Katea luzea da. Gaur datu esanguratsu bat ekarri du gogora Euskalgintzaren Kontseiluak: bi urte eskasean ehun sententzia baino gehiago eman dituzte euskararen normalizazioaren kontra. Lehengo astean, hain justu, aparteko kezka eragin duten bi ebazpen plazaratu ziren. Baga: PPk eta Voxek abiarazitako helegiteen harira, EAEko Auzitegi Nagusiak Espainiako Auzitegi Konstituzionalari galdetu dio Euskal Enplegu Publikoaren Legearen 187.5 artikuluak —hizkuntza eskakizunak arautzen dituenak— konstituzioa konplitzen duen. Biga: CCOO sindikatuaren helegite bat aintzat hartuta, EAEko Auzitegi Nagusiaren sententzia batek atzera bota ditu Jaurlaritzak azpikontratutako enpresa pribatuei ezarriak zizkien hizkuntza irizpideak zerbitzu publikoak ematen dituztenerako, besteak beste euskaraz jakitea eskatzen dutelako. Bada, euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldia «gordindu» dela iritzita, Kontseiluaren zuzendaritza batzordeak «presazko» agerraldia egin du gaur: salatu dute erabaki horiek «motibazio politikoa» dutela. Andoainen elkartu dira (Gipuzkoa), Martin Ugalde kultur parkean.
Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek eta koordinatzaile Manex Mantxolak hartu dute hitza. Halako ebazpenen ondorioz euskararen normalizaziorako bideak gero eta estuagoak direla adierazi du Eskisabelek. «Euskararen aurrerabidearen mugak jada ez dira hemengo araudiarenak, epaitegietatik ezartzen direnak baizik». Horren muinean zer dagoen ere salatu du: «Hizkuntza ideologia supremazista dago atzean, euskara betiko minorizatua nahi duena, gaztelaniaren nagusitasun estatusa mantentzea helburu duena». Gainera, nabarmendu du epaileen artean euskararen «ezagutza» eta haren inguruko sentsibilitatea «murritza» izatea ere eragozpen handia dela. «Legez elebiduna den lurralde honetan, epaileen %6k soilik dute egiaztatua euskara gaitasuna, eta epaiketen %0,1 ere ez dira euskaraz egiten».
Kontseiluko ordezkarien ustetan, munduan zakartzen ari diren «inboluzio» haizeek hauspotutako mugimendu atzerakoi bat dira erabaki judizial horiek guztiak. Are, kezka azaldu dute beren burua «aurrerakoitzat» daukaten hainbat hedabidek, sindikatuk eta alderdi politikok «jarrera negazionista» dutelako euskararen aurkako oldarraldi judiziala hizpidera ekartzean. Paradoxa bat nabarmendu nahi izan dute: eragile horietako askok, galegoaren eta katalanaren aurkako ebazpenen inguruan jarduten dutenean, «irmoki» salatzen dituzte halakoak, baina euskararen aurkakoak direnean, aldiz, «justifikatu eta sustatu» egiten dituzte.
«Damoklesen ezpata jarri nahi diete gainean lege aldaketa azken bururaino eraman nahi dutenei»
MANEX MANTXOLA Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzailea
Mantxolak abisu bat eman du lehengo astean plazaratu ziren ebazpen judizialen larritasunaren inguruan, eta bereziki kritikatu nahi izan du EAEko Auzitegi Nagusiak Euskal Enplegu Publikoaren Legea auzitan jarri izana, oraintxe propio lege hori erreformatzeko bi proposamen baitaude Eusko Legebiltzarrean, eta prozesu legegilea «baldintzatu» nahi izan baitu auzitegiak. «Zentzu biko jokaldia ikusten dugu. Batetik, mediatikoa: botere judizialak eztabaida legegile horretan parte hartu nahi du, eta hura baldintzatu. Bestetik, epe luzera begira, Euskal Enplegu Publikoaren Legea aldatzearen emaitza izan daitekeen hori ere baldintzatu nahi du». Esan du auzitan jarri duten artikuluak ez duela inondik inora ere urratzen Espainiako Konstituzioa, baina hor sortuko den eztabaidatik «argudio batzuk» atera daitezkeela hizkuntza eskakizunen gaineko jurisprudentzia oraindik gehiago mugatzeko. «Damoklesen ezpata jarri nahi diete lege aldaketa azken bururaino eraman nahi dutenei».
Eusko Legebiltzarrean erregistratutako bi erreforma proposamenek nolabaiteko murru izatea dute helburu, euskararen kontrako epaietatik babesteko. EH Bilduk aurkeztutakoa da bat, aurrez euskalgintzak abiaburutzat jarritako proposamen batean oinarritua: hartan ezartzen da funtzio publikoan aritzeko hizkuntza eskakizun orokorra izan dadila euskara. Bestea EAJk egindakoa da: hizkuntza eskakizunen derrigortasun indizea kentzea da xedea, iritzita horrek modua emango duela kontrako epaiei izkin egiteko.
«Euskara betiko minorizatua nahi duen gutxiengo horri buru egiteko, aktibaziorako deia egiten diegu euskaltzaleei»
IDURRE ESKISABEL Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia
Miribillarako deia
Kexa hutsa adierazi ordez aurrera egiteko asmoa adierazia du Kontseiluak, eta, horretarako, hain zuzen, abenduaren 27rako ekitaldi handi bat antolatua du Bilbon, Miribillan, euskaltzaleek han bat egiteko, eta beste «pizkunde» bat abiarazteko. Gaur berritu egin dute han parte hartzeko deia. Eskisabel: «Euskara betiko minorizatua eta bigarren mailan nahi duen gutxiengo horri buru egiteko, aktibaziorako deia egiten diegu euskaltzaleei, euskararen auzia lehen lerroan jarri eta aro berri bati bide emateko». Atxikimendu zabala jasotzen ari da Kontseilua ekitaldi horren inguruan, eta gaur, adibidez, LAB sindikatuak egin du joateko deia: Miribilla «lepo» betetzera deitu ditu euskaltzaleak.