Elkargoari Marieneko lurren salmenta oztopatzea galdegin diote hainbat eragilek

Uztailean, Marieneko lurren jabeek salmenta hitzarmen berri bat sinatu dute Bouygues higiezin agentziarekin. Elkargoari hiru asteko epea gelditzen zaio salmentaren aurka agertzeko. Eragileek sostengua emateko bi ekintza eginen dituzte ondoko asteetan.

ELB, Lurzaindia, CADE, Ostia eta Nahi Dugun Herriaren goiz honetako prentsaurrekoa, Kanbon, Marieneko lurretan. PATXI BELTZAIZ
ELB, Lurzaindia, CADE, Ostia eta Nahi Dugun Herria taldeen goiz honetako prentsaurrekoa, Kanbon, Marieneko lurretan. PATXI BELTZAIZ
Kanbo (Lapurdi)
2025eko abuztuaren 26a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eguraldia aldatzeko arriskua bezain laster ekinean hastea galdegin diete ELBk, CADEk, Lurzaindiak, Ostia kolektiboak eta Nahi Dugun Herria taldeek Euskal Hirigune Elkargoari. Kanboko (Lapurdi) zeru grisaren mehatxupean, prentsaurreko bateratuan, zenbait eragilek Marieneko lurren aferaren berri eman dute, joan den astean Kanboko Herriko Etxea Marienea eta Usimendia higiezin proiektuen obrak gibelatzearen aurka agertu ondotik. Informatu dute uztailean salmenta hitzarmen berri bat izenpetu dutela Marieneko lurren jabeek eta Bouygues higiezin agentziak. Akordio hori 2021ean sinatu zen, eta lehen hitzarmena ordezkatu du, apirilean bukatu zena. Engaiamendu berri horren izenpetzeak bi hilabeteko epe bat ireki du, non Euskal Elkargoak aurrez erosteko eskubidea baliatzen ahal duen. Aurka agertzen bada, Bouyguesi lurren saltzea oztopa diezaioke. Beraz, Elkargoari eta Jean Rene Etxegarai bertako lehendakariari eskatu diete «ardura hartzeko», azken erantzuna irail erditsuan ematekoa delarik.

Hitzarmen berriaren xehetasunak aipatu dituzte. Lurren eremu osoa, hots, 3,76 hektarea, 2.620.000 eurotan saltzeko asmoa dute jabeek. 2021ean sinatutako akordio zaharrean, eremu bera 3.073.000 eurotan saltzea finkatu zen. Aldi honetan prezioa apaldu badute ere, «oso anekdotikoa» dela zehaztu du Maryse Cachenautek, ELB laborantza sindikatuko eta Lurzaindiko militanteak. Hau da, 2019ko hirigintza planoak eraikigarri bihurtu dituenez laborantzako lurrak, prezioak espekulazioaren presiopeko etxebizitza merkatura igo dira. «Jabeen irabazteko goseak irabazi du: laborantzako lurraren prezioa baino 100 aldiz garestiagoa den lur eraikigarri baten saltzearekin, hasieratik proiektuaren alde den herriko etxeak lagundurik», salatu dute.

2.620.000

Prezioa Marieneko 3,76 hektareak prezio horretan saltzea finkatzen du akordio berriak. 

Horrez gain, Marieneko lurrei lotutako gertakariak eta protestatzeko antolatu diren ekitaldiak oroitarazi dituzte. Berriki, Frantziako Estatuko Kontseiluak onartu dio Elkargoari 2019an bozkatutako hirigintza planoa plantan ezartzea —Marieneko laborantza lurrak eraikigarri bilakatzen dituena—. Juridikoki hirigintza planoaren aurkako errekurtso guziak ezeztatu badira ere, oraindik eraikitzeko baimenaren aurkako azken auzi bat trenkatzeko dagoela azpimarratu dute CADEkoek. Proiektuan eraikuntzen luzetasunak handiegiak direla eta, araudia ez errespetatzea leporatu zieten higiezinei. Helegite hori oposiziogileek irabazi dute lehen aldi batez, baina, Bouyguesek baimen berria pausatu ondotik, azken horren kontrako helegitea Bordeleko Dei Auzitegiak trenkatuko du. Erantzuna urte bukaera aitzin espero da beti.
 
Denboran presaka

Azken deliberoen goaitean eta salmenta hitzarmen berriaren epea hurbiltzen den heinean, lurraren defentsarako militanteek Elkargoari galdegiten diote «lehenbailehen» erantzutea. Berriz gogoratu dute 2024ko abenduan Elkargoko 67 kontseilariek galdegin zutela Kanboko Marieneari buruzko eztabaida bat antolatua izan dadin. Hitzemana bazen ere, eztabaida hori oraindik ez da gertatu. Ekainaren 21eko Elkargoko azken kontseiluan, Renee Karrike axuantordeak publikoki jakinarazi zuen Etxegarai lehendakaria horretan lanean ari zela. Ondorioz, militanteek oraingo salmenta hitzarmena eragozteko aukera azpimarratu dute. «Gaur egun, Elkargoak nahi badu, geldiarazten ahal du Marieneko higiezin proiektua, salmenta oztopatuz. Guretzat, baliatu behar den benetako xantza bat da, eta, Elkargoak aukera hau ez badu baliatzen, konpreni ezina litzateke. Orain, pentsatzen dugu Elkargoak ardura hartu behar duela», azaldu du Cachenautek.

«Gaur egun, Elkargoak nahi badu, geldiarazten ahal du Marieneko higiezin proiektua, salmenta oztopatuz. Guretzat, baliatu behar den benetako xantza bat da, eta, Elkargoak aukera hau ez badu baliatzen, konpreni ezina litzateke»

MARYSE CACHENAUT ELBko eta Lurzaindiko militantea

Jakes Bortairu Ostia sareko militanteak heldu diren ekintzetan parte hartzeko gomita egin du. Lehenik, irailaren 6an, larunbatarekin, maiatzean landatu zituzten lur sagarren bilketa eginen dute. Bildu bezain laster, lur sagarrak salmenta solidario baten bitartez banatuko dituzte. Bortairuk zehaztu du bilduko den dirua justizia gastuen ordaintzeko baliatuko dela. Preseski, ondoko ekintza irailaren 9an iraganen da, hiru militanteren auzia izanen baita Baionan. Auzipetuei leporatu diete iazko apirilean Kanboko Herriko Kontseiluan protesta ekintza kolektibo batean parte hartzea, «ustezko» bortizkeria erabiltzea, bai eta herriko gelako zoruaren degradazioa ere. Arratsaldeko biak laurden gutitan elkartzekoak dira, hazlurraren defendatzaileei sostengu zabala erakusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.