Motibazio politikoko beste 60 biktima aitortu ditu Jaurlaritzaren balorazio batzordeak, eta lege erreforma prestatzen hasteko eskatu du

Oraindik eskaerak jasotzen jarraitzen dutela eta, 12/2016 legea aldatzeko eskatu dute batzordeko kideek. Maila goreneko aitortza insitituzionalak gehiago ez atzeratzeko esan dio Jaurlaritzari.

Balmaseda eta Landa, Eusko Legebiltzarrean, gaur goizean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Balmaseda eta Landa, Eusko Legebiltzarrean, gaur goizean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2026ko urriaren 21a
15:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak agerraldia egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, azken lan urteko txostena aurkezteko. Batzordeak egiten duen seigarren txostena da, eta, oraingoan, giza eskubideen urraketak jasan dituzten 60 biktima aitortu ditu. Hala, jada 305 dira biktima gisa aitortu dituenak. Batzordeko kideek jakinarazi dute oraindik espediente asko ebazteko geratzen diren arren legealdia amaitzerako lanak bukatzeko moduan izango direla. Hori dela eta, talde politikoei eskatu diete abia dezatela 12/2016 legea berritzeko prozesua, estatu bortxaren biktimen eskaera gehiagori bide emateko.

Juana Balmaseda presidenteak eta Jon Mirena Landa batzordekideak aurkeztu dute txostena, legebiltzarreko Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean. Azaldu dutenez, azken urteetako baliabide faltaren arazoa konponduta, martxa betean da batzordea, eta, horri esker, iazko uztailetik aurtengo ekainera bitarte 230 espediente aztertu dituzte guztira. Horietatik 60 onetsi egin dira, eta 170 ez dira onartu edo biktimek atzera egitea erabaki dute.

Baieztatutako aitortzen tipologiari dagokionez, 54 tratu txarrak edo torturak jasandakoak dira; lau, Poliziak edo talde parapolizialek balaz zauritutakoak; eta beste bi, gomazko pilota batek jota zauritutakoak. Kasu gehienak (36) frankismo ostekoak dira, hau da, 1978tik 1999ra artekoak, eta Guardia Zibilarekin edo Espainiako Poliziarekin dute lotura. Biktimei dagokienez, gehienak gizonezkoak dira (51), eta gipuzkoarrak (39).

305

Balorazio Batzordeak zenbat biktima aitortu dituen. 2020az geroztik, Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak 1.152 espediente aztertu ditu, eta horietatik 305 onartu. 660 espediente ez ditu onartu —horietako asko Poliziak aurkeztutakoak dira, batzordearen lana trabatzeko asmoz jarriak—, eta soilik bi kasu baztertu ditu. Beste hemeretzitan, eskatzaileak atzera egin du.

Muruetagoiena eta Iturrioz

Batzordeak biktima gisa aitortu dituen bi lagun hil egin zituzten: Poliziak tiroz hil zuen Jose Maria Iturrioz Garmendia, eta jasandako torturen eta tratu txarren ondorioz zendu zen Esteban Muruetagoiena. Egiari Zor fundazioak ekainean jakinarazi zuen, hain justu ere, Eusko Jaurlaritzak torturaren biktima gisa aitortu zuela Muruetagoiena, hura hil eta 44 urtera.

Ondarroan (Bizkaia) jaio zen Muruetagoiena, eta Oiartzungo (Gipuzkoa) osasun zentroko medikua zen. 1982ko martxoan atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta hamar egun eduki zuten inkomunikatuta, Donostian lehenik, eta Madrilen gero. Kargurik gabe aske utzi eta hiru egunera hil zen, 38 urte zituela; ofizialki, bihotzekoak jota zendu zen, baina atxiloaldian jasandako torturei egotzi izan diete senideek heriotza.

Muruetagoiena hil hurren zela harekin hitz egin zuten lekukoen testigantzak dakartza txostenak, eta hark kontatutako tortura lazgarriak gogora ekartzen dituzte. Batzordearen arabera, agerikoa da jasandako tratu txarren eraginez «sekuela fisikoak eta psikologikoak» izan zituela Muruetagoienak, eta esperientzia traumatiko haren ondorioz hil zela. «Atxiloketan erabili ziren moduek eta metodoek, bai eta haien ondorioek ere, argi uzten dute jasan zuen tratuaren larritasuna».

54

Tratu txarren edo torturaren biktimak. Balorazio Batzordeak aurten onartu dituen 60 kasuetatik 54k dute lotura tratu txarrekin edo tortura kasuekin. Haietako bat, Esteban Muruetagoinea, hil egin zen torturak eragindako ondorioengatik.

4

Poliziak edo talde parapolizialek balaz zauritutakoak. Haietako hiruri estatuko segurtasun indarrek egin zieten tiro, eta beste bati, talde parapolizial batek. Jose Maria Iturrioz da haietako bat, biktima gisa aitortua; Guardia Zibilak hil zuen.

Hildako beste biktima, Jose Maria Iturrioz Garmendia, Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen, eta Guardia Zibilak tiroz hil zuen 1978ko azaroaren 15ean, Arrasaten (Gipuzkoa). Batzordearen kontakizunaren arabera, Guardia Zibilaren Aretxabaletako kuartelaren aurkako atentatuan parte hartu zuen Iturriozek —ez zen biktimarik izan—, eta handik ihesean zela hil zuten. Harekin autoan zihoana ere, Roberto Aranburu, tiroz hil zuten, eta Kike Zurutuza Odriozola larri zauritu.

Txostenaren arabera, bertsio ofiziala eta lekukoen testigantzak ez datoz bat. Izan ere, Guardia Zibilaren arabera, tiroka hasi zitzaizkien ihesean ziren autotik, eta haiek erantzun egin zieten. Alta, lekukoek ez zuten halakorik ikusi; guardia zibilek ezustean harrapatu zituztela adierazi zuten. Batzordeak adierazi du gaur arte ez dela ikerketarik egin zer gertatu zen argitzeko: «Agerikoa da ez zela inolako borondaterik egon». Baina, giza eskubideen urraketen zantzuak agerikoak direnez, ebatzi du Iturriozi biktima aitortza dagokiola.

Pilotakadaz zaurituak

Poliziak gomazko pilota batekin zauritutako bi pertsona ere biktima gisa aitortu dituzte. Haietako bat —J.A.G.—, Rosa Zarra zauritu zuten egun eta toki berean zauritu zuten: 1995eko ekainaren 22an, Donostiako Anoeta estadioaren ondoan. Hura ere Ertzaintzak jaurtitako pilota batek kolpatu zuen, lurrera eroritako lagun bati laguntzera zihoanean. Hiru egun eman zituen ospitalean, «lesio larrien» ondorioz. Biktimak salaketa aurkeztu bazuen ere, artxibatu egin zuten auzia. Hala ere, batzordeak salatu du ezin izan dutela kasua sakon aztertu, informazioa «zentsuratu» egin dutelako epaitegietan.

Beste kasua ere urte berekoa da, 1995ekoa. Portugaleten (Bizkaia), manifestazio baten ostean, ertzain batek hurbiletik gomazko pilota bat jaurti, eta eskuineko begian jo zuen pertsona hori, eta begi horretako ikusmena galdu zuen. Biktimak salaketa jarri zuen, baina artxibatu egin zuten. Batzordearen arabera, ordea, «ikerketa ez zen nahikoa izan». Horiek hala, auzibidea zabaltzea eta biktimak deklaratzea proposatu du, estatu bortxaren biktimei erreparazioa emateko legea aintzat hartuta. 

Lege erreforma

Zerrenda luzea da, edonola ere. Eta Balorazio Batzordeak gogorarazi du oraindik 284 espediente ebatzi gabe daudela. Batzordeko kideek adierazi dute lan horiek legealdia amaitzerako burutzea espero dutela, hots, 2028ko udaberrirako. Hori dela eta, legebiltzarreko talde politikoei eskatu diete has daitezela 12/2016 legea berritzeko urratsak egiten, «orain arteko lan ildoari jarraipena emateko eta aitortu gabe geratutako biktimen eskaera berriei erantzuteko».

Izan ere, Landak gogorarazi du oraindik eskaerak jasotzen ari direla, horretarako epea aspaldi amaitu bazen ere; 400 inguru bildu dituzte dagoeneko. Hori dela eta, ezinbestekotzat jo du legea ahalik eta azkarren aldatzea, oraingo lanak amaitutakoan ondorengoei atzerapenik gabe heldu ahal izateko: «Kanpoan gelditu direnak ate joka daude, eta atea zabaltzeko moduan egon beharko genuke».

«Hemen patroi kolektiboak daude; ez dira kasu bakanak. Oso-oso larriak dira, eta ehunka laguni eragiten diete. Hori guztia atera beharra dago, berriro halakorik ez gertatzeko»

JON MIRENA LANDA Balorazio Batzordeko kidea

Eskaerak aurkezteko epea zabaltzeaz gain, iritzi dio beharrezkoa dela legeak aintzat hartzen dituen epeak moldatzea ere, 1999tik aurrera gertatu ziren urraketak ere kontuan hartuak izan daitezen. Baina noiz arte luzatu? Hori eztabaidatzea alderdien esku utzi du, baina gogorarazi du atxiloketa edo mehatxu larrien kasu batzuk ere delitu izan daitezkeela eta, beraz, giza eskubideen urraketa gisa izendatu. «Hemen patroi kolektiboak daude; ez dira kasu bakanak. Oso-oso larriak dira, eta ehunka laguni eragiten diete. Hori guztia atera beharra dago, berriro halakorik ez gertatzeko».

Aitortzatik harago

Alderdiak, oro har, bat etorri dira legea berritzeko eskaerarekin. «Ezin da inor kanpoan utzi», esan du Arkaitz Rodriguez EH Bilduko legebiltzarkideak, eta nabarmendu biktima asko oraintsu hasi direla pauso hori ematen, orain aitortza eta erreparazioa ematen dien erakundeak «ukatu» egiten baitzuen salatzen zutena. EAJko legebiltzarkide Xabier Barandiaranek, berriz, azpimarratu du garrantzitsua dela giza eskubideen urraketa guztiak gaitzestea, baita ETAk egindakoak ere.

Horretarako ere balio beharko luke batzordeak egindako txostenak, haren hitzetan. Bide horretan, Barandiaranek ezinbestekotzat jo du aitortza instituzionaletatik harago joatea; gaia «gizartera zabaldu» behar dela esan du, eta hezkuntzaren alorrera eraman. Izan ere, batzordeak egin duen beste gomendio bat zera da: maila goreneko aitortza instituzionala gehiago ez atzeratzea.

«Biktimek ez dute kalte ordainik eskatzen; gauza bakarra eskatzen dute: bizi izan zutena benetan gertatu zela aitortzeko. Eta, beraz, egia, justizia, erreparazioa, eta berriz ez gertatzeko bermea»

JUANA BALMASEDA Balorazio Batzordeko presidentea

Miren Gallastegi PSE-EEko legebiltzarkideak azaldu duenez, azaroaren 23an zen egitekoa ekitaldi hori, baina bozak direla medio Jaurlaritzak erabaki zuen atzeratzea. Edozein kasutan, ziurtatu du datorren urtearen hasieran egingo dela, urtarrilean ez bada otsailean beranduenez. Gallastegik «zentzuzkotzat» jo du, halaber, legea aldatu eta epeak zabaltzea.

Azkenik, biktimen ordainen sistema ere egokitu behar dela adierazi du Balmasedak, ez baitu bat egiten biktimen errealitatearekin, ezta nozitu zituzten urraketen etiologiarekin ere. Lege aldaketan hori aintzat hartzeko eskatu du: «Garrantzitsua da». Hala ere, zehaztu du batzordearen gomendioa dela, biktimek gauza bakarra eskatzen baitute: jasan zutena aitortzeko. «Biktimek ez dute kalte ordainik eskatzen; gauza bakarra eskatzen dute: bizi izan zutena benetan gertatu zela aitortzeko. Eta, beraz, egia, justizia, erreparazioa, eta berriz ez gertatzeko bermea».

Torturaren memoria lekuak

Batzordeak beste gomendio bat erantsi du aurtengo txostenean: torturaren memoria lekuak izendatzea. Tortura kasuak edo tratu txarrak salatu diren lekuen zerrenda bat egiteko eskatu dio Jaurlaritzari, eta memoria leku izendatzeko. Leku horietako batzuk ere aipatzen ditu txostenak: Bilboko eta Donostiako Poliziaren zuzendaritza nagusien egoitzak, eta Intxaurrondoko (Donostia) eta La Salveko (Bilbo) Guardia Zibilaren komandantzia nagusiak. Batzordeak egiaztatu duenez, ehunka pertsona atxilotu, galdekatu eta torturatu zituzten eraikin horietan, batzuetan hil arte ere bai. Hori horrela, biktimen galdea aintzat hartzeko eskatu du Landak: «Batzordera etorri zaizkigun biktimek zera eskatzen digute behin eta berriro: haien testigantza baliagarria izan dadila gertatu zena argitzeko, eta kentzeko behingoz torturaren errealitatea ezkutatzeko erabili den estalki iluna».
Hain justu ere, txostenak berariaz aipatzen ez badu ere, Espainiako Gobernuak abian ditu Donostiako La Cumbre jauregia memoria gune izendatzeko tramiteak. Joxean Lasa eta Joxi Zabala 1983an bahituta eduki eta torturatu zituzten eraikina motibazio politikoko indarkeriaren artxibo, ikerketa gune eta dibulgazio zentro izatea proposatu zuen Donostiako Udalak. EH Bilduk salatu du, ordea, prozesua geldirik dagoela. Horrez gain, Martuteneko kartzela ere memoria leku izendatzeko eskaera egina dute Euskal Herriko 24 elkarte memorialistek. Jaurlaritzak ez du onartu oraingoz, baina adierazi du «memoria elementuren bat» uzteko asmoa duela.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA