Torturaren biktimak babesteko nazioarteko egunaren bezperan, Euskal Herriko Torturatuen Sarea Eusko Legebiltzarrari mintzatu zaio, eta aurrez Eusko Jaurlaritzari egindako eskaera bera egin dio; hau da, bila ditzala moduak EAEko aitortzarako eta erreparaziorako 12/2016 Legea berriz ireki eta denboran zabaltzeko, tortura kasu guztiek horretarako eskubidea izan dezaten. Halaber, ekainaren 26a «Euskal Herriko torturatuak babesteko eguna» izendatzeko eskatu die hala Gasteizeko ganberari nola Iruñekoari.
Eusko Legebiltzarrak 2016ko uztailean onartu zuen legea. Lege horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 1978 eta 1999 bitartean izandako «motibazio politikoko indarkeria egoeran» giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematen zaie. Ez, ordea, 1999tik aurrerako kasuei. Bada, Euskal Herriko Torturatuen Sareak nahi du epe muga hori zabaltzea, eta Nafarroan bezala «epemugarik gabekoa» izatea, beste hainbat eskabide bideratu ahal izateko. Halaber, legeak ezarritako eskaerak aurkezteko beste epe bat zabaltzea ere nahi du, 2021eko abenduan itxi baitzen epe hori.
«Gure herriko bizikidetza demokratikoan aurrera egiteko, ezinbestekotzat daukagu lege esparru hori irekitzea, EAEko erakunde publikoen bidez eskubide urraketa larri hori pairatu dugunentzat aitortzarako eta erreparaziorako mekanismo integralak eraiki nahi badira», adierazi dute Gasteizko ganberaren aurrean egin duten agerraldian. Izan ere, ohartarazi du mekanismo horiek gabe sufrimendua «betikotu» egiten dela, erreparazioa «bideraezin» bilakatzen duelako.
Amaia Urizar eta Jon Liguenzana bozeramaileek irakurri dute agiria, eta gogorarazi dute tortura «ezkutatu ezin den errealitate lazgarria» dela, frankismo garaitik hasi eta gaurdaino «milaka» pertsonak jasan dutelako tortura sistematikoki. Hain zuzen, Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako txostenean 5.000tik gora tortura kasu identifikatu zituzten Euskal Herrian.
«Baina tortura ez da datu hotz bat, ezta iraganeko orrialde ilun soil bat ere. Tortura zauria da, gehienetan ikusezina, oraindik ere milaka pertsonarengan bizirik dirauena», azpimarratu dute, eta nabarmendu zenbaki huts izateari uzteko garaia dela, torturatuak Euskal Herriko «istorio bizia» direlako. «Horregatik, Eusko Legebiltzarrari konpromiso irmoak hartzeko deia egin diogu. Egiarako, justiziarako eta erreparaziorako bidean benetako aurrerapausoak emateko. Torturaren mina isilean daramagunoi bizkarra ez emateko».
Aitortza eguna
Tortura jasan dutenei erreparazioa emateaz gain, torturak berak eragin dituen «ondorio politiko, sozial, kultural, gizatiar eta generozkoak» ere aitortu eta ezagutarazi behar direla iritzi dio Euskal Herriko Torturatuen Sareak. Izan ere, azaldu du jende askok ez dakiela torturak Euskal Herrian zenbateko «tamaina, dentsitatea eta intentsitatea» izan duen.
Bada, horri erantzuteko, ekainaren 26a «Euskal Herriko torturatuak babesteko eguna» izendatzeko eskatu die hala Eusko Legebiltzarrari nola Nafarroako Parlamentuari. Azaldu dute egun hori baliagarria izango litzatekeela tortura kasuak ezagutarazteko eta «tortura politikoa berriro ez aplikatzeko bermeak eraikitzen hasteko».