AEBek espero dute Venezuelako Gobernuarekin «lankidetza hobea» izatea aurrerantzean

New Yorkeko espetxe batean igaro dute gaua Venezuelako presidenteak eta Cilia Floresek, haren emazteak. Delcy Rodriguez izango da Venezuelako presidentea behin-behinean. Armadak salatu du AEBek Maduroren zenbait bizkartzain hil zituztela erasoan.

Maduro DEAko agenteez inguratuta, New Yorkera heldu berritan. EFE
Maduro DEAko agenteez inguratuta, New Yorkera heldu berritan. EFE
Paulo Ostolaza - Beñat Mujika Telleria
2026ko urtarrilaren 4a
20:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argitzen ari dira AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren asmoak. Egunak argitu bezain pronto, agerraldia egin du Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak, eta, esan duenez, Nicolas Maduro Venezuelako presidentea atxilotzeari esker, Venezuelako Gobernuarekin «lankidetza hobea» izatea espero dute, «beste batzuk direlako orain aparatu militar eta polizialaren arduradunak». Zehaztu du Washington trantsizio prozesu bat prestatzen ari dela, eta datozen bizpahiru asteetan garatuko dutela.

Donald Trump AEBetako presidenteak atzo iragarri zuen herrialdearen kontrola Washingtonek hartuko zuela, baina, itxura guztien arabera, AEBek ez dute Venezuelako Gobernuko kideak kanporatu eta oposizioko kideak agintean jartzeko asmorik. Delcy Rodriguez presidenteordeari presidente kargua bere gain hartzeko agindu dio Venezuelako Auzitegi Gorenak, eta hura izango da aurrerantzean gakoa, Vladimir Padrino Defentsa ministroarekin eta Diosdado Cabello bigarren agintariarekin batera. «Hautua egin beharko dute, eta Maduroren bidetik urrunduko direlakoan gaude. Horrela, trantsizio oso bat egin ahalko dugu», adierazi du Rubiok.

Hala, NBC katean, Rubiok baztertu egin du Maria Corina Machado Nobel sariduna edo Edmundo Gonzalez presidente izendatzea: «Machado zoragarria da, baina [oposizioko] mugimendu guztiak bezala, berehalako errealitateari begiratu behar diogu guk, eta, zoritxarrez, oposizioaren zati handiena ez dago Venezuela. Berehala konpondu beharreko zenbait kontuk dute lehentasuna orain». Rubiok ziurtatu du Venezuelan ez dagoela AEBetako soldadurik: «Pare bat ordu soilik pasatu zituzten han, Maduro harrapatzeko».

Marco Rubio Trumpeb etxean, Floridan, atzo. ETXE ZURIA
Marco Rubio Trumpen etxean, Floridan, atzo. ETXE ZURIA

Atzo Rodriguezek esan zuen «Venezuelako indar nazional guztiak» prest daudela herrialdearen subiranotasuna, independentzia eta lurralde batasuna defendatzeko, baina argitu zuen AEBekin «agenda eraikitzaile bat» osatzeko prest dagoela.

Hainbat hildako Maduroren «segurtasun taldean»

Venezuelako armada nazionalak —gazteleraz FANB siglez ezaguna— prentsaurrekoa eman du Euskal Herrian arratsaldea zela, Vladimir Padrino Defentsa ministroa buru zuela. Besteak beste, Maduro indarrez eraman izana arbuiatu du, eta «bahiketa koldar bat» izan zela esan. Gainera, salatu du Maduro atxilo eraman ahal izateko presidentearen «segurtasun taldeko» hainbat kide «odol hotzez» hil zituztela AEBetako estatu indarrek. Hortaz gain, The New York Times egunkariak, Venezuelako goi kargu bat iturri hartuta, ziurtatu du AEBek gutxienez 80 lagun hil zituztela erasoaldian.

Defentsa ministroaren prentsaurrekoa Venezuelako telebista kate publikoan (VTV) eman dute zuzenean. Padrinok berak esan du nazioa «elkartuta eta bateratuta» dagoela AEBek egindako «eraso inperialistaren» ondoren. Venezuelako Auzitegi Gorenak Delcy Rodriguez presidenteordeari presidente kargua bere gain hartzeko agindu izana onartu du Defentsa ministroak, baina argi esan du Maduro dela Venezuelako presidente konstituzionala: «Nicolas Maduro presidentea da venezuelar guztien benetako lider konstituzionala». Horregatik, presidentea eta Cilia Flores emaztea aska ditzaten eskatu du.

Era berean, herritarrei dei egin die euren jarduera ekonomikoei heltzeko, bai lan arloan, baita hezkuntza arloan ere. «Gobernu bolivartarrak herrialdearen gobernagarritasuna bermatuko du, eta gure erakundeak eskura dituen gaitasun guztiak erabiliko ditu defentsa militarrerako, herrialdeko ordenari eusteko eta bakearen alde egiteko».

Venezuelako armadak bakarrik ez, Venezuelako kantziler Yvan Gilek ere hitz egin du gaur arratsaldean, eta Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Erkidegoari —Gaztelerazko CELAC siglez ezaguna, AEBak eta Kanada izan ezik, Amerikako gainerako herrialde guztiak biltzen dituen erakundea da— eskatu dio «aurrerapauso bat» eman dezala AEBen erasoaren ostean. «CELACeko herrialdeek aurrerapauso bat eman behar dute, eraso hau ikusita isilik egotea erasoa babestea baita. CELAC erakundeak ezin du zalantzarik izan. Ezin du erdibidean gelditu, kondena epelen eta isiltasun konplizeen artean», esan du Venezuelako telebista katean eman duten agerraldian.

Halaber, Gilek adierazi du Venezuela «AEBen mehatxupean» dagoela oraindik, eta azpimarratu du «garrantzitsua» dela CELAC erakundeak hori onartzea. Horregatik, erakunde horren barnean dauden herrialdeei dei egin die nazioarteko legedia berrezartzea exijitu dezaten. Alegia, AEBek abuztuaz geroztik Karibeko uretan dituen indar militar guztiak «berehala erretiratzeko» exijitu dezatela.

Maduro, New Yorken

Nicolas Maduro eta Cilia Flores haren emaztea Brooklyngo (New York, Ameriketako Estatu Batuak) espetxe federal batean daude preso. AEBek eraso egin zioten Venezuelari atzo goizaldean, eta preso hartu zituzten biak.

Maduro eta Flores hegazkinez eraman zituzten New Yorkera. Muturreko segurtasun neurrien artean, Stewarteko aireportu militarrean lur hartu zuten; handik, prozesatzeko, DEA Drogaren Aurkako Agentziaren egoitza batera eraman zituzten helikopteroz, eta azkenik, furgonetaz, Brooklyngo espetxera. Etxe Zuriak Maduro DEAren instalazioetan ageri den bideo bat argitaratu du, bi Poliziak helduta, ingelesez «gabon, urte berri on» esanez.

RapidResponse47 / EFE
Maduro DEAren New Yorkeko egoitzara iristen, atzo. RAPIDRESPONSE47 / EFE

Maduro, ofizialki, 2020. urtean akusatu zuen New York hegoaldeko barrutiko fiskaltzak, eta «narkoterrorismoagatik, AEBetara kokaina inportatzeko konspiratzeagatik eta arma automatikoekin lotutako delituengatik» epaitu nahi dute orain. Presidenteak eta haren emazteak datozen egunetan epaile federal baten aurrean deklaratzea da AEBen asmoa. «Haien jarduera kriminalaren frogak aurkeztuko dira», esan zuen atzo Trumpek.

2020an, Washingtonek 15 milioi euro eskaini zituen Maduro atxilotzeko modua emango zuen edozein informazioren truke; 2025 hasieran 25 milioira igo zuten eskaintza, eta 50 milioira, 2025eko abuztuan. Esaterako, Washingtonek Madurori leporatzen dio Soles kartelaren buru izatea, baina kartel horren izatea bera ez da frogatua.

Rodriguez, ordezko

Presidentea bahituta dagoen bitartean, Delcy Rodriguez Venezuelako presidenteordeak hartuko du haren lekua. Rodriguezek atzo esan zuen Maduro dela «Venezuelako presidente bakarra», baina, ordu batzuk geroago, herrialdeko Auzitegi Gorenak presidente kargua hartzeko agindu dio Maduroren «nahitaezko falta» dela medio, «administrazioaren jarraitutasuna eta nazioaren defentsa osoa» bermatzeko. Emakumezko lehen presidentea izango da.

Rodriguezek, atzo iluntzean egindako prentsaurrekoan, Maduro askatzeko exijitu zuen, eta azaldu «Venezuelako indar nazional guztiak» prest daudela herrialdea defendatzeko: «Venezuela ez da berriz ere inperio baten esklabo bilakatuko». Herritarrei lasai egoteko eskatu zien.

Trump Rodriguezi mintzatu zitzaion New York Post hedabideari egindako adierazpenetan. Ziurtatu zuen ez duela troparik bidaliko Venezuelara eta ez duela beste erasorik egingo, baldin eta Rodriguezek eurek nahi dutena egiten badu. Baina, hori bai, nabarmendu zuen, nahi izanez gero, AEBetako armada prest dagoela beste eraso olde baterako, eta esan zuen «lehenengoa baino askoz handiagoa» izango litzatekeela.

Arratsaldean egindako agerraldian, jakinarazi zuen Washingtonek hartuko duela Venezuelaren kontrola, «trantsizio seguru bat» egin daitekeela baieztatu arte. «Kudeaketa egokia egin nahi dugu. Ez dugu Maduro atzeman eta alde egin nahi. Herrialdea zuzenduko dugu trantsizio egokia egin daitekeela bermatu arte».

Ikusi gehiago

Maduroren inguruan, Trumpek adierazi zuen «legez kontrako diktadore bat» dela, eta «sare kriminal bat» zuzentzen zuela. Erasoaren jomuga, ordea, petrolioan jarri dute askok eta askok. Munduko petrolio erreserbarik handienetakoak ditu Venezuelak, eta Trumpek kritikatu egin zuen Venezuelak orain arte petrolioaren inguruan egindako kudeaketa. «Venezuelak luzaroan egin du porrot petrolioaren negozioan. Atera zezaketena eta atera dutena alderatuta, oso petrolio gutxi atera dute». AEBetako presidenteak azpimarratu zuen Venezuelan petrolioaren negozioa «berreskuratzeko» prest dagoela. Ildo horretan, gogoratu zuen AEBetako petrolio konpainiak «munduko handienak» direla, eta «milaka milioi dolar» inbertituko dituztela ere jakinarazi zuen, «petrolio azpiegiturak konpontzeko, eta herrialdearentzat diru sarrerak sortzeko».

Atzerrian dagoen Venezuelako gobernuaren oposizioak, berriz, Machado buru dela, txalotu egin zuen AEBen erasoa. Bakearen Nobel sariduna pozik azaldu zen Maduro presidentea preso hartu eta indarrez AEBetara eraman dutelako, ziurtatu zuen Edmundo Gonzalez dela orain Venezuelako presidentea, eta Venezuelako Armadari hori onartzeko eskatu zion. Trumpi ere Machadoren inguruan galdetu zioten, baina adierazi zuen ez daukala Venezuelako herritarren «sostengu eta errespetu» nahikorik.

150 hegazkin

2003an Irak inbaditu zutenetik egin ez duten bezalako eraso batean, AEBek Caracas hiriburua eta beste estatu batzuetako helburu zibil eta militarrak bonbardatu zituzten larunbat goizaldean. Washingtonen arabera, 150 hegazkinek parte hartu zuten operazioan, eta Venezuelako Gobernuak baieztatu zuen Miranda, Aragua, La Guaira eta Caracasen dauden instalazio zibil eta militarren aurkakoa izan zela erasoa.

Ikusi gehiago

Munduko beste zenbait tokitan bezala, AEBetako kaleetan ere protestak antolatu dituzte Venezuelaren aurkako erasoa salatzeko, besteak beste, New Yorken bertan, Washingtonen, Bostonen, Los Angelesen eta San Franciscon. New Yorkeko manifestazioa, esaterako, Massachusetts Peace Action erakundeak deitu du, bertaratutako gehienak jatorri latinoamerikarrekoak izan dira, eta «Hands off Venezuela» (Atera eskuak Venezuelatik), «No blood for oil» (Odolik ez petrolioagatik) eta antzeko mezuak defendatu dituzte. YouGov nazioarteko erakundearen arabera, AEBetako biztanleen %70ek ez luke babestuko Venezuelaren aurkako gerra ireki bat.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.