Estebanek esan du estatus berria Espainiako hauteskundeak baino lehen «borobildu» nahiko lukeela

EAJko presidenteak balioa eman dio hiru talde politikoek ados jartzeko egiten ari diren ahaleginari. Iritzi dio estatus berriak «herritarren ongizatea» ekarriko duela. Otegiri eskatu dio zehaztu dezala non nahi dituen aliantzak.

Aitor Esteban, Gasteizen, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Aitor Esteban, Gasteizen, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
nerea intxausti
2026ko irailaren 22a
13:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Autonomia Erkidegorako estatus politiko-juridiko berria «lehenbailehen» onartzea gustatuko litzaiokeela aitortu du Aitor Esteban EAJren EBBko presidenteak. Radio Euskadin izan da gaur goizean, eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeak baino lehen «borobildu» nahiko lukeela esan du, baina ez dela prozesu erraza: «Gauza asko eztabaidatu behar dira».

Estebanek onartu du alderdi bakoitzak bere ikuspuntua duela estatus berriari buruz, baina helburua dela egungo gizarte mota kontuan hartu, eta autogobernuan aurrera egitea. Iritzi dio horrek ekarriko duela ongizatea, «gertuagotik eta egokiago kudeatu ahal izango delako herritarrek behar dutena». «Autogobernuari buruzko akordio bat lortzen saiatu behar dugu, herritarren gehiengo handi bat eroso egon dadin, eta 1979an aurreikusita ez zeuden gaiak txerta ditzakegu».

Dena dela, balioa eman nahi izan dio jada egin duten lanari: «Balioa ematekoa da hain ezberdinak diren hiru talde politikok adostasunak lortzea, bakoitzak bere pentsamoldearen lorratzak utzita». Argitu du, akordio bat eginda ere, Eusko Legebiltzarreko tramiteak pasa beharko lituzkeela oraindik.

«Estrategia», eta ez «taktika»

Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak atzo azaldu zuen aliantzak egiteko prestutasuna. Estebanek, baina, erantzun dio ez dituela kontuak behar bezala zehazten: «Madrili buruz ari da, zerrenda bateratuak egiteari buruz, ondorengo akordio bati buruz, Eusko Jaurlaritzari buruz, kontzentrazio gobernu bati buruz?». 

Adostasun «taktikoak» lortu nahiko lituzkeela esan zion EH Bilduko idazkari nagusiak, baina EAJkoak esan dio bera «erabaki estrategikoen» alde dagoela, «taktikoen» alde egon beharrean. Hala, koalizio subiranistari aurpegiratu dio «herrialdea aurrera ateratzeko adostasunak» lortzeko momentuan legeei ezekoa ematea: «Guri esperientziak erakutsi digu, aurrera batera egin nahi izan genuenean, ezezkoa eman ziotela Etxebizitza Legeari, autobide arautzaileari, Arartekoari, Ertzaintza ereduari...».

Otegik atzo azpimarratu zuen bloke erreakzionarioari aurre egin behar zaiola. Estebanek erantzun dio, ordea, Europan polarizazioa argia bada ere, euskal lurraldeetan ez dela hala: «Europan muturren aurreratze bat ikusten ari gara, denaren polarizazio bat». Euskal Herrian, baina, egoera bestelakoa dela esan du, eta eskuin muturra ez dela hain indartsua: «Hemen Voxek ez dauka ez diputaturik, ez senataririk, ez alkaterik; eta PP zaku berean sartu nahiko bagenu, bi eserleku soilik ditu, senatari bat eta bi alkatetza».

EH Bilduko buruari soilik ez, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezari ere erantzun dio Estebanek. Nazio auzia «lehentasun» bezala aurkeztea txarretsi izan du hark, baina Estebanek esan du nazio auzia «oso garrantzitsua» dela, eta haientzat estatus berria eta nazio auzia batera doazela: «Ez gara autonomia erkidego bat, ezberdinak gara, zerbait gehiago gara, eta herritarren gehiengoak nazio sentimendua du». 

Eskumenak, eskualdatzeke

Estebanek esan du Madrildik ziurtatu diotela Espainiako Gobernuak aurrekontuak aurkeztuko dituela, eta auziaz eztabaidatzeko prest da EAJ. Halere, iruditzen zaio ez direla aurrera aterako, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak hauteskundeak deituko dituela urtea amaitu baino lehen.

Halere, uste du Sanchezek beteko duela Gernikako Estatutua osatzeko egindako ituna: «Esango nuke inbestiduran adostutakoen %75-80 beteta dagoela jada, kostata; orain trabatuta gaude estatutua betetzeko gaietan». Auzi nagusietako bat da Bilboko eta Pasaiako portuen kudeaketari lotutakoa. «Pasaiako Portuaren desklasifikazioa adostuta zegoen EAJren eta Espainiako Gobernuaren artean», oroitu du, baina sozialistek kontrako norabidean doazen adierazpenak egin dituzte. Egoera horren aurrean, EBBko presidenteak tinko adierazi du portua lehiakortasuna galtzen ari dela, eta euskal erakundeetatik kudeatzeko beharra daukala, «gertuagotik».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA