Euskararen Nazioarteko Egunaren harira elkarretaratzeak egin dituzte Ipar Euskal Herrian euskalgintzako eragileen lantokien aitzinean, eta, Euskal Konfederazioak deituta, EEP Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinean bildu dira eguerdian, Euskarari trufarik ez! lelopean. Galdegin dute hizkuntza politika publikoaren baliabideak «euskarak behar duenaren heinekoak» izan daitezela, eta abenduaren 27an Kontseiluak Bilbon antolatu duen ekitaldian parte hartzera deitu dute.Â
Aurrekontuaren inguruko eztabaidak gorabehera, krisi sakon batean murgildua da EEP azken bi urteetan. Heldu den astean izanen dute biltzar nagusia, eta EEP osatzen duen hitzarmen sortzailea berritu ala ez erabaki beharko dute. Halaber, aitzinkontua ere bozkatu beharko dute. «Ez dakigu bozkatuko duten aurrekontua zenbatekoa izanen den, eta horregatik hain zuzen bilduak gara hemen, euskarak behar duenaren heinekoa izan dadin eskatzeko, baliabide egokirik eta estrategia argirik gabe ezinezkoa izanen baita hemendik 2050. urterako populazioaren %30 euskalduna izatea, EEPk aurkeztu perspektiban jaso bezala», adierazi du Sebastien Castet Euskal Konfederazioko kideak.
Ikusi gehiago
EEP aitzinean egin duten elkarretaratzeaz gain, protestak egin dituzte hainbat eskolatako, ikastolatako, gau eskolatako, aisialdi zentrotako, euskara elkartetako, hedabidetako eta haurtzaindegitako langileek, baita ikasleek eta gurasoek ere. Baldintza egokietan aritzeko eskubidea aldarrikatu dute, beren jarduera behar bezala garatu ahal izateko, eta euskarak «merezi duen bezala bizitzeko» aukera izan dezan. «Maizegi ahanzten baitugu datuen gibelean andereak eta gizonak badirela, egunerokoan xinaurri lana eramanez euskararen irakaskuntzan, transmisioan eta erabileran aritzen direnak, eta hauei ere errespetua zor zaiela, hauei ere ez zaiela trufa egin behar», nabarmendu du Castetek.
Horregatik, Euskal Konfederazioak funtsezkotzat jo du Euskararen Eguna mobilizazio eguna ere izan dadin euskalgintzako eragileentzat. «Hemendik goiti ere segituko beharko dugu hizkuntza politika publiko eraginkorra aldarrikatzen, eta euskara trabatu eta ikusezina izatea nahi dutenak salatzen».
Eskubideen defentsan
Konfederazioak oroitarazi du ohikoa bilakatu dela Euskararen Eguna kari instituzioek eta elkarte eragileek orotariko ekitaldi, mintzaldi, ikusgarri eta diskurtsoak antolatzea euskarari gorazarre egiteko eta ikusgaitasun handiagoa emateko. Euskararen aldeko ekimen oro «ongi etorria izanik ere», oroitarazi nahi izan dute euskarak urte osoan izan behar duela ikusgaitasuna: «Egunerokoan behar du erabilia izan, espazio pribatuan nahiz publikoan, galbidetik atera eta arrunt normalizatua izan dadin nahi badugu behintzat».
Alta, Frantziako Estatuak oztopoak besterik ez du ematen. Berriki Senperen gertatutakoa salatzeko baliatu dute asteazken honetako protesta, suprefetak erran baitu herrian zehar diren itzulguneetan euskara «gehiegi» erabilia dela, eta frantsesa «ez aski». Ondorioz, aurreko hilabetean hartutako delibero bat bertan behera utzi du Senpereko herriko kontseiluak. «Estatuko ordezkariaren jarrera hori irmoki gaitzetsi nahi du Euskal Konfederazioak, eta antzeko kasurik berriz gertatuz gero hautetsiak eta herritarrak mobilizatzera eta buru egitera deitzen ditu: Euskal Herrian gara, gure hizkuntza euskara da, eta euskaraz bizitzeko eskubidea dugu».
Konfederazioak berretsi du hizkuntza eskubideak errespetarazteko bidea «luzea» izanen dela, eta horretarako mobilizazioa «beharrezkoa» izanen dela: herritarrena, hautetsiena eta euskalgintzarena. «Baina badakigu denen mobilizazioari esker euskara larrialditik ateratzea lortuko dugula, bakoitzak dagozkion ardurak hartuz gero. Guk, euskaltzale guziok, ondoko hitzordua abenduaren 27an dugu, Bilboko Bizkaia Arenan, Kontseiluak antolatu ekitaldian euskararen pizkundea nahi dugula adierazteko».