Arazoa da. Erronka da. Konplexua da. Zerbait egin behar da. Horretan bat etorri dira etxebizitzaren egoerari buruz Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkateak. Autokritikarik ez, udalek hirigintza eta etxebizitza arloan eskumenak badituzte ere, eta hiriburu horietan eta Eusko Jaurlaritzan azken hamarkadetan nagusiki haien alderdiek —EAJ eta PSE-EE— gobernatu badute ere.
Jon Insausti Donostiako alkatearen ustez, «hamarkada honetako agendako gaia» da. Juan Mari Aburto Bilbokoaren ustez, etxebizitzaren arazoaren ondorioz «gizartearen etorkizuna dago jokoan». Eta Maider Etxebarria Gasteizkoaren ustez, «gaur egungo arazo nagusia da, eta ekinean hasi behar dugu». Aburtok onartu du etxebizitza eskubide subjektiboa bada ere «arriskuan» dagoela eta «betetzeko zaila» dela.
House Action kongresuko mahai inguru batean parte hartu dute Aburtok, Insaustik eta Etxebarriak. Tentsio handiko eremuetan etxebizitzaren arazoari ematen ari zaion erantzunari buruzko nazioarteko kongresua izan da. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak antolatu du, eta Donostiako Tabakaleran egin dute. Joseba Asiron Iruñeko alkateak ere parte hartu behar zuen, baina kale egin du arrazoi pertsonalengatik.
«Zer gertatu zaigu?», galdetu du Jon Insausti Donostiako alkateak. Duela hamarkada batzuetako zuri-beltzezko argazkietara jo du, haietan agertzen ziren familia handietara. Gaur egun, familiak batez beste bizpahiru kidekoak dira Donostian, Insaustik emandako datuaren arabera. Hiru etxetik batean pertsona bakarra bizi da. Hiri erdian portzentajea %41ekoa da. «Aldatu egin gara, eta agian hiria ez da egokitu aldaketa horretara».
«Lanean ari diren gazte askok ezin dute etxea eskuratu: errenta handiegia dute etxebizitza babestu bat jaso ahal izateko, baina merkatu librekoak garestiagoak dira»
JUAN MARI ABURTO Bilboko alkatea
Datu horietan eragin nabarmena du populazioaren zahartzeak. Horri buruz gogoeta egin behar dela uste du Aburtok: «Planteatu behar dugu zer-nolako eragina izango duen herritarren zahartzeak etxebizitzaren merkatuan».
Aburtok bere familiaren ibilbidea aipatu du etxebizitzaren bilakaera azaltzeko: emazteak eta berak %14,5eko interesa ordaindu zuten etxea erosteko, eta senideen laguntza behar izan zuten; 31 urteko semea gurasoen etxean bizi da, «ez dago hark eskuratu dezakeen etxebizitzarik»; eta beste seme batek etxea erostea erabaki du, «alokairua hipotekaren parekoa baitzen».
Gehienak, jabeak
Insaustik eta Aburtok «arazo serio bat» aipatu dute: «Lanean ari diren gazte askok ezin dute etxea eskuratu: errenta handiegia dute etxebizitza babestu bat jaso ahal izateko, baina merkatu librekoak garestiagoak dira», azaldu du Aburtok. «Erdiko klasearen parte batek ezin du etxebizitzarik eskuratu», gehitu du Insaustik.
Jabetza da eredu nagusia: Donostiako etxeetan %80 dira jabeak. «Ohitura da, kultura da», azaldu du Insaustik. «Etxebizitza hurrengo belaunaldiei uzteko aktibotzat jotzen da, eta hori aldatzea oso konplikatua da».
«Etxebizitza hurrengo belaunaldiei uzteko aktibotzat jotzen da, eta hori aldatzea oso konplikatua da»
JON INSAUSTI Donostiako alkatea
Donostiako alkatearentzat «ohorea» eta «opari bat» da donostiarrek hirian bertan bizi nahi izatea. Nahi bai, baina ezin. Insaustiri herritarrek kalean «askotan» esaten diote ezin dutela etxebizitzarik eskuratu. «Hori kezkagarria da», onartu du. «Horrek kalte egiten dio herritarrek administrazioarekiko duten atxikimenduari, ezin diegulako erantzun». Ezin diete erantzun donostiarrei, ezta kanpokoei ere; izan ere, Insaustik nabarmendu du jende askok bizi nahi duela Donostian, «hiriburuaren erakargarritasunagatik». Erakargarritasun horren parte dira jarduera ekonomikoa, lana, prestakuntza, kultura eta aisia, besteak beste.
Nola egin aurre arazoari? Hiru alkateek haiek gobernatzen duten hirietan zer egiten ari diren azaldu dute. Hiriburu bakoitzaren egoera ezberdina da. Gasteizek badu abantaila bat Bilboren eta Donostiaren aldean: lauagoa da, eta lurzoru gehiago du etxebizitzak eraikitzeko. Gasteiz asko hazi da azken 25 urteetan. Zabalgana, Salburua eta Goikolarra auzoak sortu dira. Gaur egun 55.000 pertsona inguru bizi dira haietan. Etxebarria bera ere bai: «Duela hogei urte Zabalganan etxea erosi nuenean, Gasteiz bertan amaitzen zen».
Eraikita dagoenari, «etekin handiagoa»
Hala ere, orduko eskaerari erantzuteko «lur asko kontsumitu da», Etxebarriaren iritziz. «Orain etxebizitzaren arazoari aurre egin nahi diogu, baina hainbeste lur kontsumitu gabe». Nola? «Hiria barrurantz josi nahi dugu, hiriaren barruan bizia egotea bermatu behar dugu». Hala ere, gehitu du auzo batzuetan badaudela lursailak —Lakuan, esaterako— eta udala «lursailak betetzeko» dagoela.
Hiru alkateentzat lehentasunetako bat da jada eraikita dagoenari «etekin handiagoa ateratzea»: etxebizitzak berrituta, etxebizitza handiak zatitu eta etxebizitza gehiago sortuta —Donostian mila lortu dituzte horrela—, eraikinetako lokalak etxebizitza bihurtuta, etxebizitzetan egiten diren negozioak kalera jaitsita...
«Orain etxebizitzaren arazoari aurre egin nahi diogu, baina hainbeste lur kontsumitu gabe»
MAIDER ETXEBARRIA Gasteizko alkatea
Etxebizitzen neurriaz gogoeta egin behar dela uste du Aburtok, eta etxe handiak zatitzearen alde egin du. Baita eraikinetako lokalak etxebizitza bihurtzearen alde ere: «Zer gertatzen da eraikin berrietako lokalekin? Eraikina itsustu egiten dute, eta ez dute zerbitzurik ematen».
Hori guztia, baina, ez da nahikoa. Hiru alkateentzat funtsezkoa da lurzorua Eusko Jaurlaritzaren esku uztea, hark eraikuntza bideratu dezan.
2028an etxe turistikorik ez Bartzelonan
Etxebizitza politikak luzera begirakoak izan ohi dira. «Baina herritarrek lehenbailehen nahi dituzte erantzunak», ohartarazi du Insaustik. «Herritarrari berdin zaio norena den ardura».
Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkateen mahai inguruaren aurretik, Jaume Collboni Bartzelonakoak parte hartu du, bideokonferentzia bidez. Bartzelonako Udalaren erabaki bat gogorarazi du: 2028ko azarorako hirian etxebizitza turistikorik ez izatea. Etxebizitza horien jarduera baimena bukatutakoan, ez diete berrituko. 10.000 etxebizitza dira. Donostiak 1.300 etxebizitza turistiko ditu, etxeen %1,3, Insaustik emandako datuaren arabera. Lehen 2.200 ziren. «[Jaitsiera] Ez da nahikoa», Insaustiren iritziz. «Fenomeno hori kontrolatua eta arautua dago, baina jarduera baimenak iraungitzeaz ere hitz egin dezakegu».