Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak «zero bat» jarri dio Pedrosari

Itundutako ikastetxeen familien alde lerratzea eta euskararekiko «begirune falta» izatea egotzi dio sailburuari. 2021etik sare pribatuarentzako diru publikoa %46 handitu dela salatu du.

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren agerraldi bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren agerraldi bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
edurne begiristain
2026ko uztailaren 8a
14:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikasturtea amaitu berritan, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren jarduna kritikatu du, eta Begoña Pedrosa sailburuari egotzi dio eskola publikoa ez lehenestea. Plataformak ohar bidez adierazi duenez, azken hilabeteetako erabakiek erakutsi dute Jaurlaritzak sare pribatuaren aldeko apustuari eutsi diola, eta horren adibide nagusia selektibitatearen auziaren kudeaketa izan dela.

Plataformaren esanetan, unibertsitatera sartzeko probaren inguruan piztutako polemikan Pedrosak «bere ardurapeko langileen profesionaltasuna zalantzan» jarri zuen, eta, era berean, EHU babestu beharrean, «ikastetxe itunduetako familia batzuen alde lerratu da». Halaber, salatu dute haren jarrerak euskararekiko «begirune falta» ere agerian utzi duela. Hori hala, Eskola Publikoaz Harro-k «zero» jarri dio Pedrosaren kudeaketari, ez duelako eskola publikoa bere hezkuntza politikaren ardatzean jarri. Datorren ikasturtean Hezkuntza Sailaren erabakiak zorrotz aztertuko dituela iragarri du, eta «ebaluazio etengabea» egingo diola.

Plataforma kexu agertu da urteotan Hezkuntza Sailaren politika orokorrak sare pribatuaren mesedetan diseinatu direla eta. Horren harira, gogorarazi du Eskola Bikaina Denontzat izeneko mahaiak datozen urteetarako sare pribatuaren finantzaketa eta planifikazioa indartzeko neurriak adostu dituela, hala nola doakotasuna, eskola motxila edo planifikazio eredua. Plataformaren arabera, prozesu horretan sare publikoko eragileak baztertu egin dituzte.

Itunduaren finantzaketak gora

Finantzaketari dagokionez, plataformak nabarmendu du %46 handitu dela 2021etik sare pribaturako jartzen den diru publikoa. Gogorarazi du, halaber, 2 urtetik 18 urtera arteko ikasleen eskolaratze osoa itunduta dagoela gaur egun, legeak aurreikusten duen mailatik gora, eta 2026ko aurrekontuetan irakaskuntza pribatuak 920 milioi euro jasoko dituela, aurreko ekitaldian baino %11 gehiago.

Hezkuntza Legea ere kritikatu du plataformak. Haren iritziz, 2023an onartutako arauan «bi sareen arteko oreka» lortzeko asmoa bildua badago ere, praktikan sare pribatuaren pisua sendotzea izan du helburu, eta eskola publikoa bigarren mailan utzi du. Salatu du, gainera, legea onartzeko prozesuan ez zela kontuan hartu sare publikoko eragileen iritzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA