Euskal presoen auzia lehenbailehen konpontzeko eskatuko dute Bilbon

Sare Herritarrak deituta, 'Ezin da gehiago luzatu' lelopean egingo dute manifestazioa. Atxikimendu handia izan du mobilizazioak, eta han izango dira, besteak beste, EH Bilduko, Ahal Dugu-ko eta sindikatu nagusietako ordezkariak.

Iazko urtarrilean egindako mobilizazioa, Bilbon. GORKA RUBIO / FOKU
Iazko urtarrilean egindako mobilizazioa, Bilbon. GORKA RUBIO / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko urtarrilaren 9a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko kaleak betetzeko deia egin du Sare Herritarrak aurten ere. Larunbat arratsaldean egingo dute manifestazioa, 17:00etan, Ezin da gehiago luzatu lelopean. Izan ere, plataformakoen ustez, euskal presoen auziari konponbidea emateko azken fasea martxan da. «Litekeena da 2026. urte hau bide luze baten azken txanpa izatea», adierazi zuten aurreko asteburuan egindako agerraldian. Halere, helmuga horretara iristeko urrats batzuk egin behar dira oraindik; besteak beste, gogoratu dute salbuespen legeak indarrean direla.

ETAk bere jarduera armatua eten zuenetik hamabost urte beteko dira aurten, eta 120 euskal preso inguru daude, ia denak Euskal Herrian —bi daude preso Frantziako Estatuan—. Iraganeko kontuak dira urruntze politika eta lehen graduen aplikazio orokortua ere, baina oraindik ere badira salbuespen lege batzuk indarrean. Hala, azken urteetako «aurrerapausoen inguruko gogobetetzea» eta presoen «eskubideen urraketa amaitzearen aldeko aldarrikapen demokratikoa» izango dituzte ardatz manifestazioan.

Izan ere, Sarek uste du «benetan demokratikoa izan nahi duen gizarte batek» ezin diola bizkar eman egoera horri, eta preso, iheslari eta deportatuen auziei erantzutera dei egin du, argudiatuta, hain zuzen, «salbuespenezko lege eta praktika penalak» direla egoera horren oinarri. Horietako bat, 7/2014 lege organikoa, indargabetu zen 2024an, Espainiako justizia presoek Frantzian betetako zigor urteak kontuan hartzera behartuz, eta erreformak hogei presoren baino gehiagoren egoeran eragina izan du jada, Sareren arabera.

Ez dago mugimendurik, ordea, 7/2003 lege organikoa moldatzeko, eta horren ondorioei erantzuteko neurriak eskatzen dituzte euskal presoen eskubideen aldeko eragileek, baita progresioen auzian beste martxa bat ezartzeko ere, etxeratze prozesua arintzeko bidean. Gaur egun, 40 preso inguru ari dira zigorra etxean betetzen, eta beste hogei bat dira zenbait egunetan espetxetik ateratzeko aukera dutenak, hirugarren graduan edo espetxe araudiko 100.2 artikulua aplikatuta. Bestela esanda, presoen erdiek inguruk oraindik ez dute aukerarik kalea zapaltzeko, nahiz eta gehienek kartzelan hogei urte baino daramatzaten.

Babes zabala

Sare Herritarrak egin du mobilizatzeko deia, baina eragile andanak eman diote babesa azken egunetan. EH Bai, EH Bildu eta hura osatzen duten alderdietako —Sortu, EA eta Alternatiba— ordezkariez gain, Ahal Dugu-ko kideak ere izango dira mobilizazioan, baita ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE, CGT, CNT eta Etxalde sindikatuetako ordezkariak ere. EH Bilduk azken urteetan «elkarbizitza demokratikoaren norabidean» egin diren aurrerapausoak nabarmendu ditu, baina gehitu du agerikoa dela oraindik ere salbuespenak martxan direla. Hala, mobilizazioan parte hartzeko deia egin die «bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren aldeko apustua» egiten dute herritarrei: «Elkarbizitza demokratiko batek, sufrimendu guztiak amaitzearekin batera, biktima guztiek behar duten aitortzarekin batera, eskatzen du preso, iheslari eta deportatuen egoerari behin betiko konponbidea ematea, horrek ere berebiziko ekarpena egingo liokeelako elkarbizitza iraunkor eta osasuntsu baten bidean».

Ohar batean, ELA sindikatuak salatu du ETAren jardun armatua eten eta hamabost urtera salbuespen politikek indarrean segitzen dutela, eta ondorioz badirela mobilizatzeko arrazoiak: «Presoen eskubideak defendatzeko eta, batez ere, Euskal Herrian konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko apustua egiteko». LABek, berriz, uste du «anomalia demokratiko bat» direla euskal presoei etxeratze bidean ezartzen zaizkien «trabak eta oztopoak», eta «gatazkaren ondorioak eta presoek bizi duten salbuespen egoera gainditzeko» presio egitera dei egin du.

Euskal Herriko eragileak ez dira babesa azaldu duten bakarrak. Nazioartetik, Junts per Catalunya, ERC, CUP, BNG eta Mes per Mallorca alderdiek ere adierazi diote babesa mobilizazioari, eta zenbait ordezkari mobilizazioan izango dira. Haiekin batera, baita Kataluniako ANC Biltzar Nazional Katalaneko, Omnium Cultural elkarteko eta Kataluniako Abokatutzaren Koordinakundeko kideak ere.

Sarek, baina, arlo politiko eta sindikaletik haratago ere topatu ditu babesak. Dozenaka kulturgilek bat egin zuten haren aldarrikapenarekin Durangoko Azokaren testuinguruan egindako agerraldian, eta iragarri dute manifestazioaren amaierako ekitaldian parte hartuko dutela, besteak beste, Xabat Illarregi eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariek —hurrenez hurren, Nafarroako eta Bizkaiko bertsolari txapelketetako garaileak—, eta Pantxoa eta Peio musikariek.

Lehen biak manifestazioaren buru izango den pankarta ere eramango dute, gizarte eta kirol arloetako beste zenbait pertsona erreferenterekin batera: Arantxi Padilla kazetaria, Olatz Iglesias psikologo eta senidea, Amaiur Iragi senidea, Rosa Rodero ETAren biktima, Eva Ferreira Harrera Elkarteko lehendakaria, Ixone Fernandez estatuaren biktima, Fouad Baker legelari palestinarra, Garazi Hanch Embarek aktibista sahararra, Xabier Amuriza bertsolaria, Francis Diez abeslaria eta Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria.

Manifestazioa 17:00etan hasiko da, Casillatik, eta Bilboko udaletxean amaituko da; han Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko eledunek hartuko dute hitza. Halere, hura ez da egunaren hasiera izango. Jai giroan ekin nahi diote aldarrikapen egunari, eta 11:30etik aurrera zenbait ekitaldi daude antolatuta: Porrotx eta Zapotxin pailazoak, Ondalan eta Usansoloko erraldoi eta buruhandiak, trikitilariak, txistulariak, Orkresta elektrotxaranga eta bertso saio bat, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.