Euskaltegiak itunpekoak izateko prozedura abiarazi du Eusko Jaurlaritzak

Ibone Bengoetxea lehenenego lehendakariordeak agindu bat argitaratu du, ituntzerako araubidea ezartzeko «aurretiko kontsulta» egiteko.

AEKren Xenpelar euskaltegiko argazki bat, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
AEKren Xenpelar euskaltegiko argazki bat, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
arantxa iraola
2026ko ekainaren 5a
12:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Helduen euskalduntzea eta alfabetatzea «ituntzeko» asmoa du Eusko Jaurlaritzak eta, hain justu ere, horretarako araubidea ezartzeko atariko urrats moduan, «aurretiko kontsulta» egiteko agindua argitaratu du lehenengo lehendakariorde eta Kulturako eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak. Agiri horren arabera, abiatu duten prozeduraren helburua da finantzaketa sistema aldatu eta «jauzi kualitatibo nabarmena» egitea helduen euskalduntzean. Herritarrek eta arauak eragindako erakundeek hamabost egun dituzte orain, hala nahi badute, ekarpenak egiteko. 

Ondu nahi duten araudiaren xedea argia da: «Euskaltegi pribatuak finantzatzeko sistema berri bat ezartzea, gaur egun ezartzen zaizkien diru laguntzen denborazko mugak eta muga teleologikoak, arazo tekniko eta izapide luzeak, eta kontratazio sistema konplexuak gaindituko dituena». Zailtasun horiek gaindituta, euskaltegien itunpetzeak ekar ditzakeen onurak zerrendatu ditu Jaurlaritzak agirian: «Irakasleen profesionalizazioan eta egonkortasunean, euskaltegien egonkortasunean, HABEren kudeaketaren hobetzean eta burokratizazioan, eta, azkenik, ikasle gehiago euskaltegiratzeko matrikularen doakotasun programak landuz, ahalik eta euskara erabiltzaile gehiago sustatzeko euskararen erabileraren mesedetan».

Bestela ere, urratsak egiten ari da Jaurlaritza euskaltegietako sarbidea errazteko; doakotasunerako bidean hainbat pauso egin ditu iragan ikasturteotan, eta apirilaren amaieran euskara ikasteko bonua aurkeztu zuten. Aldaketa nabarmena proposatu dute baliabide berri horren bidez: 120 euro ordainduta, lau urtez euskara ikasteko aukera ematen die ikasleei. Orain Jaurlaritzak plazaratu duen aginduan jaso dute «doakotasunaren» bide horretan «eraginkortasun handiagoz» aritzeko lagungarria izango dela itunpeko sistema. 

Egungo sistemaren arazoak

Egungo finantzaketa ereduaren inguruan dauden hainbat arazo ere jaso dituzte aginduan, eta argudiatu dute, hain justu ere, horiek gainditzeko asmoz egin nahi dutela aldaketa. Izan ere, euskaltegi homologatuekin iragan bi hamarkadetan izan duten «eskarmentuari» erreparatuz, ikusi dute «eredu holistikoagoetarako trantsizioa» egitea lagungarria izan daitekeela. «Hitzarmen sistema bat ezartzeak egonkortasuna eman diezaieke euskaltegiei».

Besteak beste, gogoratu dute aurrekontu ekitaldien urteko erreferentzia urte naturalarekin lotzen dela, eta euskaltegietako martxa, berriz, ikasturtearekin, eta horrek «gorabehera» korapilatsuak sortzen dituela zenbaitetan. Era berean, laguntzen bidezko sistemak euskaltegien lan martxa eta balioekin ere usu kontraesanak sortzen dituela onartu dute. «Diru laguntzen jardueraren egoera paradigmatikoa, lehiakortasunean oinarritua, ez dator bat euskaltegien berezko finantzaketa arkitekturarekin». Esan dute Kontrol Ekonomikoko Bulegoak berak horren gaineko ohartarazpena egin izan duela. Era berean, nabarmendu dute euskaltegietan «ezinezkoa» dela diruz lagunduko dena «aldez aurretik erabat zehaztea», eta horrek ere sortu dituela sarritan zailtasunak.

Horregatik, ondorioztatu dute itunpeko sarearen aldeko hautua egin behar dela. «Urte anitzetan irauteko bokazioa duen» itunpetze bat dute buruan, aditzera eman dutenez. «Segurtasun juridikoa eta finantza segurtasuna» eskaintzeko bidea horixe dela esan dute. Nabarmendu egin dituzte, halaber, igaro urteotan egonkortasuna emate aldera egindako urratsak ere. Gogoratu dute azken urteotan euskaltegiekin dituzten harremanak lau urteko plangintza zikloetan antolatu dituztela, eta zentro horietako langileen aldeko urratsak ere egin ahal izan direla: «Azken urteotan ahalegin handia egin da euskaltegi pribatuetako irakasleen lan baldintzak hobetzeko, ordura arte behin-behinekotasun handia zuen sektore bat baitzen, eta pixkanaka murrizten ari da».  Horrek guztiak sektorearen «profesionalizazioa eta egonkortzea» ekarri dituela gogoratu dute. Hor aurrera egiten segitze aldera, eta «soldata igoeren politika bat» sustatzeko, «ituntzean» oinarritutako sistema batek ere «egokitze juridiko hobea eta egonkortasun ekonomiko handiagoa» izan ditzakeela nabarmendu dute. 

Esparru «egonkor» bat

Ituntzearen aldeko azken motibo nagusi gisara jaso dute sistema horrek erraztu egin dezakeela «aldi baterakoak diren edo aurreikusi ezin diren hainbat premiazko egoera» bideratzea. «Horrela, itunak esparru egonkor bat ezar dezake irakasleak edota hizkuntza mailak egiaztatzeko probak zuzentzeko beharrezkoa den euskaltegietatik datozen irakasleak hornitzeko, une honetan indarrean dagoen zuzentzaileen borondatezko eta banakako atxikipen sistema gaindituz».

Sakoneko aldaketa hau beharrezkoa da Jaurlaritzaren ustez; adierazi du egungo sistema «partzialki» erreformatuta ezin dela lortu egun dauden «disfuntzionalitateak» guztiz gainditzea. «Horrek beti izango du irismen mugatu bat diru laguntza sistemaren beraren esparrua gainditzen ez bada». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE