«Estatuari eskatzen diogu alor pribatutik atera dadila eta onar dezala hemen ez zela egon indarkeria abstraktu bat, ardurarik gabekoa». Sanferminak 78 Gogoan taldearen izenean, Ramon Contrerasek gaur eguerdian Nafarroako Parlamentuan aldarrikatu du 1978ko sarraskiaren atzean «estatua» egon zela, eta horren erantzukizuna bere gain hartu behar lukeela Espainiako Gobernuak. Eskaera hori egingo duen mozioa aurkeztuko du aurki taldeak Nafarroako Parlamentuan.
1978ko sanfermin haietan Espainiako Polizia Armatua tiroka sartu zen zezen plazan, eta handik kanpo izandako istilu larrietan balaz hil zuten German Rodriguez LKIko militantea. Fermin Rodriguez anaiak agerraldi horretan azpimarratu du Espainiako Gobernuak krimen horien erantzukizuna hartzeak aspaldidanik irekitako zauriak sendatzen lagunduko lukeela. «Ez dugu eskatzen mea culpa-rik egitea. Gaurko gobernuak ez du zerikusirik trantsizioko harekin, baina erakundeak berak badu harreman zuzena».
Sanferminak 78 Gogoan taldea eta Martxoaren 3ko Biktimen Elkartea eskutik helduta doaz ekinaldi horretan. Lehenik, mozioak aurkeztu dituzte gertaerekin erlazionatutako udaletan, eta onartu egin dira Gasteizen, Iruñean, Astigarragan (Gipuzkoa) eta Donostian. Orain, Nafarroako Parlamentuan testu bera aurkeztuko dute, eta handik Espainiako Kongresura egingo dute jauzi. Eskaera berbera izango da: Espainiako Gobernuak bere gain har dezala estatu indarkeria haren erantzukizuna. Eusko Legebiltzarrean ere aurkeztu zuten, baina estatuak izandako «rola» aitortzea lehenetsi zuten EAJk eta PSE-EEk, «erantzukizun» eskaeren gainetik.
Taldeen ikuspegia
Ekinaldi horren berri emateko, Sanferminak 78 Gogoan taldeko Sabino Cuadra, Fermin Rodriguez, Begoña Zabala, Ramon Contreras eta Piru Zabalza izan dira Nafarroako Parlamentuko Memoria batzordean. PP ez da bertaratu, eta Voxeko Emilio Jimenez tarte batez egon da; baina ez die jaramonik egin hizlarien azalpenei, eta alde egin du ordu erdi baten ostean.
EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak mozioarekin bat egiteko prest daudela jakinarazi diote taldeari. EH Bilduko Irati Jimenezen ustez, «ezinbestekoa» da ardurak eskatzea, «amnesia duen gizarte bat ez eraikitzeko». Geroa Baiko Mikel Asiainek ere alde bozkatuko duela adierazi du eta premiazkotzat jo du Sekretu Ofizialen legea indargabetzea. Ekinaldiari babesa eman dio Zurekin Nafarroako Carlos Guzmanek.
Halaber, PSNko Javier Lekunberrik irmo gaitzetsi ditu 1978ko sanferminetako sarraskia eta German Rodriguezen hilketa. Dena den, aurreratu du testuari beste puntu bat erantsiko diotela «garai hartan izandako indarkeria guztia gaitzesteko».
UPNk ez du argi utzi zer egingo duen: sanfermin haietan jazotakoa irmo gaitzetsi du, baina ez du bat egiten trantsizioaren inguruan taldeak egin duen interpretazioarekin. «Hura estatu krimen bat izan ote zen justiziak epaitu behar du», gaineratu du Isabel Olabe UPNko parlamentariak.
Begoña Zabalak talde guztien tonua eskertu du, eta gogora ekarri die eurak memoriaren aldeko talde bat direla. Martxoaren 3ko Biktimen Elkartearekin batera lanean denbora asko daramate. «Gure kasuan, biharamunetik eskatu genuen justizia. Juridikoki, estatuko aparatuen erantzun bakarra inpunitatea izan da. Ez da ikertu, eta ez da inor eseri akusatuen aulkian», azpimarratu du.
Zabalaren arabera, trantsizioko estatuaren indarkeria ezin da alderatu beste indarkeria batzuekin. «Gasteizen eta Iruñean gertatutakoak bere eremu propioa du, besteen aldean diferentea». Egia jakiteko orduan estatuaren indarkeriaren aurrean daudela zehaztu du. «Estatu terrorismoa da, eta eremu horretan jokatzen ari gara», erantzun die UPNri eta PSNri.