Etxebizitza turistiko berrien lizentzia bost urtean behin berritu beharko da

Jaurlaritzak turismoaren lege aurreproiektua aurkeztu du. Besteak beste, etxebizitza turistikoen eta bizilagunen arteko elkarbizitza arautuko du, eta ikuskaritzak eta zigorrak gogortuko ditu.

Etxebizitza turistiko baten ataria, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Etxebizitza turistiko baten ataria, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko otsailaren 25a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Turismoaren sektorearen bilakaera azkarrak legea garai berrietara egokitzera eta erronka globalei aurre egitera behartzen gaitu». Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak turismoaren lege aurreproiektua aurkeztu du Bilbon; besteak beste, iragarri du etxebizitza turistikoentzako arau estuagoak ezarriko dituztela, toki turistikoenen saturazioa eragozteko neurriak hartu, eta 300.000 eurorainoko zigorrak jarri legea hausten dutenei.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan indarrean dagoen turismoaren legeak hamar urte eskas ditu, baina Hurtadok azaldu du azken hamarkadan «oso bizkor» aldatu direla legediak eta testuingurua, eta beharrezkoa dela hura eguneratzea. Ondo bidean, urte amaierarako onartuko du Gobernu Kontseiluak, eta Eusko Legebiltzarraren oniritzia beharko du gero.

«[Legeak] Euskadi bisitatzen dutenen eta bertan bizi garenon elkarbizitza sustatzen du, eta turismo eredu jasangarria indartzen»

JAVIER HURTADO Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburua

Neurriei dagokienez, aurreproiektuan dio legea onartzen denetik aurrera ematen diren etxebizitza turistikoen lizentziak bost urtean behin berritu beharko direla, eta, hala egiten ez bada, bertan behera geratuko direla. Ez die eragingo aurrez emandako baimenei.

Etxebizitza turistikoen lizentzia berriak emateko baldintzak estuak dira jada, baina are gehiago mugatu nahi ditu legeak: espresuki dio ezingo direla mota horretako etxeak jarri tentsio handiko eremuetan, babes ofizialeko etxebizitzetan eta urbanizagarriak ez diren lurretan, eta landa eremuetan ere mugak izango dituztela. Etxebizitza turistikoak eskaintzen dituzten plataformen gaineko kontrola ere indartuko da, eta zigorrak gogortu, «etxe horien jarduna bizilagunekin bateragarria izan dadin», esan du Hurtadok.

Alde horretatik, etxebizitza turistikoen jabeek eskubidea izango dute «elkarbizitza arauak betetzen ez dituzten bezeroak» botatzeko; izan ere, neurriak hartu ezean, etxearen jabearentzat izango da zigorra. Arau hauste arinak eginez gero, ehun eta 10.000 euro bitarteko zigorrak izango dituzte; larriak eginez gero, 10.000 eta 60.000 euro bitartekoak; eta oso larriak eginez gero, 60.000 eta 300.000 euro bitartekoak. Ekonomikoak ez diren zigor batzuk ere ezarriko ditu legeak.

Bestalde, Hurtadok adierazi du legeak bat egingo duela joan den irailean aurkeztu zuten Baliabide Turistikoen Lurralde Plan Sektorialarekin, eta, horri esker, toki turistikoenen saturazioa eragozteko neurriak ere txertatu dituztela aurreproiektuan.

Jaurlaritzaren proposamenean «gobernantza», «etika turistikoa» eta «jasangarritasuna» kontzeptuak jasotzen dira besteak beste, enpleguaren kalitatea eta langileen eskubideak aipatzen dira, eta establezimendu eta enpresa turistikoen sailkapena eguneratzea proposatzen. Hurtadoren ustez, «lege aitzindaria» da: «Euskadi bisitatzen dutenen eta bertan bizi garenon elkarbizitza sustatzen du, turismo eredu jasangarria indartu, erabiltzaileen babesa areagotu, ikuskaritzak eta zigorrak indartu, eta establezimendu berrien sailkapena modernizatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.