Eusko Jaurlaritzak inbertsio programa bat du lehen arretarako, ospitaleetarako, ekipamenduetarako eta osasun teknologiarako. Guztira 1.600 milioi euro inbertitu nahi ditu 2025 eta 2032 bitartean. Diru horretatik 500 milioi euro utziko dizkio EIB Europako Inbertsio Bankuak. Gaur sinatu dute maileguaren lehen zatia, 250 milioi eurokoa, Bilbon. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Nadia Calviño Europako Inbertsio Bankukoa Basurtuko ospitalean izan dira gaur goizean. Ingelesezko izena jarri diote akordioari: Euskadi Health Care Programme.
Inbertsio programak «osasun sistema publikoa indartzeko eta Europako aurreratuenen artean mantentzeko» 74 ekintza ditu —62 zehatzak eta 12 zeharkakoak—. Inbertsiorik handiena ospitaleetan egingo dute: 842 milioi euro. Tolosan (Gipuzkoa) ospitale bat eraikiko dute. 107 milioi euroko inbertsioa izango da. Donostian, berriz, minbizia tratatzeko protoi terapiako zentroa eraikitzen ari dira (61,4 milioi euro). Horiez gain, kanpo kontsultetarako eraikin berriak egingo dituzte Basurtuko, Donostiako, Galdakaoko eta Gurutzetako (Barakaldo, Bizkaia) ospitaleetan.
21 osasun zentro
Lehen arretari dagokionez, 21 osasun zentro eraikiko dituzte eta bost handitu edo eraberritu. 200,8 milioi euro bideratuko dituzte obretara. 11,3 milioi euro, berriz, kontsultetako ekipamendua berritzera: ekografoak, ohatila elektrikoak... Berrikuntza teknologikoan, 192 milioi euro inbertituko dituzte: diagnostiko goiztiarrerako eta gaixotasunak tratatzeko «abangoardiako teknologia» eskuratzeko.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, programaren helburua «kalitatezko osasun arreta segurua eta hurbila bermatzea da». Europako Inbertsio Bankuaren maileguari esker, inbertsioak azkarrago egin ahalko direla esan du. Dirua «baldintza onetan» eskuratu dutela gehitu du. Pradalesek nabarmendu du «funtsezko urratsa» dela osasun arretaren kalitatea hobetzeko.
Calviñok aipatu du du AEA alboko esklerosi amiotrofikoa tratatzeko zentro espezializatu bat eraikiko dela. Ez da zentro berri bat sortuko, Basurtuko ospitaleko unitatea berritu baizik.
AUTONOMIA erkidegoen «esku»
Osasun sistema publikoetako medikuen eskaerak autonomia erkidegoen «esku» daudela esan die Monica Garcia Espainiako Osasun Ministroak medikuen sindikatuei. Are gehiago: ministroaren iritziz, autonomia erkidego batzuk ministerioa «aitzakiatzat erabiltzen» ari dira «haien lana ez egiteko». Ministerioko eta medikuen sindikatuetako ordezkariek bilera egin dute gaur. Bilera bukatu eta gero, sindikatuek jakinarazi dute eutsi egiten diotela ekaineko greba asteari, hilaren 15etik 19ra. Sindikatuen esanetan, ministerioak ez du «ez gaitasunik ez borondaterik» gatazkaren korapiloa askatzeko. Salatu dute ministerioak ez dutela aurkeztu proposamenik.
Ministerioak osasun langile publiko guztientzako esparru estatutua sinatu zuen sindikatu batzuekin; medikuek, ordea, estatutu propio bat eskatzen dute. Garciak esan du haien betebeharra dela profesional guztientzako esparru estatutua egitea: «Ez dugu inor utziko lan baldintzen eta soldaten hobekuntzetatik kanpo». Ministroaren arabera, autonomia erkidegoen eskuduntza «esklusiboa» da negoziazio eremu propioa.