Hil eta 44 urtera ailegatu da aitortza, baina ailegatu da: Eusko Jaurlaritzak torturaren biktima gisa aitortu du Esteban Muruetagoiena Scola, noiz eta gaur, Torturaren Biktimak Babesteko Nazioarteko Egunean. Egiari Zor fundazioak eman du Aitortza eta Erreparaziorako Euskal Legearen esparruan egindako aldeko ebazpenaren berri, eta ontzat hartu du erabakia: «Aintzatespen ofizial hau ezinbesteko urratsa da parametro demokratikoetan oinarritutako bizikidetza bat lortzeko egin behar dugun bidean». Baina ez hori bakarrik, fundazioko kideak sinetsita daude halako erabakiek bidea ixten diotela torturak berriz gertatzeari, eta justizia eskubidea «desblokeatu» egiten dutela.
Ondarroarra zen Muruetagoiena (Bizkaia), Oiartzungo osasun zentroko medikua, eta 1982ko martxoaren 15ean atxilotu zuen Guardia Zibilak. Guztira hamar egunez izan zuten inkomunikatuta, terrorismoaren aurkako legea aplikatuta. Martxoaren 25ean utzi zuten aske, inolako kargurik gabe, eta handik hiru egunera hil zen, 38 urte zituela. «Iturri ofizialen bertsioak esaten du infartu batek jota hil zela, baina autopsiaren txostenak tortura ebidentzia nabarmenak azaleratu zituen», salatu du Egiari Zor-ek. Gaurko aintzatespena, berandu badator ere, Muruetagoienaren oroimena eta haren familiari eragindako kaltea erreparatzera iritsi da, fundazioaren ustez.
Aspaldi hasi zen Egiari Zor 12/2016 Legearen erreforma eskatzen, eta gaur, hain justu, Eusko Legebiltzarrean izan dira, «giza eskubideen urraketen biktimei eta, bereziki, torturaren biktimei aitortza eta ordaina emateko bidean aurrera egiteko». Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Jose solastatu da han, eta erran du, bertzeak bertze, torturaren biktimen «duintasunaren, justiziaren eta egiaren alde» lan egin behar dela, biktima horiek «euskal gizartean dagokien lekua har dezaten».
Esteban Muruetagoienaren kasua «inpunitatearen aurkako borrokaren ikurra» da Egiari Zor-eko kideentzat, baita Espainiako Estatuaren indarkeria jasan zutenen «sufrimendua aitortzeko beharraren» sinbolo ere. Lanean jarraitzeko deia egin dute, azkenik: «Tortura kasu guztiak ahanzturan gera ez daitezen, eta biktima guztien aitortza eta erreparazioa zintzoki berma dadin».