Madrilek 19 milioi euro ordainduko ditu Gipuzkoako AHTaren bidearen oinarria eraikitzeko

Muntaketaren oinarria Martutenen eraikiko da, eta balastoa biltzeko gunea, Ezkio-Itsason. 'Euskal Y' guztiko trenbidearen elektrifikaziorako kontratua ere adjudikatu dute.

AHTaren geltokia Ezkio-Itsason. GOTZON ARANBURU / FOKU
AHTaren geltokia Ezkio-Itsason. GOTZON ARANBURU / FOKU
2025eko urriaren 7a
16:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Ministroen Kontseiluak gaur onartu du abiadura handiko trenean Gipuzkoako burdinbideak muntatzeko oinarria eraikitzeko lizitazioa. Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak 19 milioi euro ordainduko ditu kontratu horretarako.

Muntaketaren oinarria Martutenen (Donostia) egingo da, eta eraikiko den baseak bidearen muntaketa egiteko modua emango du. Gainera, balastoa biltzeko gune bat sortuko dute Ezkio-Itsasoko geltokiko (Gipuzkoa) laugarren bidean, harrizko oinarriaren gainean trenbidea muntatzeko.

Bestalde, Bergara-Astigarraga (Gipuzkoa) ibilbidean 35 puntu jarriko dituzte trabesak pilatzeko, eta trenen zamalanetarako portikoak jarriko dira, erraiak garraiatzeko.

Duela hiru hilabete, Gasteiz eta Bilbo artean egingo den oinarriaren proiekturako kontratua egin zuen Espainiako Gobernuak. Gainera, euskal Y guztiko trenbidearen elektrifikaziorako kontratua ere adjudikatu du Adif AVren bidez.

Zer falta den

Trenaren plataforma bukatuta dago Gipuzkoako adarrean, baina ez euskal Y osoan. Denera bost tarte bukatu gabe daude, eta horietatik hiru Bergarako lotunean daude, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lotuko dituen lotunean. Bilborako sarrerarako eta geltoki berrirako proiektuan eta Astigarraga eta Irun arteko hirugarren erraila eraikitzeko ere lanean ari dela azaldu du Adifek.

Euskal Y-aren loturak ere bukatu gabe daude. Espainiarekin lotzeko, tarte bakarra adjudikatu da Gasteiz eta Burgos artean. Nafarroarekin lotzeko, berriz, erabaki gabe dago Arkautitik (Araba) edo Ezkio-Itsasotik lotuko den, eta bi aukeren azterketa ez da prest egongo 2026ko udaberrira arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.