Eudelek gaur aurkeztu du zaintza eredua «berrantolatzeko» jarraibideak biltzen dituen dokumentua: Tokiko erakundeetan zaintza lanak feminismotik demokratizatzeko gida, hain zuzen. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalen elkarteak, besteak beste, herrietan zaintzarako kooperatibak sortzea iradoki die tokian tokiko erakundeei. Udalen eskura egongo da eta zainketen antolaketa «justuago, erantzukideago eta jasangarriago» bat sustatzea du helburu. Egitasmoak hiru gako ditu: ikuspegi feminista, lekuan lekuko errotzea eta zaintzarako sare komunitarioak sortzea.
Gida udalentzako «iparrorratz» bat izango dela azaldu du Esther Apraiz Eudeleko elkarteburu eta Derioko alkateak (Bizkaia). Haren hitzetan, zaintza lanen krisia «ez da eztabaida teoriko» bat, «eguneroko errealitatea» baizik. «Historikoki emakumeek egin duten lana da», erantsi du. Ondorioz, udalen zeregina da zaintza eredua aldatzea eta «erantzukizun kolektibo» bihurtzea, elkarteburuaren esanetan.
Eudelek Emagin elkartearekin batera abiatu zuen egitasmoa 2022an, eta hiru urteren ondoren bukatu du. Horrez gain, beste hainbat erakunderen eta profesionalen laguntza ere izan dute. Besteak beste, ikerketan parte hartu dute berdintasuneko eta gizarte zerbitzuetako udal teknikariek, etxeko langileen kooperatibek, sindikatuek eta hirugarren sektoreko erakundeek. Tokian tokiko erakundeen informazioa ere barne hartu du ikerlanak. Guztira 153 udaletan, mankomunitatetan eta kuadrillatan bilduriko bizipenak jaso dituzte.
Bost ildo eta 35 adibide
Hain zuzen ere, zaintza lanen egungo egoeraren diagnostikoa eta azterketa kritikoa biltzen ditu gidaliburuaren lehen atalak. Bigarrenak, berriz, zainketa eredua eraldatzeko bide orria jasotzen du. Gidak bost ildo proposatzen ditu, eta 35 adibide praktiko ematen ditu ekintza lerro horiek borobiltzeko. Lehen mailako arreta indartzea, arduradun politikoei, zaintzaileei, gizonei eta teknikariei prestakuntza eskaintzea eta zainketa lanetarako kooperatibak sortzea dira ildo horietako hiru. Gidaren proposamenak udalerri bakoitzaren beharretara egokitu daitezkeela ere azaldu dute.
Zaintza lanen antolaketa aldatzea «erronka sozial atzeraezina» dela nabarmendu du Eudelek, eta egungo ereduaren «hiperfeminizazioa» eta «arrazializazioa» salatu ditu. Gidak jaso dituen datuen arabera, emakumeek hartzen dituzte zainketaz arduratzeko hartzen diren eszedentzien %84. Era berean, etxeko langileen %90 baino gehiago emakumeak dira.
Eudelek egin duena ez da zaintza eredua eraldatzeko Euskal Herrian egin den lan bakarra. Iazko urrian Herri zaintzailea helburu. Eraldaketarako gakoak liburuxka ondu zuten Udalbiltzak eta Emaginek. Zaintza sistema «eraldatzeko gakoak» bildu zituzten gida horretan.