Euskal Herrian mobilizazio ugari izan dira AEBen erasoaren kontra

Hegoak plataformak deituta, elkarretaratzeak egin dituzte gaur Hegoaldeko lau hiriburuetan, erasoa gaitzesteko eta Venezuelaren burujabetza defendatzeko. Atzo ere egin zituzten protestak, besteak beste EHKSk eta mugimendu internazionalistak deituta.

108526
Hegoak plataformaren protesta, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko urtarrilaren 4a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko herritarrek azkar eta irmo erantzun diote AEB Ameriketako Estatu Batuek Venezuelaren kontra egindako erasoari. Zenbait eragilek deituta, mobilizazio ugari izan dira atzo eta gaur, eta milaka lagunek gaitzetsi dute Washingtonek Venezuela bonbardatu eta Nicolas Maduro presidentea bahitu izana.

Gaur, Hegoak plataforma internazionalistak deitutakoak izan dira mobilizazio jendetsuenak. Eraso inperialistarik ez. Venezuelak burujabetza. Venezuelar herriarekin bat! lelopean, Hegoaldeko lau hiriburuetan egin dute protesta eguerdian. Mobilizazio horietan izan dira zenbait taldetako ordezkariak, hala nola EH Bildukoak, Ahal Dugu-koak eta Zurekin Nafarroakoak, baita ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetakoak ere.

EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, berriz, atzo egin zituen elkarretaratzeak Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Eraso inperialisten aurka, Venezuelako herri langilearekin elkartasuna, izan zen leloa, eta «oligarkia inperialistaren estatu kolpea» gaitzetsi zuten.

EHKSk deitutako elkarretaratzea, atzo, Iruñean. EHKS
EHKSk deitutako elkarretaratzea, atzo, Iruñean. EHKS

Erakunde horren esanetan, erasoaren helburua da «eskuin muturreko erregimen txotxongilo bat» ezartzea Venezuelan, hango petrolioaz jabetzeko, eta narkotrafikoaren kontrako Trumpen argudioak horretarako «aitzakiak» besterik ez dira. Europako gobernuen «hipokrisia» ere deitoratu dute, eta «Venezuelako herri langileak erresistentziarako eskubidea» duela aldarrikatu.

Euskal Herriko mugimendu internazionalistako hainbat eragilek deituta ere egin zituzten kontzentrazioak atzo Iruñean, Donostian, Gasteizen eta Bilbon. Prozesu bolivartarraren defentsan, Venezuela tinko. Eraso inperialistari ez! lelopean, ehunka herritar bildu ziren, eta Venezuelari babesa adierazi zioten. 

JARDUN KOORDINADORA
Mugimendu internazionalistako eragileen kontzentrazioa, atzo, Bilbon. JARDUN KOORDINAKUNDEA

«Venezuelaren aurkako erasoa ez da berria, baizik eta prozesu horren kontrako oldar historikoaren beste fase bat; oligarkiak ezin baitu baimendu askapen prozesurik, herri matxinorik», adierazi zuten. Halaber, kritiko mintzatu ziren EBren jarreraren kontra, baita Euskal Herrian «Venezuelako prozesua desitxuratzen duten alderdi, hedabide eta eragile» guztien kontra ere. «Venezuelaren aurkako erasoak eta esku hartze militarra justifikatzen dute hemengo burgesiak eta haren lekaioek, nahiz eta giza eskubideen aldeko mezu humanitaristekin eta bakezalekeria abstraktuarekin mozorrotzen saiatu».

Hiriburuetan ez ezik, herrietan ere egin dira protestak. Gernikan (Bizkaia), esaterako, Ernaik deituta. Gazte antolakundeak elkartasuna adierazi die Venezuelako herritarrei: «Venezuelako herritarrei dagokie, eta ez beste inori, etorkizunean zer izan nahi duten erabakitzea. Hori da, hain zuzen ere, iraultza bolivartarrak babestu duen funtsezko ideia. Ez da, ordea, erabaki askerik egongo AEBen erasopean jarraitzen badute Venezuelak eta Latinoamerikak».

Ernairen mobilizazioa, atzo, Gernikan. GERNIKAKO ERNAI
Ernairen mobilizazioa, atzo, Gernikan. GERNIKAKO ERNAI

AEBen esku hartzearen aldeko mobilizazio bat ere antolatu da Bilbon, Venezolanos en Bilbao Bizkaia plataformak deituta. 17:00etan izango da, udaletxearen aurrean.

Pradales eta Txibite

Alderdi politikoek ere plazaratu dute euren iritzia atzo gertatutakoaren inguruan. EAJren Euzkadi Buru Batzarra kezkatuta agertu da Venezuelaren kontrako erasoaren harira, AEBek nazioarteko araudia hautsi dutela ikusita. Haien irudiko, munduko ordena «multilateralismora itzultzea» da bakea babesteko «modurik eraginkorrena», eta, hortaz, «garden» jokatzeko eta «nazioarteko zuzenbidea errespetatzeko» eskatu diete AEBei.

EAJk nabarmendu du, halere, Nicolas Madurok «faltsutu» egin zituela 2024ko uztailaren 28ko Venezuelako presidentetzarako hauteskundeak eta Edmundo Gonzalez Urrutiak babes handiagoa lortu zuela. Alderdiak espero du Venezuelak «trantsizio politikoa» hasi ahal izatea, «askatasun publikoak eta giza eskubideak errespetatuko dituen eta herritarren bake eta adiskidetze beharrei erantzungo dien erregimen demokratikoa lortzeko». Eta gehitu du lehenbailehen «itzuli» behar zaiela ahotsa herritarrei, «behar bezalako berme demokratikoekin».

Antzera mintzatu da Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria X sare sozialean. Adierazi du Eusko Jaurlaritza «gertutik, etengabe eta kezkaz» erreparatzen ari zaiola Venezuelan gertatutakoari. «Euskaditik eskatzen dugu Venezuelan nazioarteko legedia eta Nazio Batuen Gutuna errespetatzeko, eta bat gatoz EBk adierazitako jarrerarekin». Hala, «multilateralismoaren, elkarrizketaren eta diplomaziaren» defentsa egin du.

Nafarroako lehendakari Maria Txibitek, berriz, erasoa gaitzetsi du, eta nazioarteko zuzenbidea urratzen duela esan: «Petrolioaren eta energia baliabideen gaineko interesak garrantzi handia du esku hartzeko erabakian, narkotrafikoari edo demokraziari buruzko diskurtsoaz harago». 

EH Bilduk salatu; UPNk ospatu

EH Bilduk salatu egin du «Venezuelako herri burujabearen» kontra AEBek egindako erasoa, «baita kanpoko esku hartze oro ere». «Euskal ezker independentistak munduko herri eta nazio guztien burujabetza, autodeterminazioa eta bakea printzipio ukaezin gisa defendatzen eta defendatuko ditu beti», adierazi dute.

Koalizioak esandakoari jarraikiz, Arnaldo Otegi idazkari nagusiak ere gogor gaitzetsi du Venezuelako «herri subiranoaren aurkako esku hartze inperialista». Herri burujabetza, autodeterminazioa eta bakea defendatu ditu, X plataforman zabaldutako mezuan: «Etorkizuna herriena da, eta herriei bakarrik dagokie beren historia idaztea».

UPNk, ordea, Venezuelaren kontrako erasoa ospatu du. Cristina Ibarrola presidenteak uste du Venezuelak «aldi berri bat» hasiko duela: «Diktadura aldi ilun bat itxi eta herri libre baten bidea irekiko da, eta itxaropena eta aukerak ekarriko dizkio Venezuelako herriari». Antzera mintzatu da Javier Esparza alderdi horrek Nafarroako Parlamentuan duen bozeramailea: «Demokraziaranzko trantsizioa egin behar da orain, herritar guztien eskubideak eta askatasunak ziurtatuz». 

Geroa Sozialberdeak nazioarteko legediaren eta herrien subiranotasunaren alde mintzatu zen, eta Ahal Dugu-k, Zurekin Nafarroak, Nafarroako Ezker Batuak eta Ezker Anitzak ere gaitzetsi egin zuten AEBen erasoa.

ELA eta LAB

Sindikatu abertzaleek ere hartu dute posizioa. ELAren iritziz, «Venezuelaren aurkako eraso militarrak mehatxu larria dira bakerako eta eskualdeko zein munduko egonkortasunerako», eta, hala, AEBetako Gobernuari exijitu dio Venezuelan egiten ari den «areagotze militarra» bukatzeko, eta nazioarteko komunitateari, berriz, eraso horien aurka agertzeko. «AEBek Nicolas Maduro eta haren emaztea askatu behar dituzte, ahalik eta lasterren», gehitu du sindikatuak.

Halaber, ELAk elkartasuna adierazi die Venezuelako herriari eta hango mugimendu sindikal eta sozialei. 

LABek ere ohar bidez salatu ditu erasoak: «Eraso militarrek, mehatxuek eta interes inperialistetan oinarrituta bultzatutako desegonkortze politikek herrien sufrimendua areagotzea eta nazioarteko ezegonkortasuna handitzea besterik ez dute eragiten». Esan du «nazioarteko zuzenbidearen urraketa larria» direla, «etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea duen herri baten burujabetzaren aurkako eraso zuzena». «AEBek Venezuelaren aurka egindako erasoak arriskuan jartzen ditu nazioarteko bakea eta egonkortasuna», ohartarazi dute. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.