Esparzak dioenez, Valtierrako alkateak migratzaileez esandakoa ez dator bat UPNren jarrerarekin

Voxek, aldiz, alkatea zoriondu du: «haren diskurtsoa Voxena da». Alkateak migratzaile adingabeen kontra jo zuen: «Jende horrekin arazoak izango ditugu».

Javier Esparza, Nafarroako Parlamentuan, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE
Javier Esparza, Nafarroako Parlamentuan, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE
gotzon hermosilla
2025eko irailaren 1a
17:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bost egun igaro dira, baina, azkenean, iritsi da UPNren erreakzioa Manuel Resa Valtierrako (Nafarroa) alkateak migratzaile adingabeei buruz egindako adierazpenen inguruan. Resak gogor jo zuen migratzaile adingabeen kontra, eta leporatu zien «eskubide guztiak» izatea, baina «betebehar bakar bat» ere ez: «Arazoak izango ditugu jende horrekin». Orain, UPNren bozeramaile Javier Esparzak ñabardurak egin dizkio alderdikideak esandakoari: adierazi du Resa «bere izenean» mintzatu zela, eta hark ez duela erabakitzen UPNk zer iritzi duen auzi horretaz: «UPNk oso jarrera argia du aspalditik, eta jarrera hori alderdiak ezartzen du, ez Valtierrako alkateak».

Kazetarien galderei erantzunez, UPNren jarrera zertan datzan laburbildu du Esparzak. Esan duenez, etorkin gehienak «lan egitera» etorri dira Nafarroara, «eta ekarpena egiten diote Nafarroako jarduera ekonomikoari; laguntzen ari dira Nafarroa indartsuago egiten».

Esparzak zehaztu du zenbait etorkinek laguntzak jasotzen dituztela, «Nafarroan jaiotako jende multzo txiki batek ere laguntzak jasotzen dituen molde berean; baina ez dituzte laguntzak jasotzen migratzaileak edo bertan jaiotakoak izateagatik, zaurgarriagoak izateagatik baizik. Eta behin baino gehiagotan esan dugu gure ustez laguntza horiek berriz aztertu beharko liratekeela».

Esparzaren esanetan, laguntzak jasotzen dituzten guztiek «betebeharrak» ere izan beharko lituzkete, «eta horretan badago zer hobetu». Haren iritziz, laguntzak jasotzen dituztenek beren burua prestatu behar dute, seme-alabak eskolara eraman behar dituzte, «eta badute gure ustez oinarrizkoa den beste betebehar bat: ezin diote lan eskaintza bati uko egin».

Migratzaile adingabeei dagokienez, Esparzak esan du haietako batzuk saiatzen ari direla «Nafarroan etorkizuna izateko aukera aprobetxatzen», baina beste batzuk ez direla horrelakorik egiten ari, eta kritikatu egin du Nafarroako Gobernuak auzi hori kudeatzeko izan duen modua: «Ez dute asmatu, eta neurriak hartu behar dira».

Voxek, aldiz, zoriondu egin du Valtierrako alkatea, «ausarta izateagatik eta bere herria defendatzeagatik», eta zehaztu du hark azaldutakoa «Voxen jarrera» ere badela: «Zentzuzkoa da baldintzak eskatzea diru laguntza publikoak jaso ahal izateko; zentzuzkoa ez dena oraingo egoera da, nafarrak zigortzen ari baitira», esan du Voxeko bozeramaile Emilio Jimenezek.

Laguntzak lortzeko baldintzak

Valtierrako Udalak diru laguntza publikoak lortzeko ezarritako baldintzak daude polemika horren iturburuan. Udalak erabaki zuen diru laguntzak lortzeko beharrezkoa zela gurasoetako bat gutxienez hogei urtez herrian erroldatuta egotea. Nafarroako Gobernuak laguntza horiei buruzko txosten bat eskatu zion Nafarroako Kontseiluari, baldintza horiek «diskriminatzaileak» zirelakoan, eta, txosten horretan, Kontseiluak «zalantza handiak» azaldu zituen, «baldintza horiek ordenamendu juridikora egokitzen ote diren».

Horren ondoren egin zituen adierazpenak Valtierrako alkateak. SER irratian egindako elkarrizketa batean, Resak esan zuen migratzaile adingabeak «diru zama handia» direla, «hilabeteko ia 5.000 eurokoa», eta egotzi zien «eskubide guztiak» bai baina «betebehar bakar bat» ere ez izatea: «Arazoak izango ditugu jende horrekin». Nafarroako Gobernuari eskatu zion diru laguntzak «sustraiak gure lurraldean dituen jendeari» emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.