EAJko buruak ez du gustuko EH Bilduko eledun nagusiek Jose Antonio Agirreri aldiro erreparatzea, azkenaldi honetan gertatzen ari den moduan. Aitor Estebanek bilkideei eskatu die «euren» erreferenteei erreparatzeko, eta ez jeltzaleenei. «Txabi Etxebarrieta, Argala, Gadafi, Txapote, Urrutikoetxea eta Otegi bera» dira EH Bilduren «legatua», Estebanen hitzetan, eta horiei erreparatzeko eskatu die koalizioko eledunei, «oso ikusgarriak ez diren arren».
Herri Irratian egindako elkarrizketa batean, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak adierazi du «Euskadiren egoera» ez dela «kontzentrazio gobernu bat egiteko» modukoa. «Otegi eta enparauak gobernu horren alde ari dira», Estebanek azaldu duenez, eta azpimarratu du Euskal Autonomia Erkidegoan «gehiengo zabala duen gobernu bat» dagoela, «lanean ari dena eta irtenbide zehatzak proposatzen ari dena».
EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik «aniztasun zabaleko gobernu bat» proposatu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako, «komunistekin, sozialistekin, eta abertzaletasunaren bi familiekin». Gogoratu zuen Jose Antonio Agirrek lehen Jaurlaritzan halako gobernu bat osatu zuela 36ko gerra hasi berritan, eta gaur egunerako ere «denak hartuko dituen gobernu bat» nahi du Otegik, salbu eta «sektarioak».
«Gure pertsonaiei begira daude eurenei begira egon ordez, gutarrek herrialde bat utzi eta demokraziaren defentsa egin baitute»
AITOR ESTEBAN EAJko presidentea
Horrez gain, Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko eledun Pello Otxandianok proposamen bat utzi du Gasteizko ganberan landu dezaten: Loiuko aireportuak Lehendakari Agirre izena hartzea. Estebanek gogoratu du Estepan Urkiaga Lauaxeta-ri ere erreparatu diotela EH Bilduko eledunek, baita Juan Jose Ibarretxeri ere. «Gure pertsonaiei begira daude eurenei begira egon ordez, gutarrek herrialde bat utzi eta demokraziaren alde egin baitute».
Kontzentrazio gobernu bat
EH Bilduk kontzentrazio gobernu bati buruz egindako proposamenari erantzunez, Estebanek esan du hori «irtenbide errazaren» bila aritzea dela, proiektu baten faltan. Erantsi du modu horretan «pankartaren atzean» jartzen dela EH Bildu, «datorren faxismoaz» hitz egiten duela, «gelditu» egin behar dela azpimarratuz, «gerra zibilean egongo balitz bezala». EAJko buruarentzat, ez dago halakorik: «Ez gaude egoera horretan, ezta hurrik eman ere». Jeltzaleen presidentearen arabera, «itxaron» egin behar da «Espainiako Gobernura zer datorren» ikusteko. Horregatik, esan du «lege eta proposamen zehatzen bidez, etengabeko lanaren bidez» prestatu behar dela datorrenerako, «ez pankarten eta leloen bidez».
EH Bilduren aurkako kritikan oparo ibili da Esteban. Ekainean bertan, Otegik esan zuen «haserre» sumatzen duela jeltzalea: «Kargura iritsi zenetik, amorratuta ikusten dut, eta aurrez aurrekoaren bila, baina ez naiz sartuko horretan». Bada, EAJko buruak uste du koalizio subiranistak gobernuan aritzeko helburua duela: «Azkenaldi honetan, edozer besarkatzen dute». Nabarmendu du koalizioak «EAJri ere» proposatu diola «elkarrekin joatea», baina, gero, koalizio abertzalea ez ei dago ados EAJren politikekin, «edozein direla ere». Halaber, aurreikusi du jeltzaleak eta bilkideak elkarrekin aritzeak arazo handiak eragingo lituzkeela Madrilen. EH Bilduk aspaldian egina dauka, ez alferrik, «nazio gisa» zerrenda bakarra osatzeko proposamena, baina aukera hori erabat baztertu du EAJk: «Madrilen ez geundeke ados ia ezertan ere, ez azpiegituretan, ez eta politika sozioekonomikoetan ere. Ez dauka ez hankarik ez bururik».