Estatus berria: akordio baterako zailtasunak eta urgentziak

EAJk eta EH Bilduk nortasunaren edukia eta eskubide sozialak lotu dituzte, estatus berri bati begira. PSEk eskatu du akordio baterako aukera alferrik ez galtzeko, eta PPk ohartarazi du asko dagoela galtzeko «subiranismoaren bidetik jarraituz gero».

Rodriguez, Diez Antxustegi, Blasi, Garrido eta Hernandez, Donostiako Miramar jauregian, gaur. IÑIGO URIZ / FOKU
Rodriguez, Diez Antxustegi, Blasi, Garrido eta Hernandez, Donostiako Miramar jauregian, gaur. IÑIGO URIZ / FOKU
xabier martin
2025eko ekainaren 24a
17:30
Entzun 00:00:0000:00:00

EHUko Udako Ikastaroetan, Eusko Legebiltzarreko indar politikoen ordezkariak elkartu dituzte Donostian, Vox kanpoan utzita. Galdera bati erantzun behar izan diote: «Ba al da tarterik Euskadin autogobernu hobea izateko?». Gernikako Estutua berritu eta beste estatus bat lortzeko egokitasun, behar eta ezinezkotasunen inguruan aritu dira Joseba Diez Antxustegi (EAJ), Arkaitz Rodriguez (EH Bildu), Pau Blasi (PSE-EE), Laura Garrido (PP) eta Jon Hernandez (Sumar), eta alderdi bakoitzak duen jarrera berretsi eta sendotu dute ordezkariek, nahiz eta beste osagai bat ere izan den: urgentzia.

Diez Antxustegik, Legebiltzarreko EAJko bozeramaileak, adierazi du autogobernua hobetu beharraren aldeko adostasun handikoa dela, eta erantzun egin behar zaiela euskal gizarteak azken hamarkadetan izan dituen aldaketei: «Hemen herri bat dago, eta lanabes berriak behar ditu bizirik irauteko», esan du. Baina, nortasunaren auziaz gainera, «arrazoi praktikoak» ere aipatu ditu jeltzaleak Gernikako Estatutua gaindituko lukeen akordio baten alde egitean.

Rodriguez, berriz, duela 40 urte indarrean dauden joko arauak gainditzeko «behar gorriaz» aritu da. Gogoratu du Gernikako estatutua edukiz «hustu» dutela Espainiako gobernuek eta auzitegiek, eta estatutuak berak bi administraziotan bereizi zuela Hego Euskal Herria. «Ez zuen jaso autodeterminazio eskubidea, eta, beraz, Estatuaren mendeko jaio zen. Zergatik ezin dugu euskaldunok erabaki guri dagokizun arazoei buruz? Adin txikikoak gara? Espainiarrak baino gutxiago?», galdetu du, eta erantsi du litekeena dela laster PP-Vox gobernua iristea. «Subiranotasunean jauzi bat egiteko garaia» dela zehaztu du.

Aurrena Gasteizen, gero Madrilen

Blasi bat dator autogobernua zabaltzeko tartea badelako ustean, baina, hortik aurrera, abertzaleek plazaratutako ildoarekin dituen desadostasunak nabarmendu ditu. Gernikako Estatua «arrakastatsua» izan dela adierazi du, nahiz eta oraindik bete gabeko lege organikoa den, PSOEk berak ez duelako bete hamarkada askoan. Dena den, «aurrerapausoa emateko garaia» heldu dela uste, «hutsegiteak zuzentzeko eta jaso gabe dauden eskubide sozial batzuk jasotzeko». Onartu du desadostasuna dagoela erabakitzeko eskubidearen inguruan, baina aukera alferrik ez galtzeko eskatu die abertzaleei, gogoratuta «aurrena Gasteizen» behar dela akordioa, «eta gero Madrilen».

Garridok ez du ukatu Gernikako Estatutua berritu daitekeela, baina esan du  «gaur egun ere oso baliagarria» dela hura, «pluraltasuna eta kohesioa bermatzeko». Eta oso argi gaineratu du ezein berrikuntza eginda ere «autodeterminazioa ez» dela jasoko. Zer aldaketa jasoko lituzkeen Garridok? Askatasun linguistikoaren ingurukoak, adibidez, «badirelako familia asko seme-alaben hizkuntza ezin dutenak aukeratu eskolan»; eta enplegu publikoan aritzeko hizkuntza eskakizunak ere aldatuko lituzke PPko kideak, «berdintasunaren izenean».

Sumarreko lekebiltzarkide bakarrak, Hernandezek, helarazi du Gernikako Estatutua berritzeko tartea badela, baina Espainiako «Estatuaren ereduaren aldaketarekin» lotu du aldaketa hori. Eskubide gehiago jasotzearen alde azaldu da, «estatu federal bati esker eta errepublika bati esker». «Autogobernu erreal gehiago» nahi du Sumarreko ordezkariak, baina betiere Espaniako Estatu osoan gertatuko lirateeken aldaketekin batera.

Edonola ere, Hernandezek uste du herritarren interesa «eguneroko eduki materialei buruzkoa» dela, praktikoa den horri buruzkoa, «nortasunari buruzkoa baino gehiago». «Etxebizitza, enplegua, osasungintza... horiek dira herritarrek lehenesten dituzten gaiak», haren iduriko.

(ID_15086398) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2025-06-24, Donostia. EHUko Udako Ikastaroak: Autogobernua zabaltzea posible da? Alderdi politiko...
Ordezkari politikoen eztabaida, gaur, Miramar jauregian. IÑIGO URIZ / FOKU

Tentsioa, gora

Garrido bat dator uste horretan, eta aldiro egiten diren inkesta soziologikoak jarri ditu iritzi horri egiaren kategoria emateko. «Indarrean dagoen legea baztertuko lukeen estatus berri bat bilatzea? Bide horretatik asko dugu galtzeko», erantsi du.

Blasik defendatu du «euskal gizartea plurala» dela, eta Gure Esku elkarteari erraparatu dio zuzenean. «Gure Esku moduko elkarteetatik eta erabakitzeko eskubidea moduko leloetatik harago, argi dago zer garen: gizarte plurala, eta adostasunak bilatzea baino ez da geratzen».

Subiranotasun eta subjektu politikoa Espainiako Estatuan kokatu dituzten hiru ekarpen horien ondoren, Rodriguezek gogoratu du erabakitzeko eskubidearen aldekoa dela Eusko Legebiltzarraren, foru aldundietan eta udal gehien-gehienetan dagoen gehiengo zabala: «Badago jauzia egiteko behar adinako ura», esan du.

«Hori sektarismoa da», erantzun dio Garridok, eta tentsio apur bat gehitu dio eztabaidari. Rodriguezek azaldu dio «nazionalista» dela «eta independentista ere bai», eta Garrido ere nazionalista dela esan dio, «baina espainiarra». Une batez gora egin du tentsioak, PPko kidea iraganera begira jarri baita Rodriguezi jarrera antidemokratikoak aurpegiratuz.

Ez inposatu, ez galarazi

Edonola ere, bilkideak aurrera egin du: «Hain kaltegarria bada subiranismo nahia, zergatik ez dio Espainiako Estatuak uko egiten bereari?». Euskal gizarteak badaki gauza bat, bilkidearen arabera: «Nortasuna eta eguneroko eduki praktikoak erabat loturik daudela. Gutxieneko euskal soldata bat edukitzea, hezkuntza antolatzeko gaitasuna, eta, esaterako, enplegua sortzeko politika eraginkorrak egin ahal izatea, «hori guztia subiranotasuna da», Rodriguezen arabera.

Diez Antxustegik itxi du eztabaida, eta nortasunaren inguruko interesa «apaldu» dela esanez itxi du, baina gogoratuz agian PP-Vox gobernu bat iritsiko dela Madrilera eta interes horrek «oso azkar» egin dezakeela gora herritarren artean. «Paradoxa da: Gernikako Estatutua lege organikoa izanda ere bete ez dutenek orain eskatzen digute hor geratzeko».

Aurretik, Rodriguezek azaldu du EH Bilduk eskaera duela erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzeko, ez dela independentzia eskatzen ari egungo eztabaidan, baina bai beste estatus bat «parez pare egoteko estatuarekin, aitortza nazionaletik abiatuta». Bada, Diez Antxustegik eskertu dio «gradualtasuna» onartu izana, eta gogoratu dio iraganean «bereak eta bi» esan zizkiotela EAJri hori bera defendatzeagatik.

Azkenik, Gernikako estatutu berriak jaso dezakeen estatus berri bat lortzeko metodologiari erreparatu dio jeltzaleak: «Ez inposatu, ez galarazi».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.