«Eskubide urraketa larriak» salatu dituzte Irungo atxilotuen auzian

Atxiki zituztenetik hilabetera, oraindik bakarturik daude Aratz Bilbao eta Malen Grunig, Estremerako espetxean. Askek uste du «aurrekari larria» dela, eta militantziaren kriminalizazioaren kontrako kanpaina abiaraziko du.

Ezkerretik, Aratz Estonba, Izpine Bidaurrazaga eta Maite Gomez, Bilbon egindako agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ezkerretik, Aratz Estonba, Izpine Bidaurrazaga eta Maite Gomez, Bilbon egindako agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2026ko azaroaren 17a
15:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabete igaro da Aratz Bilbao eta Malen Grunig Irunen atxilotu zituztenetik, hango ertzain etxera euren borondatez bertaratu ostean, eta, geroztik, bakarturik daude Estremerako espetxean (Espainia), Euskal Herritik ehunka kilometrora. Presoek pairatzen dituzten baldintza kaskarrak salatu dituzte haien senitartekoek, eta abokatuek, berriz, «eskubide urraketa larriak» antzeman dituzte auzian. Horregatik, Aske errepresioaren kontrako antolakundeak kanpaina bat abiaraziko du datozen asteetan, «militantziaren kriminalizazioaren» kontra eta Bilbao eta Grunig aska ditzatela exijitzeko.

Auzia daraman abokatu taldearen izenean, Aratz Estonba abokatuak «oso larritzat» jo du gertatutakoa, eta Nucleo Nacional talde faxistaren inguruko auziarekin alderatu du: «Ikusi dugu [NNko kideek] armak eta asmo jakin batzuk zituztela, baina kalean daude, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak ez ditu ikertu; Malen eta Aratz, aldiz, espetxean daude Auzitegi Nazionalaren aginduz, soilik haien jarduera politikoagatik. Horrek erakusten du berriro ere Euskal Herrian doktrina antiterrorista indarrean dagoela».

Estonbaren hitzetan, Auzitegi Nazionalak espetxeratzea arrazoitzeko emandako argudio guztiak lotuta daude bi presoen jarduera politikoarekin. Adibidez, polizien inguruko informazioa edukitzea leporatzen diete, baina Poliziaren infiltrazioak ikertzeko dokumentuak ziren horiek, abokatuen esanetan. Jarduera politikoak «indarkeriazko ekintza» gisa aurkezteko asmo horretan, Palestinaren aldeko dinamikak, euskal presoen aldeko elkartasun adierazpenak eta antzekoak «ekintza biolentotzat» jotzen ditu epaileak.

Esaterako, Askek 2024an Zaballako espetxera (Araba) egindako martxa aipatzen dute auzian, baina auzi hori itxita dago jada, eta mobilizazio horretan «arau hauste administratiboak» baino ez zituzten antzeman. «Nola liteke arau hauste administratibo bat Auzitegi Nazionalaren eskutik ekintza terrorista bilakatzea?», galdetu du Estonbak. Antzeko zerbait gertatzen da Grunigi leporatzen dizkioten autobus batean egindako pintaketekin: auzi hori itxita dago jada, eta Donostiako instrukzio epaitegiak ebatzi zuen ez zegoela deliturik. Orain, berriz, «indarkeriazko ekintza» gisa aurkeztu nahi dute hori Grunigen kontrako auzian.

«Malen eta Aratz espetxean daude soilik beren jarduera politikoagatik; Euskal Herrian doktrina antiterrorista indarrean dago»

ARATZ ESTONBA Abokatua

Irregulartasunak ere antzeman dituzte prozesuan. Deigarriena Bilbaori eta Grunigi egindako argazkiena da: Ertzaintzak Eskoriatzan (Gipuzkoa) jarritako kontrolean egindakoak dira, eta, beraz, pentsatzekoa da ertzain batek atera zituela; egun batzuk geroago, El Mundo egunkariak argitaratu zituen argazki horiek, baina txosten judizialean ez dago horien aztarnarik. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak adierazi zuen kontrol horretan ez zituztela Bilbao eta Grunig atxilotu, han ez zelako «deliturik» izan.

Tratu txarra

Aratz Bilbaoren ama Maite Gomezek esan duenez, bi atxilotuei emandako tratua «txarra» izan da hasieratik bertatik. Madrilera eraman aurretik, lau egun eman zituzten ertzain etxean, eta han loa eta atsedena galarazi zieten, argiak piztuta eta aire girotua «denak emanda» baitzeuden. Bidaian eta espetxean, eskuburdinak jarrita eduki zituzten, eta horren ondorioz biek ala biek zauriak izan dituzte eskumuturretan. Espetxean, berriz, bakartuta eduki dituzte orain arte, eta patiora ateratzeko aukerak murriztu dizkiete.

Senideekin izandako jokabidea ere salatu dute. Hasieran, Auzitegi Nazionalak esan zien Bilbao Soto del Realeko espetxera bidaliko zutela, eta Grunig, berriz, Alcalara (Espainia). Senitartekoak hara joan zirenean, etxera itzuli behar izan zuten presoak ikusi gabe; geroago jakin zuten Estremeran zeudela, eta ez Auzitegi Nazionalak adierazitako espetxeetan.

Bi presoei patio orduak eta telefono deiak murriztu dizkiete. Grunigen amari hiru hilabetez debekatu diote presoa ikustea, bisita batean boligrafo bat eta alabaren eskariak idazteko papera atzeman ziotelako. Bilbaoren senideei ez diete utzi presoari betaurrekoak edo lentillak igortzen, ikusmen arazoak izan arren, eta buruko minetarako hartzen ari den botika ere ez diote ematen. Gomezek esan duenez, senideek uste dute neurri horiek guztiek «presoen aldartean eragitea» dutela helburu.

Aske erakundeko Izpine Bidaurrazagak esan duenez, Grunigekin eta Bilbaorekin gertatutakoa ez da «ausazkoa» izan, eta horren xedea da «independentziaren eta sozialismoaren aldeko borrokan murgilduta dagoen oro kriminalizatzea, eta Euskal Herri langilearen diziplina bermatzea».

Bidaurrazagak gogorarazi du Grunig eta Bilbao etxetik ehunka kilometrora dituztela preso: «Batzuek sakabanaketaren amaiera eta presorik gabeko Euskal Herri bat saldu nahi digute, baina Espainiako eta Frantziako estatuek argi erakusten dute ez dutela arazorik euskal preso politikoak berriz ere euren etxetik ehunka kilometrora dauden espetxeetan bahitzeko». Askeren aburuz, presoen sakabanatzea ez da amaitu, «eta ez da amaituko Euskal Herria bi estatuen atzaparretan harrapatuta dagoen bitartean».

Bidaurrazagak iragarri du kanpaina bat abiaraziko dutela datozen asteetan, uste baitute Bilbaoren eta Grunigen auzia «aurrekari larria» dela: «Kalean aurre egiten ez badiogu, aurrerantzean horrelako beste hainbeste pairatzera kondenatuta dago Euskal Herria».

5.734

Aratz Bilbaoren eta Malen Grunigen senideek zenbat kilometro egin dituzten hilabete bakarrean. Estremerako espetxean daude bi presoak, Euskal Herritik ehunka kilometrora, eta senideek asteburu guztietan mila kilometro inguruko bidaia egin behar izaten dute berrogei minutuko bisita eduki ahal izateko.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA