Bakoitzak bereari eutsi dio: Monica Garcia Espainiako Osasun ministroak autonomia erkidegoetako osasun arduradunei esan die haiei dagokiela osasun sistema publikoetako medikuen lan baldintzak hobetzea; autonomia erkidegoetako osasun sailburuek eta kontseilariek, berriz, ministroari esan diote haren eskumena dela osasun sistema publikoetako langileen oinarrizko lan baldintzak ezartzea, esparru estatutuaren bidez.
Ministroak eta autonomia erkidegoetako osasun sailburuek eta kontseilariek bilera egin dute Madrilen. Bilera dei dakioke, bildu egin direlako, elkarrekin egon direlako; ez da izan, ordea, ideiak plazaratzeko, eztabaidatzeko, negoziatzeko edo erabakiak hartzeko bilera bat. Sailburuek eta kontseilariek, bilera hasi aurretik, denek hitzartutako gutun bat irakurri diote ministroari. Gero, uko egin diote ekarpenak egiteari eta ministroak planteatutako bozketetan botoa emateari. Ministroak, besteak beste, medikuen guardien ordainsariei eta 35 orduko lan asteari buruz bozkatzea nahi zuen. Autonomia erkidego guztietako arduradunek bat egin dute agiriarekin, Kataluniakoak salbu.
Agerian utzi nahi izan dute ministroa bakarrik dagoela, eta ez duela ez medikuen, ez sindikatuen eta ezta autonomia erkidegoen babesik: «Ministroa bakarrik sartu da, eta bakarrik atera da», esan du Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Garciaren bakardadeaz. Osasun arduradunek gaitzetsi egin dute ministerioak gaitasunik ez izatea esparru estatutuari buruzko akordio zabal bat lortzeko, eta esparru estatutua onartzeko erabili duen prozedura ere txarretsi dute, batez ere medikuen eta autonomia erkidegoen babesik izan gabe onartzea. Osasun Ministerioari egotzi diote hark eragin dituela medikuen grebak, baina autonomia erkidegoak ari direla jasaten eta beren gain hartzen grebak osasun zerbitzuetan eta antolaketan eragiten ari diren ondorioak.
2003tik berritu gabeko oinarrizko araua
Iragan ostiralean ziren bilera hori egitekoak, baina Garciak atzeratu egin zuen. Haren arabera, autonomia erkidegoek daukate medikuen grebak bukarazteko «giltza», argudiatuta Espainiako Osasun Ministerioak egin zezakeen «guztia» egin duela jada. «Azken 23 urteotan aurreneko aldiz, osasun arloko lan erreforma bat ondu da; egin dugu egin beharreko lana».Â
Espainiako Osasun Ministerioak zenbait sindikaturekin hitzartu zuen osasun langile publikoen esparru estatutu berria, urtarrilaren amaieran: CCOO, UGT, SATSE —erizainak— eta CSIF —funtzionarioak—. Gaur egun indarrean dagoena 2003koa da. Estatutu horrek zehazten ditu osasun sistema publikoetako langileen gutxieneko lan baldintzak. Medikuek, ordea, araudi propio bat eskatu dute, uste baitute estatutu horrek ez dituela jasotzen haien prestakuntza luzea —hamar urtetik gorakoa—, lana eta ardura. Mobilizazioak eta grebak egiten ari dira: aste osoko grebak hilero, otsailetik ekainera. Esparru estatutuak zehazten ditu gutxieneko lan baldintzak, baina autonomia erkidegoek baldintza horietako batzuk hobetu ditzakete.
Nafarroako Gobernuak ñabardura bat gehitu dio osasun arduradunen agiriari: Osasunbideko profesional guztiak Nafarroako Gobernuaren funtzionarioak direla eta hari dagokiola medikuen lan baldintza gehienak arautzea, ez esparru estatutuari. Osasunbideko langileen lanaldien baldintzak soilik egongo lirateke esparru estatutuaren esku.
Lan baldintzen negoziazioa
Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua medikuekin negoziatzen ari dira, lan baldintzak hobetzeko. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, atzo jakinarazi zituen medikuei eskainitako hobekuntza batzuk: atsedenerako denbora gehiago izatea, produktibitate osagarria hobetzea, garapen profesionala indartzea, guardien ordaina berrikustea eta bi lantalde sortzea, bata medikuek agendak kudeatzea aztertzeko eta bestea guardien berrantolaketa aztertzeko. 70 milioi euroko inbertsioa litzateke urtero.
Martinezek esan du ministroarekin elkarrizketa bat izateko borondatearekin joan direla bilerara, baina «aukera galdua» izan dela, ministroak ez dielako entzun nahi izan. Osasun sailburuak eta kontseilariak elkarrekin harremanetan jarri ziren atzo, Garciari agiri bateratu bat helarazteko. Espainiako Osasun ministroak sailburuei eta kontseilariei erantzun die ez dutela «ez konpontzen, ez konpontzen uzten», eta ez dutela ekarpenik egin gatazka konpontzeko.
Ikusi gehiago
Eta orain zer? Medikuek greba egingo dute hurrengo astean, astelehenetik ostiralera. Orduan bukatuko dituzte otsailean abiatutako greba asteak. Erabaki beharko dute udako etenaren ondoren mobilizazioekin eta grebekin jarraitu edo ez, eta nola egingo duten. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak jada onartu du esparru estatutuaren lege aurreproiektua, baina prozedura parlamentario osoa falta da. Garciak gaur bertan esan du ez diola uko egingo esparru estatutuari, hori lankideak «saltzea» izango litzatekeelako —Garcia medikua da—. Medikuak eta autonomia erkidegoak kontra edukita ere lanean jarraituko duela nabarmendu du Osasun ministroak.
«Benetako elkarrizketa» eskatu dute
Martinezek atzo esan zuen hautsita daudela ministerioarekin esparru estatutuari buruz hitz egiteko zubi guztiak. Hala ere, gaurko agiriaren arabera, osasun sailburuentzat eta kontseilarientzat «premiazkoa eta ezinbestekoa» da ministerioarekin «benetako elkarrizketa prozesu eraginkor eta eraikitzaile bat hastea». Garciari eskatu diote berriro ekin diezaiela elkarrizketei, «medikuen greba bertan behera uzteko aukera izateko».
Esparru estatutuaz gain, egiturazko neurriak nahi dituzte, «profesionalen eskuragarritasuna indartzeko eta sistemaren iraunkortasuna bermatzeko». Mediku faltari aurre egiteko, alegia.Â
Ikusteko dago esparru estatutua hitzartu zuten sindikatuek zer egingo duten ere. Medikuek ez ezik, Espainiako Osasun Ministerioarekin esparru estatutua adostu zuten sindikatu batzuek ere haren jarrera salatu dute; kasurako, SATSEk. Haren arabera, sindikatuekin hitzartutakoa eta Ministroen Kontseiluak onartutako testuak «desberdinak» dira, «azken orduan» aldaketak egin dizkiotelako; hots, salatu dutenez, azken testuak ez du barne hartzen erretiro aurreratua arautu ahal izateko edo gainerako langileen baldintza beretan erretiro partziala hartzeko aukera. Are, uste du gaurko bilerak sindikatuak «gutxiesten» dituela, iritzita ez dituela errespetatzen ezarritako negoziazio eremuak.