«Giro adeitsuan» egin dute euren arteko lehenengo bilera EAJko presidente Aitor Estebanek eta Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Richar Vaquerok. Bilbon bildu dira, Sabin Etxean, 45 minutuz. GAur egun, moreek ez dute ordezkaritzarik Eusko Legebiltzarrean, baina bai Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan, baita Bilbo, Gasteiz eta Donostiako udaletan ere. EAJren iturriek azaldu dutenez, ordezkari biak bat etorri dira ideia batean: «herritarren aldeko neurriak desberdintasun ideologikoen gainetik» jarri behar dira.
Baina gauza bat da manera onak izatea, eta beste bat gaurkotasun politikoa, eta gaurkotasuna oso loturik dago iluntzean Espainiako Kongresuan bozkatuko den alokairuen inguruko dekretu batekin. EAJk etxe bakarra alokatzen duten jabeak babestea hitzartu du Espainiako Gobernuarekin. Neurri hori aplikatuz gero, maizterrek ordaintzen ez dutenean jabeak ez die beste bizitoki bat eskaini beharko, haiek zaurgarritasun egoeran egon arren.
Bada, Podemoseko idazkari nagusi Ione Belarrak hitz oso gogorrak esan ditu akordio horri erreparatuz. Adostutakoak «nazka izugarria» ematen diola adierazi du, eta akordioa hori «kriminala» dela. Estebanek ez du aukera alferrik pasatzen utzi, eta, gaurko bileran, hitz horiek «desegokiak» izan zirela helarazi dio Richar Vaquerori, Podemosen EAEko adarreko buruari, alegia. Jeltzaleek azpimarratu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan alokaturik dauden etxeen %97 jabe txikienak direla.
Hala, bileran agerian geratu da etxebizitzaren auziari aurre egiteko dituzten planteamenduak «antagonikoak» direla, Ahal Dugu-ko iturrien arabera. Vaquerok salatu du etxebizitza ezin dela «espekulaziorako ondasun» izan, eta Javier Buronen El problema de la vivienda (Etxebizitzaren arazoa) liburua oparitu dio Estebani. Egileak parke publiko sozial bat sortzearen alde egiten du, eta estatuak merkatua arautzeko beharra nabarmentzen.
Are, eztabaida Espainiako esparrutik Araba, Bizkai eta Gipuzkoara ekarrita, Ahal Dugu-k bileran adierazi du euskal erakundeek badituztela «eskumenak eta erremintak» arazoari erantzuteko. Beraz, alderdi hark uste du «borondate kontua» dela, EAJk gobernatzen dituen erakundeen borondatearena, hain justu.
Batzar Nagusien itunak
Edonola ere, «herritarren ongizatea lehenestea» dute helburu alderdi biek, eta uste dute xede hori bete egin dela Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan lortutako akordioetan. Batean zein bestean, EAJk eta PSE-EEk osatzen dituzten foru gobernuek ez dute gehiengoa, eta Elkarrekin Ahal Dugu-k eman die aurrekontuak aurrera ateratzeko behar zuten babesa. Gipuzkoan, gainera, zerga erreforma ere moreekin akordioa eginda onartu ahal izan zuen foru gobernuak, aurreko urtean.