«Komunitate gisa geure burua ezagutzeko aukera ematen diguna zaindu eta indartu behar dugu, nortasuna ere ongizatea baita». Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak hitz horiekin aurkeztu du Kultura eta Hizkuntz Politika Sailari dagokion aurrekontu proposamena. Hain zuzen, 105,1 milioi euro jarri nahi dituzte 2027an, euskararen ezagutzan eta erabileran «jauzi kualitatibo bat» egiteko; 2026an baino %12,4 gehiago.
Eusko Jaurlaritzak gaur ekin dio aurrekontuak Eusko Legebiltzarrean aletzeari, eta seguruena aurrera aterako dira, erakunde horretan gehiengoa baitaukate EAJk eta PSE-EEk; EAEko gobernuko bi kideek, alegia. Asteazkena bitarte, sailaren lehentasunak zeintzuk diren eta dirua zertarako erabiliko duen azalduko du sailburu bakoitzak.
Ikusi gehiago
Bada, 442,8 milioi eurokoa izango da Kultura eta Hizkuntz Politika Sailaren aurrekontua: %7 gehiago. «Sail honen historiako aurrekonturik handiena da», nabarmendu du Bengoetxeak: «Kulturarako, euskararako eta kirolerako baliabide zuzenak %32 handitu dira legegintzaldian», gehitu du. Hala ere, argi utzi du langile gastuak ez dituztela kontuan hartu.
«Egiturak indartzen ari gara, profesionalei laguntzen eta aukerak zabaltzen, kultura, euskara eta kirola pertsona gehiagorengana irits daitezen. Hori ere Euskadiren ongizatean eta etorkizunean inbertitzea da», azpimarratu du Bengoetxeak. Horiek horrela, Hizkuntza Politika arloak 105,1 milioi euro izango ditu: %12,4 gehiago. «Hazkunde hori sailaren batez bestekoa baino %77 handiagoa da», sailburuaren arabera.
«Egiturak indartzen ari gara, profesionalei laguntzen eta aukerak zabaltzen, kultura, euskara eta kirola pertsona gehiagorengana irits daitezen. Hori ere Euskadiren ongizatean eta etorkizunean inbertitzea da»
IBONE BENGOETXEAEusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politika sailburua
Besteak beste. HABEk 69,6 milioi euro jasoko ditu, %8,9 gehiago, ikaskuntzaren doakotasunerantz aurrera egiteko, euskaltegiak finantzatzeko eta irakasleen baldintzak hobetzeko. Jauzia Gara prozesuak, berriz, 26,9 milioi euro izango ditu, euskara lanera, aisialdira eta bizitza garatzen den esparruetara eramateko. Horietatik 6,26 milioi lan mundura bideratuko dituzte Lanera, Lanhitz eta Bikain programen bitartez; eta 1,87 milioi, Aisialdia egitasmora. Horretaz gain, Ate Berriak programa jarriko dute abian, euskara migratzaileengana hurbiltzeko. Bestalde, III. Euskal Mundu Biltzarra egingo dute, eta 11,7 milioi euro bideratuko dira euskarazko hedabideetara, 2,6 milioi hizkuntza teknologietara eta 1,5 milioi Euskaltzaindira. EITBri dagokionez, 212 milioi euro jasoko ditu: %5,3 gehiago.
EAJren eta PSE-EEren ordezkariek Bengoetxeak aurkeztutako aurrekontuen alde egin dute. Baina, EH Bilduk ez dauka hain argi: Josu Aztiria legebiltzarkideak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak «aurrekontuen %0,5 baino ez» du bideratuko hizkuntza politiketara. «Katalunian %2 bideratzen dute», aurpegiratu die agintariei. Aurkeztutako kontuek «elementu positiboak» badituztela aitortu du Aztiriak: besteak beste, aisialdi antolatuari, lan munduari eta etorkinen integrazioari dagokienez.
Hala ere, «egitasmoa behar bezala beteko den» zalantzan jarri dute subiranistek. Izan ere, «ikaskuntzaren doakotasunean ez dago konpromiso zehatzik, eta diru laguntzek behera egin dute», kritikatu du EH Bildukoak. Euskarazko komunikazioa «ETBtik haratago» doala ere azpimarratu du Aztiriak. Horiek horrela, «epe luzeko apustu sendo bat» faltan bota du, hizkuntz politika arloan. Bitartean, PPk eta Voxek «ideologiaz betetako aurrekontutzat» jo dituzte hizkuntz politikakoak.
Euskal kultura, mundura
Kultura arloak 93,2 milioi euro izango ditu 2027an: %7,4 gehiago. Horietatik kultura sustatzeko programak 53,8 milioi izango ditu, 2026an baino 4,9 milioi gehiago, eta sektore profesional guztiek baliabide gehiago izango dituzte. Ikus-entzunezkoetan izango da igoerarik handiena: 16 milioi, %17,5 gehiago. Eta 25 milioira iritsiko da EITBren ekarpenarekin. Hori horrela, 12 milioi izango dira ekoizpenerako, euskarazko ekoizpenei protagonismo berezia emanez; eta bi deialdi berri egingo dituzte zinema aretoetarako eta laborategietarako. Zinemaldiak 1,75 milioi euro jasoko ditu 300.000 euro gehiago, bere 75. urteurrenean.
Musikarako 15,5 milioi jarriko dituzte, eta arte eszenikoetarako, 4,5 milioi. Abesbatzentzat, euskal dantzentzat eta bertsolaritzarentzat, berriz, milioi bat jarriko dute.
Kultur ondareari dagokionez, 39,4 milioi euro jarriko dituzte; horietatik 20,4 milioi, Euskadiko Museoen Sistemarako. Kultur Ondarea Digitalizatzeko Laborategi Esperimentala ere bultzatuko dute, Teknikerrekin lankidetzan; Bilboko Arte Ederren Museoa handituko dute, eta Donostiako Miramar jauregia eta Gasteizko Principal antzokia birgaitu.
Bitartean, Etxepare Euskal Institutuak 5,2 milioi euro jasoko ditu, euskara eta euskal kultura munduan proiektatzeko. Esther Ferrer Katedra sortuko dute Parisko (Frantzia) Sorbona unibertsitatean, eta Euskara Mundua programa indartuko dute. Etxeparek gidatuko ditu, halaber, 2028ko Veneziako (Italia) Bienalerako lanak.
«Euskadi aktiboagoa eta osasungarriagoa»
Jarduera Fisikoa eta Kirola arloak 15 milioi euro izango ditu: %8,1 gehiago. Diru horretatik, 4,6 milioi jasoko dituzte goi mailako kirolek, eta 4,5 milioi erabiliko dira jarduera fisikorako, kohesiorako, berdintasunerako eta inklusiorako tresna gisa. Azken sail horretan sartzen dira Usurbilgo (Gipuzkoa) Orbeldi urtegian ur bizietako kanala jartzeko egitasmoa, eta Irungo (Gipuzkoa) Txenperenea inguruan kirol azpiegiturak jartzekoa. Bestalde, 885.000 euro erabiliko dituzte jarduera fisikoa eta osasuna sustatzeko. Horrez gain, euskal federazioek egoitza berria izango dute Bilbon.