Getxoko II. Instrukzio Epaitegiak bi delitu zantzu atzeman ditu Getxoko (Bizkaia) Irurak Bat jauregiko eraistearekin lotuta. Bata, ondare historikoari buruzkoa; eta bestea, ondare historikoarekin lotutako prebarikazioa. Hamar pertsona inputatu dituzte, tartean udaleko hiru zinegotzi, EAJkoak: Irantzu Uriarte, Ignacio Uriarte eta Iñigo Urkitza.
Getxoko Udala EAJk eta PSE-EEk gobernatzen dute, eta EAJko bederatzi zinegotzitik hiruk eman dute dimisioa, epaileak inputatuko hirurek, hain zuzen. Ikertutakoak otsailaren 25erako deitu dituzte epailearen aurrean deklaratzera.
Auzia 2024ko urriaren 21ean ireki zuten, abuztuan jauregia eraitsi ostean. 2025eko urriaren 17an igorritako autoan ondorioztatu zuten Zigor Kodeko 321. eta 322. artikuluak urratu zituztela —ondare historikoaren kontrako delituez dihardute artikulu horiek—. Lau pertsona ikertzen ari zirela jakinarazi zuten, eta laurak daude jauregia eraitsi zuen enpresarekin lotuta. Urtarrilaren 12an, atestatua zabaldu ostean, ustezko prebarikazio delitu bat ere erantsi zuen epaileak, ondare historikoaren kontra jardun zutelakoan.
Auzia 2023an abiatu zen. Proiektu bat aurkeztu zuten Irurak Bat jauregia eraitsi eta orube hartan luxuzko hamabi etxebizitza eraikitzeko. Biurban etxebizitza kooperatibak eskatu zuen jauregia eraitsi eta han eraikitzeko baimena, 2023ko ekainean. Lizentzia hori eskatu baino hiru hilabete lehenago, EAJko bi zinegotzi, Irantzu Uriarte eta Ignacio Uriarte, kooperatibako bazkide egin ziren. Hain zuzen, epaileak bi horiek inputatu ditu, Iñigo Urkitza zinegotzi jeltzalearekin batera. Irurak Bat jauregia XIX. mendekoa zen, eta legez babestuta zegoen; hala, ondarearen kontrako delitu baten zantzuak ikusita inputatu dituzte kargudun eta teknikari horiek, besteak beste.
2024ko abuztuan eraitsi zuten eraikina, eta EH Bildu galderak egiten hasi zen horren inguruan. Are, batzorde berezi bat eskatu zuen auziari buruzko galderak argitzeko. Besteak beste, 2023 hasieran udal arkitekto batek egina baitzuen eraistearen aurkako txostena. Gero beste txosten bat eskatu zuten, udaleko beste arkitekto batek egina. Behin jauregia eraitsita, 2024ko udan, udalak fiskaltzara jo zezan ere eskatu zuen EH Bilduk. EAJk eta PSE-EEk ezezkoa bozkatu zuten, eta PP abstenitu egin zen. Auzia Fiskaltzara EH Bilduk eraman zuen. Udala akusazio partikular gisa aurkez zedin ere eskatu zuen koalizioak, eta hari ere ezezkoa eman zioten EAJk eta PSE-EEk.
Anduezak «irmotasuna» eskatu du
Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak «irmotasuna» eskatu dio alkateari, Amaia Agirre jeltzaleari, eta gaineratu du aurrerantzean alkatetzan hartzen diren erabakien arabera erabakiko duela PSE-EEk gobernuan segitu edo ez —Onda Vasca irratian mintzatu da Andueza—.
Epaileak zinegotziak inputatu ostean hartu du hitza PSE-EEk. Anduezak Getxoko alkateari eskatu dio «hartu beharreko neurriak hartzeko», zehaztu gabe zer neurriz ari den. Halere, esan du egin beharreko lehen gauza EAJren zinegotziek dimisioa ematea zela, eta hori egin dutela jada; horren harira, zera gaineratu du: «hortik aurrera, maila organikoan hartu beharreko neurriak EAJk hartu behar ditu, eta ni ez naiz nor EAJri esateko zer egin behar duen, baina alkateak bururaino joan behar du, eta herritarren konfiantza berriz irabazi behar da Getxoko Udalean».
Sozialistak alkatearekin biltzekoak dira, eta Anduezak adierazi du bilera horietako azalpenen arabera erabakiko dutela «udal gobernuan segitu edo ez», baina aitortu du egoera «deserosoa» dela, besteak beste sozialistek osatutako gobernu talde horretako «kide batzuek» ez dutelako jokabide «etikoa» izan.
Iñigo Ansola EAJren Bizkai Buru Batzarreko buruak esan zuen jeltzaleek egin beharrekoa egina zutela, eta baztertu egin zuen Agirrek dimisioa ematea.
PPk, baina, iragarri du Agirrek dimisioa eman dezala eskatuko duela ostegunean osoko bilkuran mozio batean.
Honela dago banatuta indarra: EAJk bederatzi zinegotzi ditu, baina, hiruk dimisioa eman ondoren, seirekin geratu da; PPk eta EH Bilduk seina dituzte, PSE-EEk hiru, eta Elkarrekin-ek bat. Ikusteko dago EAJko hiru zinegotziek dimisioa eman ostean zein beste hiruk hartuko dituzten karguak. Ez dirudi aste honetan ordezkoak lotzeko modurik izango denik.