Aurrez beste hainbat forotan egin duen gisan, gaur Nafarroako Parlamentuan aurkeztu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak Euskara ezagutzeko beharra sustatzeko proposamena dokumentuaren gako nagusiak. AEK eta IKA euskaltegi sareetako kide Aize Otaño eta Joxerra Olano mintzatu dira agerraldian. Euskararen biziberritzean aurrera egiteko helduen euskalduntze eta alfabetatzea jardunbide aski garrantzitsua dela gogoratu dute, eta doakotasunerako bidean urrats «eraginkorrak» egin behar direla sektorean. Nafarroako Parlamentuaren Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Batzordean izan da agerraldia.
Doakotasunaren bide horretan, proposamenean jasotako gakoak zein diren gogora ekarri dute. Helburu behinena hau da: «Ikasleek dirurik aurreratu behar ez izatea». Jaso dute, halaber, debalde ikasi ahal izateak ez duela lotuta egon behar ikasleak emaitza jakin bat lortzearekin, ikasmaila jakin bat gainditzearekin. Uste dute «ahaleginarekin» lotuta egon behar duela. Hori arautze aldera, zehaztu dute irizpide objektibo bat: ikasleen gutxieneko bertaratzea %75ekoa izatea. Ikasleak ikasprozesuetan «kronifika» ez daitezen, beste irizpide bat ere jaso dute: ikasleek 2.000 ikastorduko kreditu muga izatea. Horiek zehaztuta, uste dute doakotasuna zabaldu egin behar dela prozesu osora: ikasmaila apaletatik jasoenetara.
Nafarroako Gobernua bera ari da arloan aurrerabideak egiten. Iazko abuztuan jakinarazi zuen, adibidez, euskaltegiko matrikularen %100 itzuliko diela euskarazko A1 maila egiten dutenei. Maila apalena da hori, hastapenekoa. Berrikuntza hori jakinarazteko ekitaldian Memoria eta Bizikidetza arloko, Kanpo Ekintzako eta Euskara kontseilari Ana Ollok adierazi zuen tankerako neurriak hartzen jarraitzeko asmoa dutela.
Doakotasuna eskatzeaz aparte, beste ardatz bat badu Kontseiluak euskaltegietako jarduna indartzeko egina duen proposamenak: euskara ikasteko «beharra» sustatzea. «Horretarako bi motibazio mota landu beharko dira, herritarrek euskara ikasteko eta erabiltzeko erabakia edo hautua egin dezaten: motibazio pragmatikoa eta motibazio afektiboa», gogora ekarri dute gaurko saioan ere.
Batuz Aldatu
Nabarmendu dute eskariok guztiz bat egiten dutela Kontseiluak askotariko eragileekin batera Batuz Aldatu prozesuan hizkuntza politika berri baterako hitzartu duen itunaren oinarriekin. Izan ere, hor jasotako xede nagusia da euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea, eta, helburu horri begira, hizkuntza politikek hartu beharko duten norabideetako batek izan behar du euskararen ezagutzaren «unibertsalizazioa». Hor berebiziko garrantzia du helduen euskalduntze eta alfabetatzeak. Aintzat hartu behar da itun horren sendotasuna. 2021ean abiarazi zuen Kontseiluak lanketa prozesua. 99 eragilek egin zuten bat aurrena egitasmoarekin, eta iazko irailean, dokumentua aurkeztu zuten 113 eragileren babesarekin. Eta trinkotzen ari da oraindik: beste 30 eragile batu dira hilabeteotan. Tartean erakunde oso indartsuak daude: EHU Euskal Herriko Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea, kasurako.
Egun sektorean dauden bestelako arazoak ere agerian utzi nahi izan dituzte gaurko saioan. Kritikatu dute, adibidez, «koordinazio falta». Eta aurrez ere maiz plazaratutako eskea mahai gainean jarri dute: «Euskal Herri osoa hartuko duen egitura egonkor eta iraunkor bakar baten premia dugu: agentzia bat».