Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ez du begi onez ikusi Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen premiazko neurriei buruzko dekretua. «Nahiz eta abenduan onartutako legeak baino neurri atseginagoak jasotzen dituela dirudien, biak osagarriak dira eta norabide berean sakontzera datoz: etxebizitza merkatuaren errentagarritasuna bermatzea, sektorerik pobretuenak baztertzea eta baldintza kaskarragoetan bizitzea normalizatzea», adierazi du sindikatuak.
Neurri zehatzez harago, Jaurlaritzaren etxebizitza politikek hartu duten joera kritikatu du: «EAJk eta PSE-EEk onartutako legeek klase ertainaren zati baten beharrei erantzutea dute helburu, haiek baitira euren oinarri elektoral nagusia, eta, bide batez, eraikitzaile batzuk aberastea». Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak berak esan zuen, atzo, etxebizitzaren krisiak klase ertainei ere eragiten diela, eta haiei zuzendutako politikak areagotu behar direla. Ondorioz, dekretuak okerren daudenei baliabideak kentzen dizkielakoan dago sindikatua, «kaudimen handiagoa dutenei bideratzeko».
«EAJk eta PSE-EEk klase ertainaren zati baten beharrei erantzutea dute helburu, haiek baitira euren oinarri elektoral nagusia»
EUSKAL HERRIKO ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
Dekretua indarrean sartzen denean, babes ofizialeko etxeetara sarbidea izateko gutxienez hiru urtez erroldatuta egotea eskatuko dute, besteak beste. Sindikatuaren iritziz, neurri horrek «euskal klase ertainaren artean hedatzen ari den diskurtso arrazista bati erantzuten dio, zeinaren arabera biztanleria migratuak etxebizitza babestu gehiago eskuratzen duen». Hori gezurra dela adierazi dute, eta datuak eman: «Araba, Bizkai eta Gipuzkoan biztanleriaren %15 inguru dira migratzaileak, eta ez dute etxebizitza babestuen %20 baino gehiago eskuratzen».
Beraz, sindikatuak uste du are gehiago zailduko dela «proletalgo migratzailearen sarbidea etxebizitza babestura, kontuan hartuta, gainera, erroldatzeko jartzen zaizkien oztopo guztiak». «Neurri horrekin, arrazistak zorioneko daude», gehitu dute.
«Ez dute arazoa konponduko»
Bizigune eta ASAP programetan egindako aldaketak ere gaitzetsi dituzte, etxejabeek jasotzen duten kanona %50 baino gehiago igo daitekeelako, eta maizterrek ordaindu beharreko errentek %25 arteko igoerak izan ditzaketelako. Gainera, salatu dute dekretuak «eraikitzaileei atea irekitzen diela babes ofizialeko etxebizitzak garestiago saltzeko, eraikuntza kostu handiak argudiatzen dituztenean».
Lege berriak «azpietxebizitzaren modalitateak eta baldintza kaskarragoetan bizitzea» normalizatuko duelakoan ere badaude. Malgutu egingo ditu lokal komertzialak etxebizitza bilakatzeko baldintzak, eta «hirugarren sektoreko erakundeei logelak alokatzeko erraztasunak emango dizkie».
Azkenik, sindikatuak adierazi du neurri horiek ez dutela etxebizitzaren arazoa konponduko, «langile klasearen antolakuntza independentea indartzearen alde» egin dute, gogorarazi dute Euskal Herrian hiru etxegabetze baino gehiago izaten direla egunean, eta 8.000 pertsona inguru bizi direla kalean.