PPk eta Voxek jarri zituzten helegiteak. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak egin zion galdea Espainiako Auzitegi Konstituzionalari: eskatu zion ebazteko ea Euskal Enplegu Publikoaren Legeak ezarritako hizkuntza eskakizunen derrigortasunak Espainiako Konstituzioa betetzen ote duen. Eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hartu du erabakia: BERRIAk jakin duenez, galdea ez du tramiterako onartu. Orain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren esku geratu da behin betiko erabakia.
Zehazki, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Euskal Enplegu Publikoaren Legeko 187.5 artikuluari buruz galdetu zion Konstituzionalari. Zera dio artikulu horrek: «Euskal administrazio publikoetako eta haien instituzio eta organismoetako lanpostu guztiek, unean uneko egoeraren araberakoak edo aldi baterakoak barne, dagokien hizkuntza-eskakizuna izango dute esleituta; horretarako, kontuan izango da zeintzuk diren lanpostu bakoitzaren ezaugarriak eta komunikazio-premiak, eta zer hizkuntza trebetasun eska daitezkeen premia horiek betetzeko». Hots, laburbilduz, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren esku utzi nahi zuen hizkuntza eskakizunak konstituzionalak diren ala ez erabakitzea, baina auzitegi horrek ez du galdea onartu ere egin.
Auziak PPren eta Voxen helegiteetan du jatorria: errekurtsoak jarri zituzten sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko dekretuaren aurka —Eusko Jaurlaritzak orain bi urte onartu zuen—. Horien gainean ebazteko prozesuaren barruan erabaki zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jotzea, uste baitu 187.5 artikuluak baldintzatu egiten duela Voxen helegiteari buruzko behin betiko epaia; PPrena, berriz, bertan behera utzita dauka, Voxenaren gainean erabaki bat hartu arte. Jaurlaritzak helegitea aurkeztu zuen eskabide horren aurka.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, galdea atzera botata, ildo bat markatu du, ez baitu ikusi Espainiako Konstituzioaren aurkakoa delako zantzurik; dena dela, auziak aurrera jarraitzen du EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, eta horrek eman beharko du behin betiko ebazpena.
Orain arte, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez du erakutsi hizkuntza eskakizunen aldeko jarrerarik, auzi honetan bederen. Hain zuzen ere, Konstituzionalari galdetzerako nabarmendu zuen euskara eskakizunak «disuasio elementu» direla erdaldunentzat: «Lanpostu guztiek hizkuntza eskakizuna esleitua izatea, eta ez soilik proportzionaltasun printzipioaren arabera hori behar dutenek, hori, objektiboki, disuasio elementua da enplegu publikora iritsi nahi dutenentzat eta erdaldunak direnentzat». Eta are, ohartarazi zuen lanpostu publiko guztiei hizkuntza eskakizun jakin bat ezartzea ez dela «kaltegabea»: «Une jakin batean aktibatzeko eta derrigortasun dataren bidez gauzatzeko helburuarekin esleitzen baita, eta orduan betebehar galdagarri bihurtzen da». Euskaldunen hizkuntza eskubideen eta horien bermeen inguruko aipamenik, berriz, ez zuen egin.
Dena den, galdea ez zuten aho batez egin: hiru epaileetako batek boto partikularra eman zuen. Haren esanetan, 187.5 artikuluak ez du «desorekarik» eragiten gaztelaniaren kaltetan, eta gehitu zuen hizkuntza eskakizunak ezartzen dituzten legeak aspalditik daudela indarrean eta ez direla auzitan jarri izan: «[Legeek] Indarrean urte asko badaramatzate ere, eztabaida ez bada orain arte azaleratu, agian izan da legegileak erabilera eta lege politika zuhurrak egin dituelako euskara lanpostu publikoetara iristeko galdagarritasunaz».
Enplegu Publikoaren Legearen garrantzia
Euskal Enplegu Publikoaren Legea funtsezkoa da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoko lanpostuen hizkuntza eskakizunak arautzeko. Epaitegiak behin eta berriz ari dira horien aurka, eta, horrenbestez, Eusko Legebiltzarreko bi alderdi nagusiek, EAJk eta EH Bilduk, proposamen bana aurkeztu zuten, oldarraldi judizialari murru bat jartzeko.
Hainbat hilabeteko prozesu baten ostean, azkenean, EAJk eta EH Bilduk legea erreformatzeko EAJren proposamena onartu zuten Eusko Legebiltzarrean, orain bi aste. EAJren proposamenaren oinarria zera da: derrigortasun indizea kentzea; horren bidez zehazten da zenbat lanpostutan egiaztatu behar den hizkuntza eskakizuna. Jeltzaleen irudiko, horren gainean hainbat epailek egindako interpretazioak izan dira askotan euskararen normalizazioaren kontrako epaien abiaburua, eta, horregatik, Euskal Enplegu Publikoaren Legean «nahitaez bete beharreko indizeen zehaztapen orokorrik» ez egotea nahi dute, eta erakunde bakoitzak erabakitzea hizkuntza eskakizunak zehaztea.
Alabaina, baldintza batzuekin onartu zuten jeltzaleen testua: bi alderdiek hitzarmen bat izenpetu zuten. Adostu zuten, besteak beste, ezen, frogatzen bada EAJren proposamenak ez duela «bere helburu nagusiak betetzeko egiturazko nahikotasunik», beste proposamen bat lantzen hasiko direla bi alderdiak, Kataluniako eta Galiziako ereduak oinarritzat hartuta —bi lurralde horietan lanpostu publiko guztietarako jakin behar dira bi hizkuntza ofizialak—.