«Eskua joan zaie»

Mikel Zabalza Intxaurrondon torturatuta hil zutela frogatzen duen grabazio bat zabaldu du 'Público'-k. 'Non dago Mikel?' dokumentalerako lanetan topatu dute audioa. EH Bilduk gaiaz galdetuko dio bihar Sanchezi

Torturaren aurkako pintaketak Agoitzen, 2016an, alboan Mikel Zabalzaren irudia dutela. IDOIA ZABALETA / FOKU.
jon olano
2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun

Gordina da elkarrizketa, Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren artekoa. Bien elkarrizketak baieztatzen du Mikel Zabalza Intxaurrondoko kuartelean hil zela, torturatuta. Elkarrizketa horren transkripzioa argitaratua zuen El Mundo egunkariak, baina sekula entzun gabea zen audioa. Orain, Non dago Mikel? dokumentala egiteko prozesuan, audioa eskuratu dute Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas Pitu dokumentalaren egileek, eta Público egunkariak argitaratu du dokumentua.

[YouTube]https://youtu.be/1Q6xzgUpKOI[/YouTube]

Elkarrizketan entzuten denez, Gomez Nietok Peroteri esan zion bere ustez «eskua joan» zitzaiela Zabalza galdekatu zutenei: «Itaunketan hilotz gelditu zaie». Perotek galdetu: «Uste duzu hilotz geratu zaiela Intxaurrondon?». Eta Gomez Nietok erantzun: «Bai, nire irudipena da galdeketan bihotzekoak emango ziola poltsa buruan jartzearen ondorioz. Hori da nire irudipena. Akats asko egin zituzten: ondoko gelan senideak zeudela galdekatu zuten. Medikuak zioen osasunez gaizki zegoela, azken urtean hiru ebakuntza egin dizkiotela Zabalzari».

Azalpen gehiago ematen dizkio Gomez Nietok: «La Madrek dio kaputxarekin ikusi zuela, eta tira, nik uste dut hilotz geratu zaiela bertan. Guri ia halaxe geratu zitzaigun herrialde burua, Martin Barriosen heriotzan parte hartu zuen komandoko burua; ia zerraldo geratu zitzaigun Pindado kapitainari eta bioi». Peroteren zehaztapena: «Baina kaputxarekin». Eta Gomez Nietoren baieztapena: «Kaputxarekin. Une batean, arnasten ari dena bere karbono monoxidoa da, eta ito egiten da». Xehetasun gehiago ere eman zizkion: «Tipoa begira genuen, zeren kontu horren mamia ez baita tipoak ez duela ezer ikusten; funtsean, puntu batean murgilduta balego bezala da, bestela ez... kaputxak gardena izan beharra dauka, berak bizitza ikus dezan, eta heriotzaren sentipena izan dezan».

Non dago Mikel? dokumentalean ez dute jaso audioa. Gaur aurkeztuko dute, eta ostiraletik aurrera egongo da zinema aretoetan. Perotek esana zuen Gomez Nietok adierazi ziola Zabalza Intxaurrondoko kuartelean torturatuta hil zutela. Perotek epaileari 1997an egin zion aitorpena, baina Gomez Nietok ukatu egin izan du. 2004aren bukaeran, El Mundo-ko kazetariek audio artxiboa eskuratu zuten, eta epailearen esku utzi. Ikerketa berriak hasi zituzten, baina ebatzi zuten audioak ez zuela nahikoa kalitaterik froga gisa kontuan hartzeko.

Perote CESIDetik bota zuten 1991n, agiri konfidentzialak lapurtzea egotzita. Gomez Nieto Lasa eta Zabalaren auzian auzipetu zuten, baina 1997an saritu egin zuten, kapitain izendatuta.

Agerraldi eskeak

Zabalza 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta haren gorpua hiru aste geroago agertu zen, Bidasoa ibaian. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman zuten Zabalza, ustezko zulo baten bila, eta ihes egin zuen.

Grabazioen berri izan ondoren, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak agerraldia egin dezala eskatu du Koldo Martinez Geroa Baiko senatariak, eta Uxue Barkos koalizioko bozeramaileak iragarri du Nafarroako Gobernuari galdetuko diola zer-nolako jarduerak abiatuko dituen gaiari dagokionez. EH Bilduk, berriz, galdera bat erregistratu du Espainiako Kongresuan, Pedro Sanchez gobernuburuarentzat: «Espainiako Gobernuko presidente gisa, indar armatuek eginiko torturak aitortzen dituzu?». Bestetik, EH Bilduko Bel Pozuetak ere Marlaskaren eta Margarita Robles Defentsa ministroaren agerraldia eskatu du Kongresuan. Mikel Buil Ahal Dugu-ko Nafarroako Parlamentuko eleduna ere mintzatu da grabazioaz: «Bagenekien Zabalza Intxaurrondon torturatuta hil zela, baina hunkigarria da Guardia Zibilaren agintariak hain natural entzutea esanez nola gauzatzen zuten tortura hori». Foro Sozialak, berriz, nabarmendu du grabazioak «beldurgarriak» direla: «Beharrezkoa da estatuak eta garai hartako arduradun politiko eta polizialek, egindako kaltea aitortzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.