Gaur hamabost urte dira ETAk behin betiko su etena iragarri zuenetik, eta Eusko Jaurlaritzak adierazpen instituzional bat onartu du urtemuga «gogoratzeko eta ospatzeko». Maria Ubarretxena bozeramaileak irakurri du adierazpena, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan: «Mina, sufrimendua eta heriotza sortu baino egiten ez duen indarkeria eta terrorismo espiralaren amaiera ospatzen dugu».
Eusko Jaurlaritzak atzera eta aurrera begiratzeko baliatu du adierazpena. Nabarmendu duenez, ETAk su etena iragarri zuenetik «inor» ez da mehatxupean sentitu bere ideiak defendatzeagatik. Eta, halaber, azpimarratu du gizartea gai izan dela desadostasun politikoak «elkarrizketaren eta akordioaren bidez konpontzeko»: «Euskal gizartea bakean bizi da, eta aurrera egin du bizikidetzaren bidean».
Memoriaren eta giza eskubideen arloan egindako «aurrerapenak» ere goretsi ditu gobernuak, eta zehaztu martxan jarritako neurrien helburua «biktimei laguntzea eta aitortza bistaratzea» izan dela. «Halaber, modua eman digute begirada zabaltzeko eta beste indarkeria eta giza eskubideen urraketa batzuek sortutako sufrimendua aitortzeko», dio testuak.
Jaurlaritzak, ordea, «triunfalismoetan» ez erortzeko eskatu du, oraindik «bide luzea» geratzen baita egiteko: «Itxurazko normaltasunaren azpian, minak jarraitzen du ezkutuan, eta min hori argitara atera behar da, bistaratu egin behar da, arreta eta aitortza lortu behar ditugu». Egitekoen artean kokatu du, esaterako, indarkeriaren aurkako aitortza egin ez dutenei eskatzea batu daitezela «bizikidetza eta balio demokratikoak indartzeko bide batera».
Zeharka eta inoren izenik aipatu gabe, gobernuak salatu du oraindik badirela «parametro zaharrei» eusten dietenak, «gizartearekin preskribatzen ez duen zor moral bat dutenak». Bada, Jaurlaritzaren arabera, pertsona horiei mintzatzeko balio beharko luke urteurrenak. «Bizikidetza eta adiskidetzea oinarri sendoetan finkatu behar dira, balio konpartituetan, eragindako kaltea aitortzeko eta konpontzeko jarrera zintzoan, biktimen aldeko benetako enpatian», dio adierazpen instituzionalak.
«Atzerapausorik ez»
ETAren behin betiko su etenaren urteurrena gaur egunera ekarri nahi izan du Jaurlaritzak, lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrenarekin lotuz. Izan ere, Jaurlaritzak adierazi du oraindik ere «justifikatu» egiten dela indarkeriaren erabilera. Bada, iraganeko ikasgaiak baliatzearen garrantzia nabarmendu du: «Gure iraganak antidotoaren balioa izan behar du guretzat, deriba horri aurre egiteko».
Era berean, adierazpen instituzionalean haren inguruko erreferentzia zuzenik jaso ez badu ere, Ubarretxenak aipamena egin nahi izan die asteburuan «terrorismo delitu bat» egotzita egindako atxiloketei. Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu du gizarteak ezin duela «atzerapausorik eman», eta aurrera egiten jarraitu behar duela «bakearen eta bizikidetzaren bidean».
«garaipen demokratikoa» azpimarratu du Txibitek
Nafarroako presidente Maria Txibitek ere gogora ekarri du erakunde armatuaren behin betiko su etenaren urteurrena. Haren esanetan, hurbileko historian izandako «garaipen demokratikorik handiena» izan zen hura: «Terrorismoa garaitzea zuzenbide estatuaren oinarriei uko egin gabe». Jazoera hura zuzenean lotu du «biktimen memoriari, duintasunari eta justiziari» erreparatzeko betebeharrarekin.