Etxebizitza krisiari aurre egiteko «beharrezko tresnak aktibatzeko» eskatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari

EH Bilduk aurkezturiko etxebizitzaren alorreko planari EAJk eta PSE-EEk egindako kritikak direla eta, koalizioko zenbait alkatek «errespetu instituzionala» eta «elkarlana» eskatu dizkiete etxebizitzaren krisiari aurre egiteko.

Iñigo Hernando, Galdakaoko alkatea, gaur Gasteizen egindako agerraldian, EH Bilduko beste hainbat alkatek inguraturik. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iñigo Hernando, Galdakaoko alkatea, gaur Gasteizen egindako agerraldian, EH Bilduko beste hainbat alkatek inguraturik. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko ekainaren 1a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Azken egunotan, ordezkari politiko asko entzun ditugu EH Bilduren udal gobernuei buruz hitz egiten. Eskertzen diegu interesa». Iruzkin sarkastiko horrekin ireki du Nagore Alkortak, Azpeitiko (Gipuzkoa) alkateak, EH Bilduko alkateek etxebizitzaren gaiaren inguruan egindako agerraldia, Gasteizen. Lehen iruzkin horrekin markatu du agerraldi osoaren tonua: EH Bilduk udaletatik etxebizitza arloan egindako kudeaketa defendatu du Alkortak, Galdakaoko (Bizkaia) alkate Iñigo Hernandorekin batera, eta koalizioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen zenbait alkatek babestuta. Eusko Jaurlaritzari eskari bat ere egin diote: krisia konpontzeko «beharrezko tresnak aktibatzea».

Alkateek «konpromisoa, erakundeen arteko lankidetza eta erantzukizun partekatua» eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari eta gainerako erakundeei. Alta, errespetua eskatzeaz gain, neurri konkretuak ere eskatu dizkiote Jaurlaritzari. Zehazki, etxebizitza krisiari aurre egiteko «beharrezko tresnak aktibatzeko». Hain zuzen, lurralde plan sektorialak (LPS) martxan jartzea izan da EH Bilduko alkateek eskatutako neurritako bat da.

«Ordezkari politikoek» egindako kritikei ere erantzun diete. Zuzenean aipatu ez baditu ere, Alkortak EAJko ordezkariak zituen, batez ere, ituan. Hain zuzen ere, alderdi horretako zenbait kide, Aitor Esteban EBBko presidentea buru, gogor mintzatu dira EH Bilduk etxebizitzaren arloan proposaturiko neurrien aurka. Estebanek «alferreko hitz hutsetan aritzea» leporatu zion EH Bilduri, eta koalizioari egotzi zion etxebizitza publikoak egiteko lur gutxien laga duten udalak hark zuzendutakoak direla. EH Bilduko eledunak, Pello Otxandianok, Posible 30k egitasmoa aurkeztu ostean etorri ziren kritika horiek. Hamar urtean 30.000 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du planak, baina, jeltzaleen ustez, ez da errealista. 

«Errespetu instituzionala»

Kritika horien inguruan, Esteban edo beste inor zuzenean aipatu gabe, EH Bilduko udalek etxebizitzaren arloan egindako lana defendatu dute Alkortak eta Hernandok. Alkateen arabera, EH Bilduk zuzendutako udalak «aitzindariak» dira etxebizitza krisiaren aurkako neurriak hartzeko orduan; esaterako, udalerriak «tentsio handiko eremu» deklaratzeari edo pisu hutsak merkaturatzeari dagokienez. Koalizioak etxebizitza publikoarekin duen «konpromisoa» ere berretsi dute. «EH Bilduk gobernatutako udal askok eskaini dute jada lurra sustapen publikoko etxebizitzak eraikitzeko», nabarmendu dute, Estebanen kritikei zeharka erantzunez.

«Gure esku dagoen guztia egiten ari gara, eta egiten jarraituko dugu», adierazi du Alkortak, eta EH Bilduren EAEko 1.400 zinegotziek egiten duten lanarekiko «errespetu instituzionala» eskatu du. «Ezinbestekoa da udalean lanean dihardugunekiko errespetu instituzionala», berretsi du Hernandok. Eusko Jaurlaritzari egin diote zuzenean eskaera, gobernua osatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, egindako kritiken aurrean kexu.

Etxebizitzaren afera koalizioarentzat «funtsezkoa» dela azpimarratu dute, eta berretsi dute konponbidearen alde borrokan jarraituko dutela «alderdikeriek edo hauteskunde deialdiek» arreta galarazi gabe. Alkortak eta Hernandok lagun izan dituzte agerraldian, besteak beste, Ainize Gastaka (Laudio, Araba), Iñaki Ostolaza (Zumaia, Gipuzkoa), Eneritz Azpitarte (Zaldibar, Bizkaia), Nadia Nemeh Shomali (Bermeo, Bizkaia) eta Unai Gutierrez (Zuia, Araba) alkateak, EH Bilduko kideak denak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE