Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Josek Euskal Herrian hamarkada askoan izandako tortura kasuei erreparatu die, Eusko Legebiltzarrean, Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Egunaren harira. Esan du torturaren biktimen «duintasunaren, justiziaren eta egiaren alde» lan egin behar dela, biktima horiek «euskal gizartean dagokien lekua har dezaten». PSE-EEko legebiltzarkide Miren Gallastegiren galdera bati erantzunez aritu da San Jose sailburu sozialista torturari buruz. «Biktimen aitortza sendotu behar da, beren arreta psikologikoa eta soziala bermatu, eta legeak arautzen dituen erreparazio sinbolikorako neurriak gauzatu», esan du.
San Josek «erabat» gaitzetsi ditu «gizartean sekula jazo behar ez zuten gertaera horiek». Gaineratu duenez, «pertsonen oinarrizko eskubideen eta duintasunaren aurkako erasoak» dira tortura kasuak. Eta hori baino gehiago esan du: «Herritarrak babesteko legezko mandatua zuten horien botere abusua izan zen». Hori dela eta, San Josek uste du Euskal Herrian egondako milaka tortura kasuek «ezbaian» jartzen dutela «estatu demokratikoaren zilegitasuna».
Hori horrela, sailburuak adierazi du Giza Eskubideen Sailaren «lehentasuna» dela tortura kasuen aitortzan aurrera egitea: «Erreparazioa eta arreta eman behar diegu denbora gehiegiz erakundeen aitortzarik gabe egon diren biktimei». Eta biktima horiek zein diren zehaztu du: «Botere publikoek edota talde parapolizialek eta eskuin muturrekoek egindako torturen eta beste giza eskubideen urraketen biktimak».
Aitortza gehiago
Hala, garrantzia eman dio 12/2016 Legearen baitako Balorazio batzordearen lanari. Iragarri du auzi medikuen taldea osatu dela, baita aitortzen aurreko eskaerak aztertzeko lantaldea ere. «Ezinbestekoa da eskaeren instrukzio egokia egin ahal izateko», esan du. San Josek aurreratu du Balorazio batzordeak Eusko Legebiltzarrean azalduko dituela 2025eko uztailetik 2026ko ekainera bitartean aztertutako auzi zehatzak, legeak finkatzen duen moduan. 12/2016 Legea onartu zenetik, 183 pertsona aitortu dituzte torturaren eta tratu txarren biktima gisa.
«Pertsona horien bizitzak erabat baldintzaturik geratu ziren, euren osotasun fisikoa eta emozionala urratua izan ondoren»
MARIA JESUS SAN JOSE Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburua
Halaber, Giza Eskubideen sailburuak adierazi du Balorazio batzordeak berak azpimarratzen duela tortura dela «giza eskubideen urraketen artean larrienetakoa», eta gogoratu du zenbait alditan «heriotza ere» eragin duela torturak. Beste askotan, berriz, heriotza zuzena eragin gabe, betiko izan diren zauri fisikoak eta psikologiko larriak ekarri dizkie biktimei. «Biktima batzuei desgaitasunen bat aitortu diete betiko, pairatutako sufrikarioa tarteko. Pertsona horien bizitzak erabat baldintzaturik geratu ziren, euren osotasun fisikoa eta emozionala urratua izan ondoren, eta atzera-bueltarik gabe aldatu ziren haien bizi proiektuak».
Duela bi urte, Torturatuen Sarea jarri zuten martxan Euskal Herrian, eta dagoeneko 1.600 kide baino gehiago daude saretuak. «Euskal Herriko bazter guztietara heltzea lortu dugu, denon auzolana etekina ematen ari da, eta, oraindik aurretik lan handia daukagun arren, zuei esker heldu gara hona», idatzi du elkarteak BERRIAra igorritako gutun batean. Eusko Jaurlaritzarentzako egindako torturari buruzko ikerketan, Paco Etxeberria auzi medikuak 4.000 tortura kasu baino gehiago dokumentatu zituen.