Estatutuaren geroa ezbaian

Bozetarako deialdia Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioak martxan direla iritsi da, portuen eta Gizarte Segurantzaren kudeaketaren inguruan oraindik ados jarri gabe.

Imanol Pradales eta Pedro Sanchez, iaz, Moncloan. J. J. GUILLEN / EFE
Imanol Pradales eta Pedro Sanchez, iaz, Moncloan. J. J. GUILLEN / EFE
Iosu Alberdi.
2026ko urriaren 5a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen aurrerapenak baditu bere albo kalteak euskal politikagintzan ere, eta eragin nabarmenetako bat Gernikako Estatutuaren etorkizunari lotutakoa izan daiteke. PSOEk eta EAJk Pedro Sanchezen inbestidurarako adostu bazuten ere 2025a amaitzerako eskumen guztiak eskualdatuak egongo zirela, ez da halakorik gertatu, eta bi gobernuen arteko negoziazio mahaian Gizarte Segurantzaren eta portuen kudeaketa jorratzen ari direnean iritsi da bozetarako deialdia.

Jeltzaleek eta sozialistek 2023ko azaroan adostu zuten Gernikako Estatutua osorik betetzea, eta horretarako bi urteko epe «luzaezin» bat ezarri zuten. Epemuga zehatz horrek, baina, laster piztu zituen zalantzak, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko negoziazioen erritmoa zela medio, eta, behin iraungita, legealdiaren amaieraraino negoziatzeko asmoa azaldu du Jaurlaritzak. Bada, gaurko deialdiarekin, amaiera hori gertu da, eta oraindik ere badira eskualdatu gabeko zenbait eskumen.

Urtea bost eskumenen inguruko akordioaren berri emanez hasi zuten bi aldeek. Orduan, itsas salbamenduari, makineria egiaztatzeko Barakaldoko zentroari (Bizkaia), langabezia sariari, kotizazio gabeko pentsioen kudeaketari eta eskola aseguruenari lotutako eskumenak adostu zituzten. Martxoan, berriz, beste zazpi eskumeneko multzo baten berri eman zuten; tartean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aireportuen kudeaketarako aldebiko lankidetza organo baten ingurukoa.

Bi itun haiek, ordea, agerian utzi zituzten negoziazioetan bi aldeek dituzten desadostasun nagusiak. Izan ere, urtarrilean bertan, Gizarte Segurantzari lotutako eskumenek atzeratu zuten berez abendurako espero zen akordioa, eta martxoan gorabehera ugariren ostean iritsi zen aireportuen inguruko akordioa.

Hala, gerora nekazaritza aseguruen eta gidabaimena ateratzeko zentroen kudeaketaren ingurukoak gauzatu bazituzten ere, Jaurlaritzak Madrilen borondate falta salatu zuen Gizarte Segurantzaren Araubide Ekonomikoarena, Fogasa Soldatak Bermatzeko Funtsarena eta Pasaiako portuarena negoziatzeko.

Ezinegon horren adierazle nagusia Imanol Pradalesek Pedro Sanchezekin biltzeari uko egitea izan zen. Bi gobernuburuak uda aurretik elkartzekoak ziren aldebiko batzordean, baina Jaurlaritzak jakinarazi zuen halakorik ez zutela egingo mahai gainean «eduki politikorik» jartzen ez bazen; hau da, itun bat adosteko moduko mugimendurik ez bazen.

Uda igaro zen eta urte politiko berri bat hasi, baina Jaurlaritzaren jarrera ez da aldatu, eta behin eta berriz galdetu badiote ere, Ubarretxenak beti erantzun izan du Pradales eta Sanchez biltzeko moduko egoerarik ez dela oraindik. Hain zuzen, Ubarretxena bera Madrilera joan-etorrian aritu da irailean, akordio baterako urratsak egiteko asmoz.

Eta gero zer?

Hauteskunde testuinguruak, baina, nabarmen konplikatu dezake urrats gehiago egiteko aukera, eta bozen ostean gertatuko denak baldintzatuko ditu hortik aurrerakoak. Pentsatzekoa da Sanchezek gobernuburu gisa eustea lortuko balu pauso gehiago emateko modua izango lukeela Jaurlaritzak; besteak beste, EAJren babesa beharko lukeelako. Inkestek iradokitzen dutena gertatuz gero, berriz, ikusteko dago Alberto Nuñez Feijooren gobernu batekin zer nolako hartu-emanak izango lituzkeen Jaurlaritzak. Hor erabakigarria da Voxen pisua, kanpotik edo gobernu barrutik eragiteko izango duen ahalmena, eskuin muturreko alderdiak argiki azaldu izan baitu estatuaren izaera zentralistago baterako nahia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA