Zuluetaren eta Enparantzaren defentsak helegitea jarriko du Konstituzionalean

Defentsak salatu du «giza eskubide urraketa asko» egon zirela miaketetan eta ikerketan, eta bat bera ere ez du aintzat hartu Espainiako Auzitegi Gorenak. Sareren iritziz, epaiak «intentzio politikoa» du.

Sare Herritarrak hilaren 3an aurkeztu zuen urtarrilaren 10eko manifestazioa, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Sare Herritarrak hilaren 3an aurkeztu zuen urtarrilaren 10eko manifestazioa, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Kristina Martin - Gurutze Izagirre Intxauspe
2026ko urtarrilaren 8a
09:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Auzitegi Gorenak ez du Arantza Zulueta eta Jon Enparantza euskal presoen defentsan aritutako abokatuen kontrako epaiaren alegazio bat bera ere aintzat hartu. Alfonso Zenonek, Zulueta eta Enparantzaren abokatuak, jakinarazi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jotzea dela asmoa: «Giza eskubideen urraketa asko egin ziren miaketetan, CNIren ikerketetan eta beste». Horrenbestez, ez dute espero Zuluetak eta Enparantzak espetxera joan behar izatea. Espainiako Auzitegi Nazionalak 2022an ezarritako zazpi urte eta erdi eta lau urteko zigorrak berretsi zituen atzo Gorenak. Baldintzapean aske daude bi abokatuak.

Prozedura honakoa da orain: Gorenak Auzitegi Nazionalera igorri behar du epaia, Auzitegi Nazionalak sententziaren exekuzioa agindu dezan, eta hori abokatuari bidali behar diote. Orduan, abokatuak epai irmoak deuseztatzeko intzidentea eskatuko du, helegitea jarriko baitute Konstituzionalean. 30 eguneko epea du helegite hori jartzeko. Gero, Konstituzionalak aztertu egin beharko lituzke helegiteak.

197 orriko epaia atzo arratsaldean igorri zieten abokatuei, eta ez dute sakon leitzeko astirik hartu. Argudioak xehe leitu eta alegazioak aurkeztuko dituztela baieztatu du, halere, Zenonek.

Zuluetak eta Enparantzak hamabost urte daramatzate pasaportea erretiratuta, eta bermea ordainduta daude baldintzapean aske. Aldiro joaten dira epaitegira sinatzera.

2010ean atxilotu zituzten, ETAren «fronte juridikoa» zuzentzea egotzita. Javier Gomez Bermudez epaileak aginduta Guardia Zibilak egindako operazio hartan euskal presoen defentsan aritzen ziren zazpi pertsona atxilotu zituzten. Haietariko hiru absolbitu egin zituzten epaiketan, eta beste lau zigortu. Zuluetaz eta Enparantzaz gain, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi. Azken bi horien alegazio batzuk hartu ditu aintzat Gorenak, eta zigorrak arindu dizkie; bi urteko kartzela zigorrera Zuriarraini eta urte eta erdira Sarriegiri.

«Zigorrak ez du zerikusirik justiziarekin»

Atxiloketa haiek erantzun sorta zabala eragin zuten, besteak beste, Europako abokatu taldeek ere salatu baitzuten abokatuen aurkako polizia operazioa.

Testuinguru horretan, Sare Herritarrak ere ohar bat kaleratu du Gorenaren epaia salatzeko. Haren ustez, Espainiako Auzitegi Gorenak Zulueta eta Enparantza abokatuen aurka emandako epaiak «agerian uzten du intentzio judizial politikoa». Salatu duenez, «zigorrak ez du zerikusirik justiziarekin», eta «esku sartze argi bat da abokatu horiek ETAko kide izateagatik edo kolaborazioagatik zigortutako pertsonen defentsan egindako lanean».

Espainiako justiziaren jarrera salatzeko ezin aproposagoa da, Sareren aburuz, hilaren 10ean, larunbatarekin, Bilbon deitutako manifestazioarekin bat egitea. Bizkaiko hiriburuko kaleetan salatuko dituzte «jazarpen politiko, epaiketa politiko eta, oro har, gure herriak konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko lanean jarraitzeko ezartzen zaizkigun oztopoak». Sareren esanetan, «konponbideak eta sufrimenduak ezin dute gehiago luzatu».

EH Bilduk, ELAk eta LABek Bilbora deitu dute

Hainbat eragilek egin dute bat Sarek etziko deitu duen manifestazioarekin. EH Bildu, ELA eta LABez gain, Podemos, Junts, ERC, CUP eta BNGko ordezkaritza bana izango da larunbatean Bilbon. EH Bilduk esan du arrazoi politikoengatik espetxean, erbestean edo deportazioan dauden euskal herritarren egoerak konpondu gabe jarraitzen duela. Gehitu du bizikidetzan aurrerapausoak eman direla eta gero eta euskal preso gehiagok hartu dutela etxerako bidea, baina oraindik salbuespen neurriak indarrean daudela ohartarazi du. «Elkarbizitza demokratiko batek, sufrimendu guztiekin amaitzearekin batera, biktima guztiek behar duten aitortzarekin batera, eskatzen du preso, iheslari eta deportatuen egoerari behin betiko konponbidea ematea, honek ere berebiziko ekarpena egingo liokeelako elkarbizitza iraunkor eta osasuntsu baten bidean». Horrenbestez, manifestazioan parte hartzera deitu du.

ELAk ere uste du presoen eskubideak defendatzearekin konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko apustua egiten dela. Gogoratu du aurten hamabost urte beteko direla ETAk jarduera armatua amaitu zuenetik. «Bada garaia euskal presoen salbuespen egoera amaitzeko. Ezin da gehiago luzatu». LABek ere bat egin du deialdiarekin. Presoek bizi duten salbuespen egoera gainditzeko garai dela azpimarratu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.