Etxebizitza eskubidea bermatua izan dadin bide bakarra «espekulazioa eta errentismoa erabat amaitzea» dela uste dute Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek —Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuen Sareak—. «Badakigu, hala ere, helburu hori ez dela lortuko kanpaldi batekin edo greba batekin, eta, horregatik, antolatzeko eta borrokatzeko deia zabaldu nahi dugu», adierazi dute, ohar bidez. Hortaz, azaroaren 11n eginen den greba orokorrera joanen direla iragarri dute, eta langile klaseari greban parte hartzeko deia egin diote.
Adierazi dutenez, lan arloko sindikatuekin solasean ari dira, etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorra antolatzeko; datozen egunetan emanen dituzte deialdiei buruzko xehetasun gehiago. «Langile klasearen indarrak handitu behar ditugu; gehiago izan behar dugu; kontzientziatuago eta hobeto antolatuta egon behar dugu datozen hilabeteetan sor daitekeen edozein jokalekutarako: bai eskuineko gobernu baten neurri atzerakoiei aurre egiteko, bai PSOEren beste gobernu bat egongo balitz benetako hobekuntzak behartzeko», erran dute.
CCOOk eta UGTk atzo goizean eman zuten dataren berri, Madrilen; eta ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek bat eginen zutela iragarri zuten atzo arratsaldean. «Greba orokorra azaroaren 11n izango da», baieztatu zuen ELAk bere webgunean. LABek, berriz, adierazi du gaur proposatuko diola Nazio Biltzarrari azaroaren 11rako greba orokorrera deitzea.
Bi sindikatuak «Euskal Herritik eta Euskal Herrirako» greba bat adosteko prest agertu ziren herenegun, eta hala berretsi zuten atzo. ELAk adierazi du greba Hego Euskal Herritik jorratzea lehenetsiko duela: «Horregatik, lanean jarraitzen dugu etxebizitza sindikatuekin eta gainerako eragile sozial eta sindikalekin erakunde guztiei presio handiagoa egiteko, batez ere EAEn eta Nafarroan, hemengo gobernuek eskumen zabalak baitituzte arlo horretan». LABek, bertzalde, zera erran du: «Etxebizitza larrialdiari aurre egiteko egiturazko neurriak behar dira. Ardura du Espainiako Gobernuak, eta baita EAEko eta Nafarroako gobernuek ere. Egungo autogobernu maila mugatua ez da erabili langileen bizitzak hobetzeko; patronalaren interesak egon dira erdigunean».
«Kutsu politikoa»
Cebek Bizkaiko patronalaren elkarteak agerraldia egin du, Bizkaiko enpresariei egindako inkesta baten emaitzak ezagutarazteko, baina greba orokorrerako deialdia ere izan dute hizpide. Cebekeko presidente Guillermo Bucesek esan du oraindik ez dutela deialdiaren berri: «Ez dakigu zeintzuk diren deialdiaren oinarriak, eta badirudi hemen bi deialdi egongo direla baina ez dakigu eskutik helduta joango diren». Deialdiaren nondik norakoak ezagututakoan iritzia emango dutela adierazi du Bucesek, baina aurreratu du deialdiari «kutsu politikoa» hartzen diola.
«Etxebizitzaren arloan badago arazo handi bat, baina grebaren bidez, horretan zerikusirik ez duten enpresei ordainarazi nahi dizkiete kostuak», erantsi du. Haren iritziz, arazoaren muina da etxebizitzak falta direla: «Etxebizitzak eraiki behar dira, baina, kasu askotan, horiek egitea ez da bideragarria kostuak etengabe handitzen ari direlako».