Aitor Esteban EAJren Euzkadi Buru Batzarrera iritsi denetik, bestelako fase bat hasi da jeltzaleen eta EH Bilduren arteko harremanetan, eta ez jarrera gerturatzeko bidean. Hala adierazi du gaur koalizio subiranistako idazkari nagusi Arnaldo Otegik, berretsi baitu EBBrekin dituen komunikazio bideak ez direla hain joriak. Are gehiago, «haserre» ikusten du Esteban: «Kargura iritsi zenetik, amorratuta ikusten dut, eta aurrez aurrekoaren bila, baina ez naiz sartuko horretan». Halere, kargu hartu dio azken egunetan egindako adierazpenengatik, eta eztabaida «lokaztea» leporatu dio.
Urtebete baino gutxiago falta da udal eta foru hauteskundeetarako, eta agerikoa da alderdiek jada begi bat jarria dutela maiatzaren 23an. Horren adibide da atzo bertan EAJk Bilboko alkategai berria aurkeztu izana: Mikel Hidalgo. Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Otegik aitortu du ez duela ezagutzen hautagaia, eta ikusi beharko dela ea «bestelako proiektu bat» dakarren. Izan ere, EH Bilduko buruaren hitzetan, aldaketa ez da «termino biologikoetan» gertatzen —Hidalgok 33 urte ditu—, politikoetan baizik.
Bilboko gaiak alde batera utzi gabe, galdetu diote ea Maria del Rio izango den berriro EH Bilduko alkategaia. «Jendeak hala nahi badu, bai», erantzun du, baina gehitu EH Bildu irailetik aurrera hasiko dela hauteskunde zerrendak osatzeko prozesuan. Izan ere, Otegik dio «lasai» daudela bozei begira, eta lerroburu bat atera du azken inkestetatik: azken bozetan inoizko emaitzarik onenak lortu bazituen ere, gehien hazten ari den indarra dela koalizioa.
Madrilera begira ere jarri da elkarrizketan. Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen gertuko alderdikide eta senideen kontra irekitako auzi judizialez galdetuta, Otegik erantzun du «78ko erregimenari lotutako» zerbait dela ustelkeria, eta aurre egin behar zaiola. Era berean, baina, tentuz aritu behar dela gehitu du, kasu horien atzean beste helburu batzuk daudelakoan: «Norbaitek uste du Guardia Zibila operazio hori egiten ari dela Espainian ustelkeriarik izan ez dadin? Hemen, ustelkeriaz gain, operazio politiko bat dago».
Operazio horren xedea zein den ere argi du Otegik. Sanchezen edo oraingo PSOEren aurka egiteko asmoa ez ezik azken urteetan irekitako «aukera leihoa» ixteko asmoa ere badagoela salatu du. «Alderdi Sozialista honek estatuko ezker plurinazionalarekin egindako aliantza politika» dute jomugan, haren ustez: «PSOE hau suntsitu behar dute, trantsizioa egin zuen PSOE itzul dadin». Eta gogoratu du Euskal Herrian aski ezagunak direla Espainiako Auzitegi Nazionalak egin ditzakeen sumarioak. «Arraroa egiten zait Guardia Zibilaren txostenei sinesgarritasuna ematea», esan du.
Hain zuzen, auzi horiei dagokienez, Estebanek «begiak ixtea» leporatu zion EH Bilduri asteburuan: «Kritika bakar bat ere ez, ezta kezkarik ere, gertatzen ari den guztiaren inguruan». Otegik, berriz, erantzun dio ea ez ote den EAJ auziarekin arazo bat duena: «Bitxia da. Hiru lurralde hauetan norekin gobernatzen du? Guk arazo bat badugu kritikatzen ez ditugulako, hark handiagoa izango du, ba, haiekin gobernatuta. PSOEren parte baita PSE».
Otegik kezka adierazi du Estebanek ekitaldi berean egindako beste adierazpen batzuengatik. «Duintasun politikoaren mugan dauden gauzak esan ditu», adierazi du, Estebanek Xenpelarreko eta Kukaiko erasoen auziaren inguruan esandakoei erreparatuz. Jeltzaleak «isiltasunaren legea» aplikatzea egotzi zion koalizioari, eta Errenteriako erasoak «estali eta ezkutatzea». Hitz horiek «kalumniatik gertu» daude, Otegiren esanetan, eta buruzagi subiranistak azpimarratu du Errenteriako Udalak mugimendu feministaren eskutik eta adingabeak eta haien familiak errespetatuz jardun duela.
Hizketan jarraitzeko
Atzoko egunak utzitako albisteetako bat da EH Bildu abstenitu egin zela Euskal Enplegu Publikoaren Legearen erreformaren tramitazioan, jeltzaleen zuzenketek bidea egin zezaten. Otegiren esanetan, negoziatzen segitzea da erabakiaren xedea: «Hizketan ari gara, eta akordio ez izatea ez da alternatiba bat».
EH Bildu ziur da bere proposamena jeltzaleena baino hobea dela, eta uste du adituak ere iritzi berekoak direla, baina jeltzaleek jakinarazi diete ez dutela halakorik onartuko. Beraz, hitz egiten jarraitzeko asmotan dira, «aterik itxi gabe».