Datorren ikasturtetik aurrera, guztientzat «ia doakoa» izango da euskaltegietan A2 mailan matrikulatzea; hain zuzen, egun 310 euro ordaintzen dituenak 70 ordaindu beharko ditu, Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker. Atzo iragarri zuen Jaurlaritzak.
Euskalgintzaren aldarri historikoa da doakotasuna; alegia, dirurik aurreratu behar ez izatea euskara ikasteko, eta maila gainditu beharrik ez edukitzea ikastaroak doan izateko. Jaurlaritza pixkanaka-pixkanaka ari da doakotasunerako bidea urratzen. Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxearen hitzetan, «urteak» daramatzate «doakotasunaren aldeko apustua» egiten, HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen bidez, eta, haren irudiko, fruituak ematen ari da.
Izan ere, iragarri berri dutena ez da doakotasunera bidean egindako urrats bakarra: joan den irailetik, «doakoa» da A1 maila, eta %20 igo dira matrikulazioak; gainera, aurreko ikasturtean laguntzak ezarri ziren C1 maila ikasi nahi duten 16 eta 18 urte bitartekoek «doan» ikasi ahal izateko, eta %73 igo da matrikula kopurua. Bengoetxea gustura dago egindako apustuarekin: «Hizkuntza jakitea eta ikastea da Eusko Jaurlaritzak indartu nahi duen esparru bat, arlo sozioekonomikoarekin, arlo digitalarekin, giza harremanekin eta prestigioarekin batera».