Euskara ikasteko doakotasuna: ados helburuan, ez bidean

Eusko Legebiltzarrak ez du onartu EH Bilduk aurkeztutako proposamena: doakotasuna B2 mailara arte zabaltzea eta arlo pribatuan lanorduetan ikasteko erraztasunak ematea. EAJk eta PSE-EEk, ordea, hobetsi dute lan itunen bidez egitea urratsak.

Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkideak eraman du ekinbidea Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara. RAUL BOGAJO / FOKU
Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkidea Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara. Artxiboko irudia. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2026ko martxoaren 12a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alderdi politikoen nahiak eta ezinak azaleratu ditu berriro euskarak Eusko Legebiltzarrean. Administrazioko hizkuntza eskakizunei buruzko eztabaida zabalik den honetan, euskara doan ikasteko neurriek eragin dute desadostasuna oraingoan. Funtsean, bat etorri dira bide horretan urratsak egin beharraz, baina ez jarraitu beharreko estrategiaz. Izan ere, EH Bilduk proposatu du herritar guztiei euskara doan ikasteko moduak bermatzea, B2 mailaraino eta dirurik aurreratu eta mailarik gainditu beharrik gabe. EAJk eta PSE-EEk, ordea, ontzat jo dute gobernuaren egungo plana, eta bide hori garatzen jarraitzeko eskatu diote.

Gaur egun, euskara ikastea doakoa da A1 eta A2 mailetan. Baita C1 maila ere, baina soilik 16 eta 18 urteko gazteentzat. Halere, doakotasun horrek badu muga bat: dirua aurreratu behar da, eta ikasmaila gaindituz gero itzuli egiten da. Hori dela eta, EH Bilduk harago egiteko eskatu du, eta proposatu du plangintza zehatza adostea doakotasun hori B1 mailara arte zabaltzeko datorren ikasturtean, eta B2 mailara bitarte 2027-2028ko ikasturtean. Era berean, EAEko administrazio publikoak azpikontratatuak dituen enpresetako langileek lanorduetan euskara ikasteko aukera ordaindua ematea ere galdegin du.

Izan ere, Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, herritarrei euskara ikasteko denbora ematea da ezagutzaren unibertsalizaziorako bidean egin beharreko «bigarren jauzi handia». Gogorarazi du denbora falta dela euskara ikasteko eragozpen handietako bat, beharraz eta diruaz harago langileek arazo handiak dituztelako liberatzeko edo eszedentziak hartzeko, hala administrazio publikoetan nola enpresa pribatuetan. Bada, neurriak hartzeko eskatu du, «herritar bakar bat ere ez dadin geratu euskaraz jakin gabe».

Legebiltzarkide subiranistak azpimarratu du unibertsaltasunaren bidean urratsak egin badira ere helburu hori oraindik «urrun» dagoela, nagusiki hizkuntzen arteko «hierarkia bat» dagoelako eta hizkuntza politikan egin beharreko urrats asko airean daudelako oraindik. Aldiz, gogoratu du hizkuntzak «integraziorako tresna» izan behar duela datozen urte eta hamarkadetan lanera eta bizitzera etorriko direnentzat, eta euskara doan ikasteko aukera «erabakigarria» izango dela horretarako.

Horiek horrela, jeltzaleen eta sozialisten jarrera txarretsi du, Nafarroan lortu zutelako akordio bat gaiaren inguruan. «Ulergaitza» da hori Aztiriaren arabera. EH Bildu akordioetatik kanpo uztea beste helbururik ez dago erabaki horren atzean, adierazi duenez. Soilik horrela ulertu daitekeelako, adibidez, migratzaileen erregularizazioa euskararen ezagutzarekin lotzea eskatu izana Jaurlaritzak, baina horretarako erraztasunik ez ematea. «Euskararen aldeko borroka eta haren ezagutza unibertsalizatzeko herri erronka hiztun guztien egiazko berdintasunaren aldeko borroka da», azpimarratu du.

Lan hitzarmenen alde

Alaitz Zabala EAJko legebiltzarkideak gogorarazi du Nafarroan aurrekontuen negoziazioan lortu zutela euskararen doakotasunari buruzko akordioa. Eta EH Bilduri kritikatu dio Jaurlaritzaren aurrekontuetan ez zuela doakotasunari buruzko zuzenketarik aurkeztu, eta, gainera, ezetz bozkatu zutela. Jeltzaleek iritzi diote euskararen doakotasunaren eta indarberritzearen bidean urratsak egin behar direla, baina ez dute uste hori egin behar denik EH Bilduk proposatutako neurrien bidez, PSE-EErekin batera aurkeztu eta onartu duten zuzenketak erakusten duenez.

Izan ere, arlo pribatuari dagokionez, euskalduntzea sustatzeko urratsak lan hitzarmenen bidez egitea hobesten dute, eta «errealitate guztiak» errespetatzea. «Horretarako, behar-beharrezkoa da sindikatuen, langileen eta enpresen inplikazioa», adierazi du Zabalak. Legebiltzarkide jeltzaleak gogorarazi du euskara ikasteak «ahalegin bat» eskatzen duela, baina ez beste hizkuntzak ikasteko baino handiagoa, eta esan du horiek ez direla soilik lanorduetan ikasten. Horren harira, euskara «erakargarri eta erabilgarri» bihurtzearen aldeko aldarria egin du, erabilera sustatuz eta mezu «euskarafoboei» aurre eginez.

Bide beretik, Pau Blasi legebiltzarkide sozialistak esan du euskararen inguruko «analisi apokaliptikoak» baztertu egin behar direla, euskara «inoiz baino indartsuago» baitago. Arlo pribatuan euskara ikasteko erraztasunak eman behar direla adierazi du, baina eragile guztien adostasuna ezinbestekotzat jo du horretarako: «Negoziazio kolektiboa ezinbesteko tresna da». Hala ere, azpimarratu du euskararen indarberritzea administraziotik kanpo dagoela, eta diru laguntzek baldintzak izan behar dituztela.

Kontrakoa iritzi dio Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak. Euskara hutsean egin du mintzaldia, eta adierazi du doakotasuna ezin dela emaitzen araberakoa izan. Eta adierazi du doakotasun hori C2 mailara arte luzatu beharko litzatekeela. Sektore pribatuan euskara ikasteko erraztasunak ematea ere defendatu du, betiere «soldatari eragin gabe». Hernandezek EH Bilduren jatorrizko testuaren alde bozkatu du, baita EAJren eta PSE-EEren zuzenketaren alde ere. 

jarrerak urrun daude hizkuntza eskakizunei dagokionez ere

Hizpide izan dute egunotan euskaltzaleak asaldatu dituen albistea ere: 'Argia' astekariak egiaztatu du «kanpaina antolatu» bat egon dela hizkuntza eskakizunen kontrako auzibideak abiarazteko, eta agerian utzi du CCOO sindikatuak eta Euskara Denontzat taldeak hor izan duten tokia. Horren atzean dagoen «trama» deitoratu du Aztiriak, eta azalpenak eskatu dizkio PSE-EEri. Blasik erantzun dio, ordea, ez duela onartuko seinalatzea, eta ez dietela jarrera aldaraziko Enplegu Publikoaren Legeari dagokionez. Sumarrek ere seinalatzearekin «kontuz» aritzeko eskatu du, eta PPk, berriz, auzitara jotzeko mehatxua egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA