Euskara izaten jarraitzeko

AEKk mintzodromoak antolatu ditu 65 herritan, Korrikaren hamabigarren egunaren harira.

Herritar batzuk mintzodromoan parte hartzen, gaur arratsaldean, Zarautzen. JON URBE / FOKU
Herritar batzuk mintzodromoan parte hartzen, gaur arratsaldean, Zarautzen. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Zarautz
2026ko maiatzaren 21a
20:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikasi eta praktikatu. Praktikatu eta ikasi. Sorgin gurpil bat da. Ez dago hizkuntza bat ikasteko beste formularik: ikasi ahala, hitz egiteko aukera gehiago. Eta hitz egin ahala, ikasteko aukera gehiago. AEKk biak ala biak egiteko aukera eman du Korrikaren hamabigarren egunaren bueltan: apirilaren 22an, ordubeteko doako euskara eskola bat eskaini zuten AEKren euskaltegi guztietan; gaur, mintzodromoak antolatu dituzte 65 herritan.

Esaterako, Zarautzen (Gipuzkoa). Uxoa Arruti da Zarauzko AEKko arduraduna. 35 bat pertsona bildu dira, Arrutik azaldu duenez, ikasleak gehienak, baina baita mintzalagun programako partaideak ere: «Ikasleentzat egokia iruditzen zaigu, praktikatzeko aukera delako, baina baita beste batzuen iritziak entzuteko-eta ere». 

Sei taldetan banatu, eta hasi dira hizketan. Euskaraz, ikasteaz, ikasi eta ez erabiltzeaz, erabiltzeko aukerez... Bakoitzak beretik: «Bai, bai, ulertzen dut euskaraz, baina gaizki hitz egiten dut». Ondotik aise erantzuna: «Ona da horrela hitz egitea; txarrena ez hitz egitea da». Zailtasunez: «Lanean, batzuek ez daukate pazientziarik nirekin». Zapalkuntzaz: «Guk monjetan ikasi genuen, eta zigortu egiten gintuzten euskaraz hitz egiteagatik». Baina baita aukerez ere: «Beste herri batzuetatik etorritakoek esaten digute: ‘Zarautzen, asko egiten duzue euskaraz’». 

Euskaraz eroso

AEKren Nazio Kontseiluko kide Aize Otañoren esanetan, zera izan da mintzodromoen helburua: «Euskal Herri osoan ahalik eta euskara gehien entzutea». Badauka lotura AEKren beraren xedearekin ere: Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea; hots, herritarrak «ahalegin berezirik egin gabe» izango dituela euskara eroso erabiltzeko baldintzak, eta euskaraz hitz egiteagatik ez dela sentituko ez deseroso ez baztertua. «Mintzodromo hauekin, baldintza hau betetzen dutenak eremu batzuk sortu nahi ditugu: euskara eroso erabili ahal izatea, baztertua sentitu gabe. Herritar askok ez daukate aukerarik egunerokoan euskara eroso erabiltzeko, eta, mintzodromoen bidez, eremu hori eskaini nahi izan diogu herritarrari».

«Herritar askok ez daukate aukerarik egunerokoan euskara eroso erabiltzeko, eta, mintzodromoen bidez, eremu hori eskaini nahi izan diogu herritarrari»

AIZE OTAÑO AEKko Nazio Kontseiluko kidea

Beste ideia bat ere nabarmendu du: egitasmoa Korrikaren hamabigarren egunaren bueltan antolatu dutela. «Korrika ez da amaitzen 11 egunetan: 11 egun horietatik haragoko konpromisoa beharrezkoa da euskarari begira». Eta ekarpena egin nahi izan du AEKk: «Eskolak ematen ditugu, eta horregatik eskaini genuen eskola bat doan; Praktikatu zerbitzua ere badaukagu, mintzapraktikarako egitasmoak antolatzeko, eta mintzodromoekin hori eskaini nahi izan diogu Euskal Herriari». 

Orain, ekainaren 13ra begira jarrita daude: Euskalgintzaren Kontseiluak ordurako antolatu du Euskaltzaleon Martxa, Iruñean. «Korrika beste pizkunde baterako txinparta izatea nahi genuen, eta uste dut nolabait lortu genuela Korrikak iraun zuen bitartean txinparta hori piztea. Hamabigarren egunarekin, txinparta hori ez itzaltzea eragin nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA