Eusko Alkartasunak azaroaren 28an eta 29an egingo du XV. Ohiko Biltzar Nazionala

Batzarrean, idazkari nagusi berria aukeratuko dute, Blancok iragarria baitu ez dela berriz aurkeztuko. Txosten politikoa eta estatutu txostena ere onduko dituzte.

Eusko Alkartasunak 2022ko azaroan egindako ezohiko biltzarra. JAVIER ZORRILLA / EFE
Eusko Alkartasunak 2022ko azaroan egindako ezohiko biltzarra. JAVIER ZORRILLA / EFE
Iosu Alberdi.
2026ko apirilaren 24a
10:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Alkartasunak iragarri du noiz izango den alderdiaren XV. Ohiko Biltzar Nazionala: azaroaren 28an eta 29an. Aldaketak ekarriko ditu bilkura horrek, urtarrilean egungo idazkari nagusi Eba Blancok azaldu baitzuen alderdiko zuzendaritza uzteko asmoa zuela. Batzarrera iristeko prozesua abian dute jada, eta, hartan, txosten politikoa eta estatutu txostena ere eztabaidatu eta onartuko dituzte.

Eba Blancok EAko buru moduan egindako bigarren agintaldia amaituko du azaroan. 2019an izendatu zuten idazkari nagusi, Pello Urizarrek dimisioa eman ostean, eta 2022an ere babestu zuten, ohiko biltzar batean eta ezohiko beste batean. Blanco Eusko Legebiltzarreko kide da 2012tik, eta parlamentu hartako mahaiko presidenteordea ere bai 2016tik; lehen presidenteordea izan zen XI. legealdian, eta bigarrena XII.ean eta egungoan.

2019tik hona, alderdiaren ibilbidea gorabeheraz betea izan da, zuzendaritzaren eta ildo kritikoko ordezkarien arteko etengabeko talken ondorioz. Ildo politikoari dagokionez, EH Bilduren barruan EAk izan beharreko rola dago desadostasun horien oinarrian, baina ez da hori izan eztabaida arretagune bilakatu duena. 2019an, alderdiko primarioetan, Hauteskunde Antolaketako Batzordeak lehiatik kanpo utzi zuen Maiorga Ramirez kide kritikoen burua, ebatzita Ipar Euskal Herrian ez zituela nahikoa babes lortu, eta erabaki hark bide eman zion batetik bestera jauzika ibili den prozesu judizial luze bati.

Urtarrilean, bere erabakiaren berri ematean, Blancok auzi horiei lotutako berri bat ere eman zuen: Arabako Probintzia Auzitegiak atea itxi ziola ildo kritikoko kideek 2019ko primarioak berri egiteko aurkeztutako eskaerari. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi bazuen ere Ramirezen «oinarrizko eskubideak» urratu zirela prozesu hartan, EAren esku utzi zuen barne araudia ebazpenean adierazitakora egokitzea.

Alderdiak estatutuak aldatu zituen 2022ko Biltzar Nazionalean, eta zuzendaritza hautatzeko modua egokitu; batzar horretan aukeratzen dute orain idazkari nagusia. Erabaki hori ere ezohiko biltzar batean berretsi behar izan zuten, bilkura hari kritikoek jarritako helegitea zela medio. Behin formula aldatuta, eta auzitegiek haren kontra egin ez dutela ikusita, urtarrilean amaitutzat jo zuten prozesu judizialek baldintzatutako bidea. «Pozik joango naiz jakinda akatsak ere egin ditugun arren funtsean gauzak ondo egin ditugula, eta alderdia zama askotatik libre utzi dugula, baita alde judizialetik ere», esan zuen Blancok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA