Frantziako Estatuko Kontseiluak Marieneko lurren gainean eraikitzea baimendu du

Elkargoak hirigintza plano berria bozkatu zuen 2019an, zeinak Marieneko laborantza lurrak eraikigarri bilakatzen zituen. CADEk auzitara jo zuen aldaketaren ezeztatzeko. Azken auzia geratzen da trenkatzeko, eta urte bukaera aitzin iragango da, Bordelen.

Kanbon, agorrilaren 2an, Marieneko baratzearen erasoaren aurka txorimaloak eraikitzen / PATXI BELTZAIZ
Kanbon, agorrilaren 2an, Marieneko baratzearen erasoaren aurka txorimaloak eraikitzen / PATXI BELTZAIZ
2025eko abuztuaren 8a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Marieneko borroka ez da bukatua justiziaren aurreko bataila galdu dugulako». Hitz horiek Martine Bouchet CADEko kideak egin ditu, iragan astean Frantziako Estatu Kontseiluak iragarritako ezezkoaren harira.

Badira sei urte Marieneko lurrak Euskal Hirigune Elkargoak onartutako hirigintza planean berehala urbanizatzeko kategorian sartu zituztela. Protesta gisa, herritar andana mobilizatzen hasi ziren, Lurzaindia elkartea, Ostia kolektiboa eta ELB sindikatua barne. CADE Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Kolektiboak, mugimendu horiek sostengatzeaz gain, auzitegien bidetik jardutea erabaki zuen. Orain, hirigintza planoaren aurkako errekurtso guziak ezeztatu badira ere, azken auzia geratzen zaie CADEkoei. Hau da, Bordeleko Dei Auzitegiari galdegin diote baimena ukatzeko Marieneko lurretan Bouygues enpresak ehun etxebizitza baino gehiago eraikitzeko duen asmoari. Erantzuna urte bukaera aitzin espero da.

CADEk ez du amore ematen. Bouchetek segurtatu du auzitegiena tresna bat baizik ez zela «beste hainbat bideren artean». Zehaztu du «auzia osorik» ez dela iragan, Estatuko Kontseiluak estimatu zuelako ez zela «elementu nahikorik eztabaida pizteko». Parean, Elkargoaren defentsak Marieneko lurretan kabalarik ez zela aitzinatu zuen. Boucheti ezinezkoa zaio horrelakorik entzutea: «Argumentu arrunt faltsuak dira. Aski da ikustea: ardiak baziren, laborariek lurrak erabiltzen zituzten, dena zihoan... Ez da auzirik egon».

«Argumentu arrunt faltsuak dira. Aski da ikustea: ardiak baziren, laborariek lurrak erabiltzen zituzten, dena zihoan... Ez da auzirik egon»

MARTINE BOUCHET CADEko kidea

Eraikitzeko baimenaren auzia geratzen bada ere, kolektiboak argi du justiziaren aldetik azken aukerak zirela. Ondorioz, oraindik goiti, Lurzaindia, Ostia eta ELB eragileekin militatzen segituko du, herritarren mugimenduetan parte hartuz. Joan den astean bezala, Marieneko lurren erasoari erantzuteko txorimaloak landatu zituztelarik. Ekintza herrikoiak bere borroka segitzen duen arren, CADEk azpimarratu du eragile politikoen erantzukizuna ere goaitatzen zutela; batez ere Elkargoaren hautetsiena.

Elkargoaren zain

Frantziako Estatuko Kontseiluaren onarpenarekin, Elkargoak 2019an bozkatutako hirigintza planoari eusten ahalko dio. Baina, eskubidea dauka  plangintza horren aldaketa berriz eztabaidatzeko eta, orduan, berriz bozkatzeko. Azken urteetan, jada Elkargoko 60 bat hautetsik babestu zuten alternatiba hori. Bestalde, horren alde posizionatu dira Marieneko lurrak defenditzen dituzten eragileak ere. Horretarako garrantzi handikoa izan da ekainaren 25ean iragan den Elkargoko biltzarra. Izan ere, Filipe Aramendi Urruñako (Lapurdi) hautetsi abertzaleak hitza hartu zuen Elkargoko presidente Jean Rene Etxegarairi —nahiz hor ez izan— mezu argi bat helarazteko. «Marieneari buruz eztabaida bat egitea hitzeman genuen, baina oraingoz ez da deus gertatzen, eta espero dut Etxegaraik hori entzuten duela».

Berantago, Renee Karrike axuantordeak Marieneko kasua aipatu zuen berriz. Aitortu zuen Etxegarai lehendakariak «harrabots handirik egin gabe konponbideak» bilatzen zituela. «Gai hori du buruan, horretan ari da, eta kontziente da noizbait horri buelta eman beharko zaiola». Anartean, Marieneko lurren etorkizunak zintzilik egoten segituko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.