«Eskumen guztiak» plangintzan

Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak bi aste barru adostuko dute transferentzien egutegia. Martxorako agindu dituzte erregulazio dosierrean daudenen erretiro laguntzak, farmazia produktuen legedia eta eskola asegurua

Carolina Darias ministroa eta Josu Erkoreka sailburua, atzo, batzarraren ostean eginiko agerraldian. LUCA PIERGIOVANNI / EFE.
jon olano
2020ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Lau hamarkada bete ezinik igaro ondoren, Gernikako Estatutua «osorik» betetzeko egutegi bat adostuko dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak gaur hamabost. Otsailaren 20an biltzekoak dira bi gobernuak, eta orduan ikusiko da, iaz adostutako egutegian ez bezala, plangintza berrian jasoko dituzten estatutuan jasotako konpetentzia guztiak; Gizarte Segurantzaren Araubide Ekonomikoari lotutakoak barne.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua atzo batzartu zen Carolina Darias Espainiako Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroarekin, 1979ko estatutuaren arabera Eusko Jaurlaritzari dagozkion baina oraindik Espainiako Gobernuaren esku dauden eskumenen transferentziaz hitz egiteko. Bi gobernuen arteko lehen bilera instituzionala izan zen, Madrilen. Erkorekaz gain, Sabino Torre Araubide Juridikoaren sailburuordea eta Tatiana Gonzalez Kabineteko zuzendaria joan ziren batzarrera. Espainiako Gobernuaren aldetik, Dariasek Francisco Hernandez Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko estatu idazkaria eta Jose Moya Kabineteko zuzendaria izan zituen alboan.

Bi aste barruko batzarra zehaztea izan zen atzoko bilkuraren emaitzetako bat. Bilbon elkartuko dira bi ordezkaritzak, sailburua eta ministroa buru dituztela, «eskumen guztien kronograma adosteko», Dariasen esanetan. Eusko Jaurlaritzako iturriek ere baieztatu dute estatutua «osorik» betetzeko egutegi bat jasoko dutela egun horretan.

Transferentzien arloan, Dariasek jakinarazi du hiru eskumenen transferentzia gauzatuko dutela martxoan: farmaziako produktuei buruzko legedia, eskola asegurua eta lan erregulazio espedienteen eraginpean dauden langileen erretirorako laguntzak. Bi gobernuek iazko urtarrilean adostutako egutegiak hiru bloketan banatu zuen eskumenen transferentzia, eta gaur iragarritako hirurak lehen blokekoak dira. Horiek lantzeko, Transferentzien Batzorde Mistoa elkartuko da datorren hilabetean. Erkorekak berak esana zuen, iazko apirilean Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin aurretik, bi gobernuek aurreratuak zituztela lehen blokeari buruzko negoziazioak, eta espero zuela orduko lanek balio izatea orain.

Halere, Gizarte Segurantzari lotutako eskumenetan egon daiteke korapiloa. Iazko egutegian, negoziaziotik kanpo utzi zituen Madrilek. Erkorekak, baina, gogorarazi du horiek ere jasota daudela Gernikako Estatutuan eta, beraz, «ukaezina» dela horien eskualdaketa. Orain, bi aldeek adostu behar dute «nola zehazten» den transferentzia hori: «Gobernuari eskatzen diogu gai horiei buruzko erreferentziaren bat jaso dezala egutegian». Urkulluren gobernuak 2016-2020 aldirako programan lehentasun gisa jaso zuen Gizarte Segurantzaren Araubide Ekonomikoa eta espetxe eskumena jasotzea.

Helegiteez, datorren astean

Bestalde, eskumen gatazkei lotutako hiru helegite indargabetzea ere bazen Jaurlaritzaren asmoa, eta Dariasek adierazi du atzo osatutako lantaldeak beharrean hasiko direla datorren astean, eskumen gatazkei lotutako helegiteak konponbidean jartzeko.

Izan ere, hiru helegite daude Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Bi, euskal erakundeek emandako arauen kontrakoak —Polizia Legearen erreforma eta Merkataritza Gune Handien Lurralde Antolaketarako legea—, eta, bestea, Espainiako Gobernuaren Segurtasun Digitalari buruzko Errege Dekretua —155 digitala esan izan zaiona; horren arabera, gobernuak baliogabetu egin ditzake sareko domeinuak eta komunikazio zerbitzuak, badaezpadako neurri gisa—.

Dariasek eskerrak eman dizkio Erkorekari, haren prestasunagatik. Erkorekak, berriz, nabarmendu du bilera «ulermen, sintonia eta adeitasun giroan» egin dutela eta «positiboa, emankorra eta alde askotatik itxaropentsua» izan dela.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek eskumenei buruzko negoziazioetan izan dezaketen eraginaz galdetuta, berriz, Erkorekak azaldu du bozen data ezartzeke dagoela, baina, horietara deituta ere, ez dutela oztoporik izango hauteskundeetara bitartean akordioak lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.