, euskal eskola publikoa gero eta gehiago aldenduko da estatuko beste eskoletatik. Europako herri aurreratuenen mailan kokatuko gara», esan du Mendizabalek, baikor. Hortaz, murrizketa kontuak aditu ere ez dituzte egin nahi: «Gure garapena oztopatzen dute».

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

Euskaleskolapublikoa.eu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.