Etena Errenteriako Udaleko euskara eskakizunen auzian: helegitearen «legitimitatea» aztertuko du epaileak

Udalak auzitan jarri du lan deialdi batekin lotura «materialik» ez duen norbaitek deialdi horren kontrako helegitea jartzea; emandako argudioaren froga gisara 'Argia'-k egindako kazetaritza lana aurkeztu du, eta onartu egin du epaileak.

Errenteriako alkateak udal gobernuko kideekin egindako agerraldia, martxoaren 11n. ANDONI CANELLADA / FOKU
Errenteriako alkateak udal gobernuko kideekin egindako agerraldia, martxoaren 11n. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2026ko irailaren 22a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Martxoan helegite bat aurkeztu zuten Errenteriako Udalaren lan deialdi baten kontra, eta, helegitearen gaineko ebazpena eman behar duen epaileak gaur jakinarazi duenez, dokumentua «sakon» aztertu eta mamian murgildu aurretik beste zerbait ebatzi behar du: helegitea aurkeztu zuenak ba ote zuen «legitimitatea» urrats hori egiteko. Auziaren bi parteak epailearen aurrean elkartu dira gaur, Donostian —Errenteriako Udalaren alde ari den ordezkaritza juridikoa eta helegitea aurkeztu zuen andrazkoaren alde ari dena—, eta Errenteriako Udalaren argudioak aintzakotzat hartuta ebatzi du epaileak auzibidean etena egin behar dela arrazoibide horien gainean gogoetatu ahal izateko eta erabaki bat hartzeko.

Izan ere, Errenteriako Udalaren ordezkaritza juridikoaren argudio nagusia izan da andrazko horrek ez zuela lotura «materialik» lan deialdiarekin, izena emanda ere ez zegoela, eta, ondorioz, ez daukala «legitimitaterik» helegitea jartzeko. «Izan ere, ez du helburu lan deialdiko lanpostu horietako bat eskuratzea», arrazoitu du. Errenteriako Udalaren ordezkaritzaren arabera, helegite horren atzean dagoen «interes bakarra» erakundeetako politika linguistikoa «auzitan jartzea» da, eta hori ere bada helegitea aintzat ez hartzeko motibo. Arrazoibide horien alde egiteko doktrina juridikoa ezarrita dagoela azaldu dio abokatuak epaileari, eta hainbat ebazpenen edukiak xehatu ditu horretarako. 

Martxoan jakin zuen Errenteriako Udalak helegite bat jarrita zegoela 25 administrari lanpostu hautatzeko hilabete batzuk lehenago abiarazi zuten lan deialdiaren kontra. Langile guztiek derrigorrean euskarazko C1 eskakizuna egiaztatua izan behar dutela ebatzi zuen udalak lan deialdi hartarako, eta horixe jartzen du auzitan, hain justu ere, helegiteak. Lan deialdia «bururaino» defendatuko dutela aurreratu zuen Errenteriako alkate Aizpea Otaegik helegiteaz hitz egiteko egin zuen agerraldi batean: behar diren «bitarteko guztiak» jarriko dituztela horretarako. Hedabideen aurrean azalpenak eman zituen martxoaren 11n, Argia-k argitaratutako Nor dago oldarraldiaren atzean? kazetaritza lanaren bidez jakin eta gero «euskararen aurkako talde antolatu batek» propio bultzatuta abiarazi zela auzibide hori. 

Era berean, Argia-k aurrez argitaratutakoa berretsi zuen Otaegik agerraldi hartan: azaldu zuen helegitea jarri zuen emakumezkoa ez dagoela lan deialdian izena emanda ere. Ikerketa lanaren arabera, «Osakidetza barnean antolatutako Unidas por la Libertad Linguistica» plataformako kidea da emakume hori, eta lanpostu finkoa du Osakidetzan. Kazetariek egindako ikerketa lanak CCOO sindikatua ere lotu zuen euskararen kontrako «kanpaina» horrekin. Kazetaritza lan hori —eta haren berri emateko argitaratu ziren beste hainbat— froga moduan aurkeztu dizkio gaur Errenteriako Udalak epaileari, eta onartu egin ditu hark. 

Metatuz joan dira urteotan administrazio publikoaren barruan euskararen normalizazioa bultzatzea helburu duten hizkuntza irizpideen kontrako auzibideak; euskararen kontrako «oldarraldi judiziala» euskalgintzaren eta instituzio publiko askoren kezka bizienetarikoa da, eta oihartzun handia izan zuen Argia-k horien atzean usu «kanpaina antolatu bat» zegoela erakusteko argitaratutako kazetaritza lan horrek. Izan ere, ehunka lagun daude lan deialdietan izena emanda, eta ez dute argi zer gertatuko den deialdi horiekin. Adibiderako, Errenteriako Udalaren aurkako helegiteak etenarazitako deialdian 860 lagun daude izena emanda. 

Ohar baten bidez, aurrez emandako argudioak berritu ditu gaur Errenteriako Udalak. «Bere garaian udal ordezkariek adierazi zuten hautaketa prozesuak hizkuntzari dagokionez eskakizun hori izatea Errenteriako Udalaren urteetako ibilbidearen ondorio koherentea zela, epe luzeko helburuei erantzuten diena, eta udal plangintza oso baten mandatua dela, udal organo desberdinetan onartutako hainbat dokumentu aintzat hartzen dituena», gogora ekarri du. Horiek horrela, berretsi du «kontsentsu zabaletan oinarritutako bidea oztopatu» zuela helegiteak eta, epaiaren zain egon bitartean, lanean segituko duela «kalitatezko administrazio baten oinarrizko printzipioekin eta herritarrek administrazioekin nahi duten hizkuntzan harremanak izateko eskubidearen alde».

Lanpostua lortu ezinda

Errenteriako Udalak ezarritako hizkuntza irizpideen kontrako helegitean ematen den argudioetako bat da lan deialdi horretan lanpostu guztiei C1 hizkuntza maila ezartzea «diskriminatzailea» dela euskara ez dakiten herritarrentzat. «Errenteriako herritarren %62,9ri galarazi egiten zaie Errenteriako Udalean administrari lanpostua eskuratzea», arrazoitu dute. Gogora ekarri dute, gainera, egun jada lanpostuen %80k ezarrita daukatela euskara eskakizunaren gaineko derrigortasuna Errenteriako Udalean, eta portzentaje hori aski dela herritarrek administrazio publikoarekin euskaraz aritzeko duten eskubidea «bermatzeko».

Gaur, helegitea jarri duen andrearen alde ari den abokatuak berretsi egin ditu argudio horiek epailearen aurrean. Helegitearen bidez atzera bota nahi den lan eskakizunean euskara eskakizuna «gehiegizkoa» dela adierazi du. «Euskara ez da meritutzat hartu, lanpostua lortzeko baldintza da», gaitzetsi du. Esan du lan deialdian izena emanda ez daudenek ere helegitea jartzeko «zilegitasuna» dutela «baldintza» hori betetzen ez badute. Horren alde egiteko, batetik, arrazoitu du «baldintza hori» kentzea lortzen bada herritar denentzat kenduko dela, ez lan deialdian izena emanda daudenentzat bakarrik. Bestetik, esan du helegitea jartzean erakunde baten babespean aritzeak ezin duela motibo izan bidearen legitimitatea auzitan jartzeko: «Elkarte bateko kide izateak edo aholkularitza juridikoa eskatzeak ez dakar legitimitatea galtzea». 

Helegitean zehaztu dute, halaber, gaur egun Errenteriako Udalean ezarrita dauden hizkuntza eskakizunek gainditu egiten dutela administrazio publikoan euskararen erabilera arautzeko ezarrita dagoen dekretuak zehazten duen derrigortasun indizea. Euskara eskakizuna zenbat lanpostutan egiaztatu behar den zehazteko erabiltzen den ehunekoa da indize hori, eta, helegitean adierazi dutenez, egungo araudia betetze aldera %53,99koa izan beharko luke. Araudi hori bera kolokan dago, hala ere. Helegitea bera aurkeztu zenetik, euskara administrazio publikoan arautzen duten legeak indargabetzeko sententzia gehiago ebatzi dira. Lehengo astekoa da azkena: EAEko Auzitegi Nagusiak ezeztatu egin du sektore publikoan euskararen erabilera arautzeko Jaurlaritzaren dekretua. Helegitean euskararen erabilerari buruzko datuak ere txertatu dituzte argudiatzeko ez dela beharrezkoa langile guztiei euskarazko C1 maila eskatzea. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA