Egiari Zor fundazioak eta Euskal Herriko Torturatuen Sareak bat egin dute Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak Eusko Legebiltzarrean atzo egindako eskaerarekin: 12/2016 legearen babesean espediente berriak aurkezteko epea amaituta, lege berri bat abia dezatela «estatuaren indarkeriaren biktimak izan diren herritarrak aitortzen jarraitzeko». Bi elkarte horiek lege anbiziotsuago bat proposatzen dute, zehazki Estatuaren bortxa 2014ra bitarte jasan duten biktimak ere aintzat hartuko dituena.
Eskaera Eusko Legebiltzarrari, bertako alderdi politikoei eta Eusko Jaurlaritzari egin diete, eta hiru argudio eman dituzte lege berri baten beharra defendatzeko: batetik, «oraindik iristen eta bideratzen ari diren ehunka eskaerei» erantzun behar zaiela. Bigarrenik, 12/2016 legeak 1960tik 1999ra bitartean jazotako urraketak kontuan hartzen dituela eta epe hori mugatua dela, haien ustez. Egiari Zor elkarte memorialistak eta Torturatuen Sareak irizten diote urte horretatik aurrera gertatutako urraketek ere aitortza instituzionala behar dutela; beraz, lege berriak 2014ra arte gertatutako giza eskubideen urraketak ere jasotzea nahi dute. Nafarroako eredua aipatu dute adibide gisa, lurralde horretan «euskal gatazkaren epealdi osoa» kontuan hartzen dutelako. Eta, hirugarrenik, esan dute 12/2016 legeak bazterrean utzi dituela giza eskubideen beste urraketa batzuk, presoen dispertsioa kasu.Â
Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atzo aurkeztu zuen azken urteko lanaren emaitza, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean. Txosten horretan Poliziak egindako giza eskubideen urraketak jasan dituzten hirurogei biktima aitortu ditu. Batzorde horren seigarren txostena da, eta guztira 305 biktimak jaso dute dagoeneko Jaurlaritzaren aitortza.
Emaitza aurkeztearekin batera, batzordeko kideek ohartarazi zuten espediente asko dituztela oraindik ere esku artean. Zehazki, 284 espediente ebatzi gabe daude. Esan zutenez, 2024-2028ko legealdia amaitu aurretik lan horiek burututa izatea espero dute, baina legebiltzarreko talde politikoei eskatu zieten lege hori berritzeko urratsak egin ditzaten berandu baino lehen, «aitortu gabe geratutako biktimen eskaera berriei erantzuteko».
Laurehun aitortza eskaera aztertu zain
Egiari Zor eta Torturatuen Sarea elkarteek eskertu dute batzordeak egindako lana, eta goraipatu dute erakutsitako profesionaltasuna «hartutako konpromisoen lanketan eta garapenean». Biek ala biek gogorarazi dute, baina, legeak jasotzen duen epe horretatik kanpo geratzen diren urraketa asko daudela, eta epe horretatik kanpo gertatutako giza eskubideen urraketen laurehun aitortza eskaera aurkeztuta daudela dagoeneko, «horietako askok 1999tik 2014rako epealdian gertatutako giza eskubideen urraketak» jasotzen dituzte, argitu dutenez.