Etxebizitza sindikatuek salatu dute dekretuek ez dutela balio egoera konpontzeko

«Espekulazioaren kontrako eta etxebizitza eskubide bermatuaren aldeko» manifestazioetara deitu dute ostiralerako. Euskal erakunde publikoen rola eta alderdi politikoen interesak ere kritikatu dituzte.

Etxebizitza Sindikatuen Sarearen protesta, atzo, Donostian. ARATZ GARTZIA
Etxebizitza Sindikatuen Sarearen protesta, atzo, Donostian. ARATZ GARTZIA
Paulo Ostolaza.
2026ko irailaren 30a
09:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gobernuak atzo onartu zituen eta Espainiako Kongresuan etzi bozkatuko diren alokairuen legediari buruzko bi dekretuek ez dituzte asebete Euskal Herriko etxebizitza sindikatuak. Horrek bultzatuta, deialdi bateratua egin dute etzi «espekulazioaren kontrako eta etxebizitza eskubide bermatuaren aldeko» manifestazioak egiteko Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, 19:00etan.

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuen Sareak egin dute deialdia —ELA sindikatuak ere parte hartzera deitu du—, eta, gaur Bilbon eginiko agerraldian azaldu dutenez, bi dekretuek ez dituzte «inolaz ere biltzen» arazoa bideratzeko beharrezkoak izan beharko luketen gutxieneko baldintzak. Are gehiago, haien ustez espekulazioaren aurka hartu behar zen neurri bakarra, inbertsio funtsen salerosketena, «hutsean» gelditu da.

Haien iritziz, «dekretuetan jasotako neurriek zenbait hobekuntza ekar ditzaketen arren biztanleriaren sektore batzuen bizi baldintzetan», ez dira nahikoa, eta «testuek ez dakarte aurrerapauso handirik eta iraunkorrik» etxebizitzaren arloan: «Lerroburu asko baina aldaketa erreal gutxi, eta gehienak aldi baterakoak».

«Aurrerapausoak ez dira etorriko egungo alderdi politikoen aldetik; gehienek sektore errentadunen interesei men egin diete»

ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA

Sindikatuen arabera, espekulazioak eragin du nagusiki etxebizitzaren krisia, eta «neurri partzialek» ez dute aukerarik ematen arazoaren egiturazko kausei heltzeko. Bide horretan, adierazi dute etxebizitza politikek etxebizitza eskubidea bermatzeko pentsatuak egon beharko luketela, «osasuna eta hezkuntza eskubideak diren bezala».

Proposamenak ere egin dituzte, hala nola «espekulatzaileak desjabetzea, espekulazioa debekatzea eta etxebizitza behar sozialen arabera planifikatzea». Alde horretatik, salatu dute «putre funtsak» arazoaren parte bat direla, baina ez bakarra, eta zerrendara gehitu dituzte eraikuntza enpresak, bankuak eta hamar etxe alokairuan izanda «langileen kontura aberastu diren jabeak».

Alderdiak, konplize

Haien ustez, «aurrerapauso» horiek ez dira gaur egungo alderdi politikoen eskutik etorriko, alderdi «gehienek sektore errentadunei men» egiten dietelako eta guztiek beren interes elektoralistak lehenesten dituztelako. Euskal Herriko administrazioak ere kritikatu dituzte, eta «negozioa indartzen duten politikak» bultzatu izana egotzi diete Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta kolore askotako udalei.

Gaur egungo egoera ikusirik, antolakuntza eta borroka eraginkorrak direlakoan daude, eta horregatik zabaldu dute euren aldarrikapenak kalera eramateko deia. Politika horiek seinalatzen eta haiek aldatzeko borroka egiten jarraituko dutela aurreratu dute, eta indarrak batuko dituztela sakoneko aldaketak eragiteko.

Bide horretan, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak mantendu egin ditu ostiralerako deituak zituen herri batzarrak, baina ordubete aurreratu ditu, 18:00etara: Bilbon, Santiago plazan; Gasteizen, Farol Handian; Donostian, Bulebarrean; eta Iruñean, Gazteluko plazan.

EH BILDUK DEKRETUAK BABESTUKO DITU; EAJ-k ez du argitu

Euskal alderdien baiezkoa ezinbestekoa da Espainiako Gobernuak onartutako bi dekretuek aurrera egiteko, eta kongresuan hitz egin dute bi taldeetako kideek.

 Oskar Matute EH Bilduren bozeramaileak baieztatu du eurek baiezkoa emango dietela dekretuei. Aitortu du nahiago zukeela testua zatitu gabe onartzea, baina azpimarratu du «aurrerapauso bat» dela, eta milaka familiari lagunduko diela: «Ez da nahikoa, ez, baina bai hurrengo pausoa emateko abiapuntu bat».

EAJko Maribel Vaquerok, berriz, ez du argitu zer bozkatuko duten, baina esan du jeltzaleak ez direla gotortuko, eta lan egingo dutela akordioak lortzeko. «Abusuak amaitu behar dira, eta pertsona zaurgarrienak babestu, baina jabe txikiak etsai bilakatu gabe», adierazi du, nahiz eta esan duen dekretu horiek ez dutela etxebizitza krisia konponduko. UPNk, berriz, ez du bere jarrera argitu, baina ezustekoa litzateke bietakoren baten alde bozkatzea. Podemos, azkenik, Espainiako maizterren sindikatuarekin bilduko da bihar bere boza zehazteko.

LAB, asteburuan

Biharkoa ez da izango asteburuko mobilizazio bakarra. LABek asteburuan egingo ditu manifestazioak: larunbatean, Donostian —Bulebarrean—, Gasteizen —Andre Maria Zuriaren plazan— eta Iruñean —Merindadeen plazan—, 12:00etan; igandean, berriz, Bilbon, 12:00etan, Plaza Eliptikotik abiatuta. Mobilizazio horien helburua zera da, besteak beste: alokairu guztiak «modu iraunkorrean» luzatzea; logelen eta aldi baterako alokairuen «iruzurra» amaitzea; etxegabetzeak bukatzea; putre funtsen erosketa «espekulatiboak» gelditzea; eta prezioak jaistea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA