Euskal Enplegu Publikoaren Legeak konstituzioa betetzen duen argitzeko eskatu du EAEko Auzitegi Nagusiak

Euskara administrazio publikoan normalizatzeko Jaurlaritzaren 2024ko dekretuaren gaineko helegite bi aztertzen ari da, Voxek eta PPk jarritakoak, eta horien gainean ebazteko prozeduran egin du galdera.

Oldarraldi judizialaren aurkako protesta bat, Donostian, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Oldarraldi judizialaren aurkako protesta bat, Donostian, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2025eko abenduaren 4a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

PPk eta Voxek abiarazitako helegiteen ondorioz, auzitan dira berriz euskararen normalizazioaren aldeko araudiak. Oraingoan, zehazki, EAEko Auzitegi Nagusiak galdera bat egin dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalari: eskatu dio argitzeko Euskal Enplegu Publikoaren Legeak hizkuntza eskakizunen derrigortasunaren inguruan zehazten duenak konstituzioa konplitzen duen.

187.5 artikuluarekin du zalantza. Halaxe dio, zehazki, artikulu horrek: «Euskal administrazio publikoetako eta haien instituzio eta organismoetako lanpostu guztiek, unean uneko egoeraren araberakoak edo aldi baterakoak barne, dagokien hizkuntza-eskakizuna izango dute esleituta; horretarako, kontuan izango da zeintzuk diren lanpostu bakoitzaren ezaugarriak eta komunikazio-premiak, eta zer hizkuntza trebetasun eska daitezkeen premia horiek betetzeko». 

Euskara administrazio publikoan normalizatzeko Eusko Jaurlaritzaren 2024ko dekretuaren gaineko helegiteak jarrita dauzkate Voxek eta PPk, eta horien gainean ebazteko prozeduran egin du Euskal Enplegu Publikoaren Legearen gaineko galdera EAEko Auzitegi Nagusiak. Eusko Jaurlaritzak euskara administrazio publikoan normalizatzeko dekretua aurkeztu zuen esanez lege irizpide guztiak konplitzen dituela, eta propio idatzita dagoela kontrako auzibideak saihestu ahal izateko. Hainbat berritasun ekarri zituen; besteak beste, modua ematea hautaketa prozesuak euskaraz eginda hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko. 

Bengoetxearen erreakzioa

Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak hizpide izan du gaur EAEko Auzitegi Nagusiaren eskabidea. Adierazi du auzitegiak egin duen urratsa ez dela batere ohikoa, eta ondorio txarrak izan ditzakeela aitortu du: «Jauzi larria da». Jaurlaritzak helegitea aurkeztu du eskabide horren kontra.

Euskal Enplegu Publikoaren Legeak garrantzi handia du hizkuntza eskakizunen gainean, eta, hain justu ere, euskararen normalizazioaren kontrako ebazpen judizialak saiheste aldera, lege hori erreformatzeko bi proposamen daude gaur egun Eusko Legebiltzarrean erregistratuta. EAJk aurkeztu du bat, eta EH Bilduk bestea. EAJk hizkuntza eskakizunen derrigortasun indizea ezabatzea proposatu du, modu horretan kontrako epaiak gutxituko direlakoan. EH Bilduk, berriz, aldaketa sakonago bat egiteko proposamena aurkeztu du, eta euskara funtzio publikoko sarbidean eskakizun orokorra izateko bidea abiaraztea da legean proposatu dituen erreformen helburua.

Euskalgintzak ere eskatu du sakoneko aldaketak egiteko arlo horretan. Eta baita sindikatuek ere. ELAk eta LABek deituta, esaterako, mobilizazioak iragarrita daude administrazio publikoa euskalduntzeko urratsen alde. Bi protesta egingo dituzte: abenduaren 16an, Iruñean, eta abenduaren 17an, berriz, Gasteizen. Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publikorik ez leloan jaso dute aldarrikapenen muina. Bi sindikatuek deituta, aurrez ere langileak askotan atera dira kalera hizkuntza eskubideen defentsan eta euskaraz lan egiteko eskubidearen alde.

PPk eta Voxek abiarazitako auzibideak izan dira aurrez ere hizkuntzaren normalizaziorako legeen kontrako ebazpen judizialen abiaburua. Ebazpen aski ezagunak dira, esaterako, udal legea deituaren kontrakoak. 2016koa da lege hori; Eusko Legebiltzarrak urte hartako apirilaren 7an onetsi zuen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako toki erakundeen jardunbideak, betebeharrak eta funtzioak zehazte aldera. Araudi hori ezaguna da, besteak beste, hainbat irizpide zehazten dituelako tokiko administrazioetan euskara lehenesteko. Baina legeak euskara lehenetsi ahal izateko irekitako hainbat ate trabatu egin ditu ondoren justiziak, PPren eta Voxen ekinbidez. Legearen kontrako sententziak ebatzi dira, eta baita hura hizkuntzaren arloan aplikatzeko egindako 179/2019 dekretuaren kontrakoak ere. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.