PSE-EEk adimen artifiziala erabiliz egin eta X sarean asteon zabaldutako argazkiak mugarri bat ezarri du jeltzaleen eta sozialisten arteko harremanean. Hala ohartarazi du gaur EAJko buruzagi Aitor Estebanek. EBBko presidenteak «onartezintzat» jo du bazkideen jarrera, bereziki haien idazkari nagusiarena, Eneko Anduezarena. Aurpegiratu dio Eusko Jaurlaritzatik kanpo egotea baliatu duela soka tenkatzeko. Esan du gobernu koalizioa ez dela hautsiko, baina ohartarazi du EAJ ez dela «isilduko» aurrerantzean.
ETBri emandako elkarrizketa batean, Estebanek esplikatu du bera barregarri uzten duen irudiak baino gehiago mezuaren edukiak eta esanahiak haserretu zituela. «PSE-EEren kontu ofizialetik egin zen hori, bazkide duten alderdiaren kontra egiteko, eta haren buruzagiaren irudia erabilita. Baina, gainera, esaten dena gezurra da, eta errelato bat zabaldu gura dute gizartean. Eta hori ezin dugu onartu». Sozialistek jeltzaleei egotzi zieten «EH Bilduren atzetik» joatea, «oposizioetan euskara eskakizunak handitzea, eta oraintsuko kontsentsuak haustea».
Estebanek azaldu duenez, aurreko astean Anduezarekin batzar bat izan zuen Enplegu Publikoaren Legearen erreformaz hitz egiteko. Ituna lortzeko jeltzaleek egindako «ahalegina» eskertu omen zien PSE-EEren idazkari nagusiak bilera hartan, eta hitzeman zien ez zuela gaia xextra sortzeko erabiliko. «Baina handik egun gutxi batzuetara, adierazpenak, memeak… Hori nola irensten da?», gaitzetsi du, eta gogorarazi urtebete egon direla negoziatzen.
«PSE-EEren kontu ofizialetik egin zen hori, bazkide duten alderdiaren kontra egiteko. Baina, gainera, esaten dena gezurra da. Eta hori ezin dugu onartu»
AITOR ESTEBAN EAJko presidentea
Estatus berriaren eztabaida eta euskara nahastea egotzi die sozialistei, eta hizkuntza interes politikoz erabiltzea. «Azalpen bakarra da planifikatuta zegoela, eta estrategia bat zutela euskararekin», esan du Estebanek. Izan ere, mezua dela eta, EAJk bertan behera utzi zuen Moncloako ordezkari batekin Sabin Etxean egitekoa zuen bilera. Gerora jakin zen Antonio Hernando zela ordezkari hori. Gaur egun Telekomunikazioko estatu idazkaria da, baina aurrez Sanchezen kabineteko zuzendaritzan aritu zen. Anduezak ere parte hartu behar zuen bilera horretan, eta Gernikako Estatutuaren berrikuntza zegoen agendan.
Baikor, halere
EBBko presidenteak berretsi du euskararen aurkako oldarraldi judizialari aurre egiteko modu bakarra legea egokitzea dela, lan eskaintza publikoetan euskara eskakizunak bermatu ahal izateko. Hori dela eta, sozialistei ohartarazi die ezer ez egitea ez dela aukera bat: «Sententzia batzuk egon dira, eta hori ukaezina da. Begiak ixtearekin ez dugu ezer konponduko; zeozer egin behar da».
Atzo Anduezak adierazi zuen, ordea, oraintxe mahaiaren gainean dauden bi proposamenak «mehatxua» direla Araba, Bizkai eta Gipuzkoako «milaka langilerentzat». Eta horien aurkako «erantzuna kalean» emateko deia egin zuen. Estebanek ukatu egin du EAJren proposamena inoren kontra doala, eta gogorarazi du euskara ikasteko moduak eskainiko dizkietela langileei. «Proposamena zabala da, eta arazoa konponduko du, orain dagoen eredua indarrean mantenduta».
Horregatik hain justu ere, jeltzaleen ekimenaren aldeko defentsa egin du EBBko presidenteak, hori delakoan alderdi ezberdinen arteko «kontsentsurik handiena» lortzeko modu bakarra. «EH Bilduk eredua guztiz aldatzea proposatzen du, eta, gure ustez, oraintxe bertan, gauzak dauden moduan, ez da egokiena». Baikor azaldu da, halere, iritzi baitio oraindik badagoela akordio bat lortzeko aukera.
Estebanek aitortu du astearteaz geroztik ez duela Anduezarekin hitz egin, baina asteon Joseba Diez Antxustegi jeltzaleek Eusko Legebiltzarrean duten bozeramaileak esandakoa berretsi du: Moncloaren deia jaso du. Espainiako Gobernuko presidentearen kabineteburu Diegu Rubiok deitu zion, urak baretzeko asmoz. Ez du elkarrizketa horren inguruko xehetasunik argitu nahi izan, baina, iradoki duenez, ez zituen hitz politak izan Anduezarentzat: «Niretzat gorde nahi nuke, eta Eneko leku onean utzi».
Bazkideen arteko hamaikagarren xextra izanagatik ere, egonkor ikusten du Jaurlaritza, eta ziurtatu koalizioa ez dagoela «arriskuan»: «Gobernu barruan giroa ona da». Ohartarazi du, hala ere, aldaketa bat ekarriko duela bi bazkideen arteko harremanean: «Urtebete eman dut neure buruari eusten, baina jada erabaki dut: EAJ ez da isilduko aurrerantzean. Ez gara polemiketan sartuko, ez dugu zaratarik egingo, manerak zainduko ditugu, baina ez gara isilduko».